Gipuzkoako Merkataritza Ganberak merkatuen dibertsifikazioa jarri du berriro ere enpresen lehentasunen artean. Azpimarratu du lehiakortasuna bermatzeko eta etorkizuneko ziurgabetasunei aurre egiteko ezinbestekoa dela jarduera ekonomikoa Europako Batasunetik harago hedatzea.
Ganberaren azken inkestaren arabera, gero eta enpresa gehiago ari dira hori egiten. Indarra hartzen ari diren merkatuen artean honako hauek nabarmendu ditu ganberak: Ekialde Hurbilekoa, Indiakoa, Mexikokoa eta Marokokoa. «Enpresak animatu nahi ditugu beren jarduera dibertsifikatzen jarrai dezaten; merkatu berriek aukera ugari eskaintzen dituzte, eta emaitza itxaropentsuak lortzen ari dira», adierazi du Mauricio Arregi ganberako presidenteak.
Azken datuek norabide hori berresten dute: urtarriletik abuztura Gipuzkoako esportazioak %2,4 handitu dira, eta igoerarik handiena Asiako eta Ozeaniako merkatuek izan dute; %29,7koa eta %17,5ekoa, hurrenez hurren. Arregiren arabera, «datu horiek erakusten dute enpresen ahaleginak fruituak ematen ari direla eta nazioarteko presentzia sendotzen ari dela».
Hala ere, Ganberak ohartarazi du testuinguru ekonomikoa ez dela erraza: Europako merkatuaren ahultasuna, AEBetako muga zergek eragindako tentsioa eta Txinaren lehiakortasun gero eta handiagoa jarri ditu enpresen kezka iturri nagusien artean.
«Gehiegizko burokratizazioa»
Badago beste faktore bat: «gehiegizko burokratizazioa». Inkestako datuetan oinarrituta, Arregik azpimarratu du enpresa askorentzat traba handia dela. «Tramite konplexuak lehiakortasuna murrizten dute». Horren inguruan, adierazi du administrazioak «ekosistema arinago eta eraginkorrago baten alde» egin beharko lukeela, «inbertsioa eta nazioartekotzea errazteko».
Oztopoak oztopo, 2025erako aurreikuspenak «baikorrak» dira: enpresen %42k adierazi dute «jarduera egonkorra» espero dutela urtea amaitu bitarte; eta 2026rako, %53k «hobekuntza moderatua» aurreikusten dute.
Sektorekako bilakaerari dagokionez, zerbitzuak izaten ari dira hazkunderik handiena (%3,3), eraikuntzak %1,7 egin du gora, eta industriak, %1,6.
Enpleguaren arloan, urteko lehen bederatzi hilabeteetan %0,6 hazi da Gipuzkoan. 2026ra begira, enpresen %76k aurreikusten dute gaur egungo lantaldeei eutsiko dietela, eta %15ek handitu egingo dutela; soilik %9k iragarri dituzte murrizketak.
Â