Merkataritza eremu libre bat lortzeko negoziazioa hasiko dute EBk eta AEBek

Negoziazioak ekainean abiatuko dituztela iragarri du Manuel Durao Barrosok Bruselan, eta Barack Obamak WashingtonenMerkataritzaren jokalekua aldatuko luke munduan bi ekonomia handienen akordioak

xabier martin
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Munduko bi botere ekonomiko handienek are handiago eta boteretsuago izan nahi dute, eta xede horrekin, bien arteko merkataritza eremu librea lortzeko negoziazioak abiatuko dituzte ekainean. AEBen eta EBren merkataritza harremana sakona eta askotarikoa da egun, munduko beste edozein botereren artekoa baino handiagoa; baina harreman horretan liberalizazioan urrats gehiago egitea lortuko balute —nahiz eta merkataritza librerako akordio petoa ez izan—, mundu osoko merkataritzaren egoera aldatuko lukete; beste jokaleku bat eraikiko litzateke.

«Hazkunde eta enplegu motor» bihurtu nahi dute hala EBk nola AEBek balizko akordioari esker. «Mugarri bat litzateke munduko bi ekonomia handienentzat», esan zuen atzo Jose Manuel Durao Barrosok, Bruselan. Europako Batzordeko presidenteak Karel de Gucht Merkataritza komisarioarekin batera eman zuen ekinaldiaren berri; aldi berean Barack Obama AEBetako presidenteak negoziazioak hasiko zirela azaldu zuen Atlantikoaren beste aldean, Batasunaren egoerari buruzko eztabaidan. «Atlantikoaren bidezko merkataritza aske batek ongi ordaindutako AEBetako milioika lanpostu mantentzen ditu», esan zuen Obamak; baina ez zuen azalpen gehiagorik eman Batasunaren inguruko eztabaida jarraituan. Barrosok esan zuen akordio «anbiziotsua» dela; %0,5 igoaraziko omen luke urtean EBren hazkundea.

Oztopo ugari gainditzeko

Bide malkartsua eta oztopoz betea gainditu beharko du adostasunak, dena den; AEBek eta EBk komunean aldagai ugari dituzten arren, beste alor askotan oso irizpide eta jarduera desberdinak baitituzte. «2015erako itxita egotea izango litzateke egokiena», esan zuen Karel De Gucht komisarioak. Negoziaziorako epe «egoki» horrek akordioaren zailtasunaren neurria ematen du.

Hala eta guztiz ere, Obamaren administrazioak eta EBekoak apustu argia egin dute bien arteko merkataritza eremu librearen alde; 3,7 bilioi euroko merkataritza harremana litzateke, izan ere. Jadanik munduko harreman ekonomiko estuena dute gaur egun, ondasun eta zerbitzu atalean bilioi bat dolarretako balioarekin eta bi bilioi dolar baino gehiagoko inbertsioei esker. Esaterako, Asian dituzten inbertsioak halako hiru dituzte Europan AEBek. EBeko 27ek, berriz, Txinan eta Indian batera dituzten inbertsioak halako zortzi dituzte AEBetan. Eurostaten arabera, EBk AEBekin duen superabitak gora egin zuen iazko urtarriletik abuztura, 56.100 milioi euro arte; 2011ko epe berean 46.100 milioikoa zen.

Atlantikoaren alde bietako potentzien aliantzaren logikaren aldekoak dira datu horiek guztiak. Kasik munduko barne produktu gordinaren erdia ordezkatzen dute biek batera, ez alferrik. Haatik, merkataritzarako eremu libre hori gauzatzea logikatik kanpo egon daitekeela dioten beste erakusle batzuk ere badira; kasurako, Brusela eta Washingtonen arteko liskar etengabea aeronautikaren sektorean. Airbus eta Boeing erraldoien arteko lehia bizi-bizirik dago. «Ez dago eztabaida mahaian», erantzun zuen atzo De Guchtek, kazetariek sektore horri buruz galdetu ziotenean. Baina, gainera, orokorrean badira beste oztopo batzuk, «muga zergekin lotuak» batik bat, De Guchten esanetan. Produkzioen «araudi teknikoak, estandarrak eta ziurtagiriak» aipatu zituen. «Denbora eta dirua» behar dute ziurtagiriek, eta komisarioak uste du «benetako aurreztea» egin daitekeela atal horretan.

Nekazaritzaren arantza

Nekazaritza da Brusela eta Washingtonen arteko desadostasunerako beste sektore bat. Genetika atalean aldatutako produktuak eta klonatutakoak merkataritza eremu horretatik kanpo geratuko lirateke. Produktu transgenikoen inguruan irizpide desberdinak daude, oro har, Atlantikoaren alde batean eta bestean.

Dena den, «akordio orekatua» lor daiteke nekazaritzaren sektorean; hala uste du behintzat Durao Barrosok. «Adierazle geografikoak» dituzten produktuen inguruan eta «berezitzat» jotzen diren beste hainbatean negoziazio on bat lortzea «oinarrizkoa» izango dela uste dute EBko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA