Merkatuek jaitsiera izan dute Bayrouren konfiantza mozioa dela eta

Frantziaren arrisku sariak koska bat egin du gora, eta Frantziako entitateen akzioetan pisuzko galerak izan dira.

François Bayrou atzoko agerraldian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
François Bayrou atzoko agerraldian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 26a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako blokeo egoeraren ispilua izaten ari dira gaur finantza merkatuak. Burtsak %2 inguruko galerekin hasi du eguna, bezperan %1,5 erori ostean, eta herrialdearen arrisku sariak gorakada izan du: 76 oinarrizko puntura iritsi da, apiriletik ikusi gabeko mailara.

Axa, Societe General eta BNP Paribas entitateen akzioek %6ren inguruko beherakadak izan dituzte, eta Barclaysen akzio saski bat %4 inguru erori da, Frantziako barne arriskuak eragin handia izaten baitu akzio horietan. 

Bayrou lehen ministroak deitutako konfiantza mozioak, hark aurrera ateratzeko dituen aukera eskasek eta, batez ere, Frantziak bere zor handia murrizteko ezintasunak kezka sortu diete inbertsiogileei eta merkatuei. 

Aurreko lehen ministroak, Michel Barnierrek, 90 egun baino ez zituen egin bere karguan, eta badirudi Bayrouren agintaldia zortzi hilabetera mugatuko dela. Aurrekontua aurrera ateratzeko jokaldia egin zuen atzo lehen ministroak, eta konfiantza mozio bat aurkeztu zuen oposizioak zentsura mozioak aurkeztu aurretik.

15142746
Emmanuel Macron eta François Bayrou, artxiboko irudian. LUDOVIC MARIN / EFE

Konfiantza mozio horretan gehiengorik lortzen ez badu, erori egingo da Bayrouren gobernua. Eta oposizioko alderdi nagusien erantzuna ikusita, gobernuak oso zail izango du irautea.

Gobernuak ez du, dena den, etsipenik agertu nahi, eta Eric Lombardek karta indartsu bat erakutsi du: beldurrarena. Izan ere, gaur esan duenez, irailean gobernua erortzen bada, bada arriskurik Nazioarteko Diru Funtsak esku hartu behar izateko. «Arrisku hori dugu finantza egoera okertuz gero. Guk arrisku hori saihestu nahi genuke, baina ezin dizut esan ez dagoenik», esan du France Inter irratian.

Zorpetzea garestiago

Kontua da atzoko iragarpenarekin zorpetze kostuek beste koska bat egin dutela gora Frantziarentzat.

Herrialdearen arrisku saria —10 urterako Frantziaren zorrari merkatuak eskatzen dion interesa Alemaniakoarekin alderatuta— handiagoa da gaur egun Espainiako, Portugalgo eta Greziako arrisku sariak baino, eta gero eta hurbilago dauka Italiakoaren maila, soilik 8 puntura.

Italiako zorraren gaineko arrisku saria da gaur egun handiena Europan, 80 puntu ingurukoa. Eta orain Frantziakoa gerturatzen ari zaio. Askok espero dute bi asteren buruan Frantziaren arriskua gorago kokatuko dela.

Aldiz, dezente apalago daude Espainiaren, Portugalen eta Greziaren arrisku sariak. Izan ere, 2010-2012 urteetan herrialde haiek pairatutako zor krisi handiek eta haiei erantzuteko austeritate neurriek sekulako gorakadak eragin zituzten hiru herrialdeen arrisku sarietan, bere burua finantzatzea izugarri zailduz.

Baina denborarekin apalduz joan dira, Italiaren eta Frantziaren sarien azpitik jartzeraino. Horren adibide da Espainiako arrisku saria: 2012ko udan, 640 puntukoa zen, eta gaur egun, berriz, 56 puntukoa.

43.800

Bayrouren murrizketak milioi eurotan Datozen lau urteetan Frantziako Gobernuak 43.800 milioi euro murriztu nahi ditu urtero aurrekontuak, defizit publikoa beheititzeko —barne produktu gordinaren %5,8an zen iaz—; 2029rako eduki nahi du defizita Egonkortasun Itunaren %3ko mugaren azpitik.

Merkatuko analisten ustez, irailean Bayrouren gobernua erortzen bada, gutxitu egingo dira herrialdeak defizita kontrolatzeko eta zorra murrizteko aukerak. Atzoko Bayrouren agerraldiarekin eta oposizioko alderdien erantzunarekin, hori gertatzeko probabilitatea handitu egin da.

Irailaren 8ko konfiantza mozioaren ostean etorriko da irailaren 10eko geldialdia. Hainbat sindikatuk eta alderdik deitu dute protestara Bayrouk iragarritako murrizketen kontra egiteko. Irailaren 8an gertatzen dena gertatzen dela, mobilizazioak eta udazken politikoki beroa espero dute Frantzian.

Krisi politikoari, gainera, testuinguru ekonomiko zaila ere gehitu behar zaio: arrisku geopolitikoa, merkataritza gerra...

Horrez gain, kontuan hartu beharrekoa da Europak inbertsio handiak egin behar dituela hazkundea bultzatu eta barne merkatua indartzeko. Analistek bi abiadurako Europa bat ikusten dute, eta Frantziak, ez baditu bere finantzak txukuntzen, ezingo dio Alemaniaren abiadurari eutsi.

 

zorra erdigunean

Atzo, Bayrouk esan zuen konfiantza moziora deitu duela zorraren larritasunaz ohartarazteko. Baina inor gutxik jartzen du zalantzan du Frantziak arazo handia duela zorpetzearekin. Eztabaida zera da, nondik datorren zorpetze handi hori, eta nola banatu behar den, modu bidezkoan, zorpetzea murrizteko karga. 

Lehen ministroaren aurrekontuek aurreikusitako murrizketarako, zergak igo eta gastuak jaitsi behar ditu gobernuak. Proposatutako neurrien artean 2026an gastu publikoa izoztea dago, pentsioak eta lanpostu publikoen kopurua gutxituz adibidez. Diru sarrera handieneko norbanakoen gaineko beste zerga bat aurreikusten da. Eta baita 11 jaiegun ofizialetatik bi kentzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.