Merkatuek baikor hartu dute AEBen eta Iranen arteko adostasuna, hauskorra izan arren

Brent upelaren prezioak %4 inguru egin du behera. Hala ere, oraindik galdera asko daude ostiralean Genevan sinatzekoak diren akordioaren inguruan.

Tokioko burtsako Nikkei indizea 69.000 puntuak gainditu ditu lehen aldiz, AEBen eta Iranen arteko akordioaren berri izan ostean. FRANCK ROBICHON / EFE
Tokioko burtsako Nikkei indizea 69.000 puntuak gainditu ditu lehen aldiz, AEBen eta Iranen arteko akordioaren berri izan ostean. FRANCK ROBICHON / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 15a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek Ormuzko itsasartea itxi zuenetik 105 egun igaro dira, eta bitarte horretan Donald Trumpek berrogei bat alditan esan du du akordioa berehala sinatuko zutela: «datorren astean», «hurrengo bi asteetan»... Iragarpen horiexek, beste faktore batzuekin batera, eutsi diote petrolioaren prezioari asteotan. Baina oraingoan badirudi baietz, ostiralean akordioa sinatuko dutela AEBek eta Iranek.

Hala ere, eta aurreko iragarpen guztiak gogoan, zilegi da pentsatzea ostiralera artean edozer gerta daitekeela eta horrek hankaz gora jar dezakeela adostasun ahula. Eta bestetik, beste behin, ez dago erabat argi memorandum horrek, bakerako akordiorako oinarri horrek, zenbateraino ekarriko duen egiaz bakea Persiar golkora. Merkatuetan ere, asko dira pentsatzen dutenak su etenaren luzapen bat dela beste ezer baino gehiago. Baina, hori bai, Ormuz zabalduko da.

Hala, merkatuek pozarren hartu dute adostasunerako memorandumaren iragarpena. Brent upelaren prezioak koska bat (-%4,70) egin du behera gaur, eta 83 dolarren inguruan salerosi da. Ez da gutxiagorako: Ormuzko itsasartea erabat zabaltzeak esan nahi du munduko petrolio ekoizpenaren %15 berreskuratu dezakeela munduak.

10.000

Itsasartea zabaltzean zenbat petrolio eta gas putzutan ekingo dioten berriz jardunari. AEBen eta Israelen erasoei erantzuteko Iranek Ormuzko itsasartea itxi zuenez geroztik, petrolioak eta gasak ezin zuten Persiar golkotik atera, eta ekoizpena geratu egin zen 10.000 bat putzutan. Orain berriz ekingo diote putzu horien jardunari, eta munduko petrolio produkzioaren %15 dagokie.

Gainera, itsasbidea zabalik izateak esan nahi du garestitutako hainbat salgairen prezioak —ongarriak, adibidez— apaldu egingo direla datozen asteetan. Era berean, baretu egingo dira inflazioa eta inflazioa handitzeko aurreikuspenak, eta banku zentralek eten egingo dituzte inflazioari aurre egiteko interes tasak igotzeko beren asmoak. Baikortasuna itzuli da inflazioaren eta eskasiaren beldur ziren hainbat merkatutara.

Galderak

Dena ondo badoa eta ostiralean Genevan (Suitza) memoranduma sinatzen badute, Ormuz zabalik geratuko da petroliontzi, gasontzi eta abarrentzat. Gaur bertan, Trumpek esan du ontziak itsasartea zeharkatzen ari direla dagoeneko.

Baina, hala ere, galdera askoren erantzuna argitzeko dago oraindik ere, eta horrek eragina izan dezake prezioetan. Galdera nagusia agerikoa da: dena ondo badoa, zenbat denbora beharko da AEBen eta Israelen erasoaren aurreko martxa berreskuratzeko?

Lehendabizi, ikusi beharko da zenbat denbora beharko den pasabidetik minak kentzeko. Krisiak iraun duen bitartean, batez ere azken asteetan, petrolioz betetako ontzi batzuk itsasartetik igaro dira, baina Omango kostatik oso gertu pasatu dira, ez ohiko bidetik.

Minak itsasartetik kenduta ere, petroliontzi eta gasontzi handiek denbora beharko dute Persiar golkora iristeko. Dirudienez, hori ez da arazo izango. Greziako itsasontzi enpresa nagusiek golkotik lauzpabost egunera hainbat ontzi zituzten dagoeneko, Trumpen iragarpenak noiz beteko zain, aukera ez galtzeko. Genevako memoranduma sinatuta, aseguruak ere ez lirateke arazo izan behar, eta beraz, espero daiteke epe nahiko laburrean petrolio eta gas kopuru handiak igarotzen hasiko direla itsasartetik.

QATAR IRAN ISRAEL CONFLICTS
Qatargo Ras Laffan da gas natural likidotua ekoizteko munduko gunerik handiena. Kalte handiak jasan zituen martxoaren 18an, Iranek egindako eraso baten ondorioz. HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Eragozpenak

Ikusi beharko da, hori bai, zenbateraino dauden kaltetuta Irango eta beste herrialde batzuetako —Saudi Arabia, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Oman...— petrolio eta gas azpiegiturak: putzuak, oliobide eta gasbideak, findegiak...

Dirudienez, haietako batzuk konpondu ahal izan dituzte apirilaren 8tik aurrerako su eten hauskorrak iraun duen bitartean. Dena den, instalazio batzuek hilabeteak beharko dituzte krisi aurreko ekoizpen mailara itzultzeko; horietako bat da Ras Laffan, Qatarren, gas natural likidotua ekoizteko munduko gunerik handiena.

Badago beste aldagai bat petrolioaren prezioetan eragina izan dezakeena: Iranek eta Omanek jarriko al dute bidesaririk Ormuzko itsasartean? Ezetz diote AEBek, baina Iranek zergak aipatu ditu, «nabigazio zerbitzuetarako, ingurumenaren babeserako, ontzien aseguruetarako eta beste zerbitzuetarako zergak».

Israel

Bestalde, beti gerta daiteke memorandumera ez iristea edo akordioan jasotakoak behar bezala ez betetzea. Eta horretan zeresan handia izan dezake Israelek. Libanotik ez du joan nahi, nahiz eta hori oinarrizkoa izan Iranentzat akordioa sinatzeko.

Kezka egon badago; izan ere, Benjamin Netanyahuk hankaz gora jar dezake igandean lortutako adostasun hauskorra, eta, hala, arriskua dago Ormuz berriz ixteko eta merkatuen baikortasuna belzteko.

270 milioi eurotik gora Hego Euskal Herrian

Ormuz itxita egon den aldiak 200 milioi euroko kostua ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat. Kopuru hori Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eman du gaur: «Euskadi 200 milioi euro pobreagoa da Ormuzko itsasartea itxi zelako. Beraz, hura zabaltzeak lasaitasuna dakar guztiontzat».

Hala ere, «zuhurtziaz jokatzeko» beharra aipatu du, «aurretik ere izan direlako gero bete ez diren iragarpenak». Jauregiren arabera, «bizi dugun munduaz kontzientzia hartzeko» balio dezake gertatutakoak; izan ere, sailburuaren ustez, «ziurgabetasuna ez da desagertuko, bere horretan jarraituko du».

«Gure herria kanpoko kolpeen aurrean erresilienteagoa izateko lanean jarri behar dugu fokua», gaineratu du.

Nafarroan ere izan du kostua gatazka honek. Foru Gobernuak 70 milioi euroko laguntzak eman ditu krisiaren inpaktua leuntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE