EBren eta Mercosurren akordioa eten du Europako Parlamentuak, auzitara eramanda

EBko Justizia Auzitegiak gehienez bi urteko epean erabaki behar du hitzarmenak bat egiten ote duen Batasunaren legeekin. Ezkerreko hainbat diputatuk aurkeztutako mozioa onartu du parlamentuak.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Estrasburgon, gaur. YOAN VALAT / EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Estrasburgon, gaur. YOAN VALAT / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 21a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Parlamentuak Europako Batasuneko Justizia Auzitegira bidali du EBren eta Mercosurren arteko merkataritza librerako akordioa. Hamar botoren aldea baino ez da egon. Auzitegiak aztertu beharko du ea akordioa EBko itunekin bateragarria den. Epaileek eskaera tramiterako onartzen badute, hemezortzi eta 24 hilabete arteko epea izango dute ebazpen bat kaleratzeko, eta erabaki bat hartu arte Europako Parlamentuak ezingo du akordioa berretsi.

Aldeko 334 botorekin, kontrako 324rekin eta 11 abstentziorekin egin du aurrera ezkerreko eta berdeen taldeetako hainbat parlamentarik aurkeztutako mozioa —eskuin muturrarena, aldiz, atzera bota dute, nahiz eta funtsean antzekoak izan bi eskaerak, ñabardura esanguratsu batzuekin—. Ez da boto batasunik egon, eta taldeetan aldekoak zein kontrakoak egon dira.

Euskal Herriko parlamentarien artean, EAJko Oihane Agirregoitiak aurka bozkatu du, gauza bera egiten dute Idoia Mendia eta Elena Santxo sozialistak, eta PPko Javier Zarzalejosek eta Antonio Lopez Isturizek. EH Bilduko Pernando Barrenak ez du bozketan parte hartu, laneko baja hartua baitu.

Onartutako mozioarekin, parlamentuak kezka agertu du akordioak «berrikuntza mekanismo» batzuk jasotzen dituelako, zeinak Mercosur osatzen duten herrialdeei —Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai— aukera emango dien EBri presioa egiteko lege batzuk aldatzeko, bereziki ingurumenekoak, eta elikaduraren eta osasunaren alorrekoak. Gainera, kalte ordainak eskatu ahal izango dituzte EBko lege edo politikek euren esportazioei kalte egiten badiete.

Onartutako mozioak, era berean, kritikatzen du ituna EB osatzen duten herrialdeen parlamentuen babesik gabe hartu dela. Horren harira, gogoratu du testuak bi zati dituela. Lehengoa, lankidetza akordioa, EBko estatu guztien onarpena behar duena. Eta bigarrena, merkataritzako barne akordioa, zeina azkar aplikatu daitekeen parlamentuetan onartu gabe. Horregatik, EBko Justizia Auzitegiari eskatu diote akordioa EBko legeekin bat datorren ala ez ebazteko. Funtsean, mozioa babestu dutenen helburua zera da, herritarrek eta parlamentuek euren iritzia eman ahal izatea akordioari buruz.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, halako eskaerak ebazteko batez beste 18 eta 24 hilabete behar izaten dituzte epaileek, baina «egoerak hala eskatzen duenean» aurreratu egin dezakete erabakia.

Ituna negoziatzeko 25 urte behar izan dituzte, eta joan den larunbatean izenpetu zuen Von der Leyenek, Paraguain. 

Batzordearen porrota

Parlamentuko emaitza porrot handia da Europako Batzordearentzat eta akordioa babestu duten herrialdeentzat. «Mundu osoan zenbat eta bazkide komertzial gehiago izan, orduan eta independenteagoak izango gara. Eta horixe da, hain zuzen ere, orain behar duguna», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bozketaren aurretik eginiko adierazpenetan.

Bernd Lange Parlamentuko Nazioarteko Merkataritza batzordeko presidenteak bozketaren emaitza gaitzetsi du. «Erabat arduragabea da. Geure buruari sartutako gol bat da», argitaratu du X sare sozialean. Langeren ustez, EBren eta Mercosurren akordioaren aurka daudenek kontrako botoa eman beharko zuten parlamentuko bozketan, «lege berrikuspen baten aitzakian luzapen taktikak erabili beharrean». «Oso kaltegarria da gure interes ekonomikoentzat eta gure jarrerarentzat. Europa jokoz kanpo jartzea da».

Pozik agertu dira, berriz, itunaren aurka gehien egin duen sektoreko ordezkariak, nekazarienak. «Harro egon behar dugu. Badira hilabeteak eta urteak gai honekin gabiltzala», esan du Quentin Le Guillousek, Frantziako JA laborari gazteen sindikatuko idazkari nagusiak. Atzo bezala gaur ere, ehunka nekazari bildu dira Europako Legebiltzarraren Estrasburgoko egoitzaren kanpoaldean. 

Frantziako Gobernua izan zen joan den astean ituna berrestearen aurkako botoa eman zuten estatuetako bat, eta herrialde horretako diputatuek hitzarmena auzitara bidaltzearen aldeko botoa eman dute. Horiek horrela, gustura azaldu da Jean Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroa. «Frantziak ezetz esaten du beharrezkoa denean, eta askotan historiak arrazoia ematen dio», adierazi du, X sare sozialean.

Eta orain zer?

Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak esan du Europako Parlamentuaren erabakia «tamalgarria» dela, «ez baitu egoera geopolitikoa behar bezala interpretatzen». Auzitegiaren erabakiaren zain egon gabe ituna behin-behinean ezartzeko aukera aipatu du Merzek.

Auzitegiaren ebazpenik gabe, Europako Parlamentuak ezin dezake ituna berretsi, baina legez, Europako Batzordea ez dago behartuta berrespen horren zain egotera ituna behin-behinean aplikatzeko.

Baldintza bakarra da Mercosurreko herrialdeetakoren batek akordioa berrestea. Ituna ez dute berretsi oraindik Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik.

Hala ere, Batzordearentzat zaila litzateke behin-behineko ezarpen hori EBko herrialdeen gutxieneko babesik gabe. Eta hor Merz-en iritzikoek parean edukiko dute Macron. Hain zuzen, bihar bilduko dira EBko gobernuburuak, Donald Trumpek Groenlandiarekin sortutako gatazkaz hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.