Ontzien joan-etorria ia erabat eten da Ormuzko itsasartean. Handik igarotzen da munduko petrolio ekoizpenaren bosten bat. Gainera, Iranen eta haren aliatuen erasoen ondorioz, Qatarko Ras Laffan gas natural likidotuaren instalazio erraldoia itxi dute —munduko produkzioaren %20—, eta Saudi Arabiako petrolio findegi nagusietako bat gelditu.
Hori ikusirik, pentsatzekoa litzateke energien merkatuek astinaldi bortitza jasango zutela, baina errealitatea bestelakoa da: prezioek gora egin dute, baina aurreko krisietan izandako igoeretatik oso urrun daude. Brent upela —Europan erreferentzia nagusia— 82 dolar inguruan kokatu da; igoera nabarmena da —%15 inguru AEBek Irani eraso egin ziotenetik—, baina marjina handia du oraindik ekonomiarentzat arriskutsutzat jotzen den preziora iritsi aurretik —ehun euro—.
Kezka handiagoa sortzen du gasak, eta bereziki Europan. Bertako merkatuetan %40 egin du gora haren prezioak, baina 2022an, Ukrainako gerrak sortutako energia krisian, zazpi aldiz handiagoa zen.
Burtsetan ere nabaritzen ari dira kolpea: Europakoak %5 inguru galtzen ari dira. Merkatuak adi daude, baina apustua egin dute, oraingoz: gatazkak ez du luzaro iraungo. Hori bai, krisia zenbait aste edo hilabete luzatuko balitz, orduan alarmak piztuko lirateke, hornikuntza kateei kalte egin diezaiekeelako eta inflazioa bizkortu dezakeelako. Hala ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak ere. Ohar labur batean adierazi du gatazkaren eragin ekonomikoa haren «tamainaren eta iraupenaren» araberakoa izango dela.
Ormuzen alternatibak
Hamarkadetan, Ormuzko itsasartea izan da petrolio analisten kezka iturri nagusietako bat. 1970eko krisietatik eszenatoki beltzen zerrendan ageri da beti. Gaur egun, handik pasatzen den munduko petrolio trafikoaren pisua txikiagoa bada ere, bost upeletik batek bide hori egiten du oraindik.

Hala ere, azken urteetan, eskualdeko ekoizle nagusiek zenbait alternatiba eraiki dituzte han gerta zitekeen edozein ezustekori aurre egiteko. Saudi Arabiak petrolioa lurretik garraiatzeko hoditeria dauka Persiar golkotik Itsaso Gorriraino, egunean bost milioi upel garraiatu ahal dituena. Arabiar Emirerri Batuek gauza bera egin dute, Omango golkoraino.
Azpiegitura horiek ez dute Ormuz guztiz ordezkatzen, baina, merkatuen ikuspegitik, arriskuak apaltzeko gai dira, Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak bere blogean berriki argitaratu duen artikulu batean azaldu duenez.
Haatik, AEBek eta haren aliatuek nekez eutsi ahal izango liokete itsasartearen blokeo luzeago bati. J.P. Morgan bankuaren kalkuluen arabera, pasabide hori 25 egunez itxita egongo balitz, Ekialde Hurbileko ekoizleek produkzioa murrizten hasi beharko lukete, eta horrek prezioetan jauzi handiagoa eragingo luke.
Petrolioa ez, gasa
Oraintxe bertan merkatuen kezka nagusia ez da petrolioa, gasa baizik. Gaur egun esportatzaile nagusiak ia ahal betean ari dira lanean. Europan, negu hotz baten ostean, biltegiak sasoiko batezbesteko minimoetan daude. Asian, berriz, Japoniak, Hego Koreak eta Taiwanek esan dute aste edo hilabete batzuetarako erreserbak dituztela, baina hornidura luzaroan etenda egongo balitz haiek ere presioa nabarituko luketela.
Hala eta guztiz ere, gaur egungo egoera ez da 2022koa, Ukrainako gerra hasi zenekoa. Orduan, gasaren prezioak marka historikoak hautsi zituen. Geroztik, aldaketa handi bat egon da: AEBek esportazio ahalmena izugarri handitu dute, eta gaur egun munduko gas likidotuaren lehen esportatzailea dira, Qatarren aurretik. Bestalde, Txinak bere baliabide propioak garatu ditu, eta Errusiatik hoditeriaz jasotako gas kantitatea handitu du.
Merkatuen lasaitasun erlatiboaren atzean, beraz, AEBek GNL gas natural likidotuaren merkatuan hartu duten rol berria dago, neurri handi batean. Hornidura globala estutzen denean, hango ekoizpenaren eta esportazioen bidez oreka berrezar daitekeela ikusi baita. Baina noiz arte eutsi ahal izango diote horri?
AEBetan, gasolinak azken hiru hilabeteetako preziorik garestiena du, eta Donald Trumpek arazo bat du inflazioari eusteko. Urte amaieran, agintaldi erdiko hauteskundeak egingo dira herrialdean. Trumpek berak adierazi du kanpaina militarra aste batzuk luzatzeko prest dagoela baina horretarako kostu energetikoak arintzeko plan bat martxan jarri beharko duela.
Kaltetu nagusiak
Ormuzko itsasartea itxi izanak Asiako herrialdeei eragingo die bereziki, eta nagusiki Txinari. Ormuztik igarotzen den petrolioaren %84 Asiara doa, Bloomberg agentziaren arabera. Txina da Irango petrolioaren erosle ia bakarra eta Persiar golkoko gainerako ekoizleen lehen bezeroa, Indiaren aurretik.Â
Gasari dagokionez, Txinak kontsumitutako gas likidotuaren %30 inguru Qatartik inportatu zuen iaz.Â
Indiak, berriz, mendekotasun handiagoa du, gas horniduraren erdia inguru Qatartik jasotzen baitu. Eta are egoera zailagoan dago Pakistan: iaz gas likidotuaren horniduraren %99 Qatartik esportatu zuen.Â
Europako Batasunari dagokionez, eragina ez da hain handia. EBn kontsumitzen den gas gehiena inguruko herrialdeetatik inportatzen du, hodien bidez, hala nola Norvegiatik eta Aljeriatik.Â
Errusiako inportazioak
izugarri murriztu ondoren —itsasontziz iristen da oraindik zerbait; Bilbora, esaterako—, Europa urruneko hornitzaileei gehiago erosten hasi da, batez ere gas likidotua. 2025eko azken hiruhilekoan, inportatutako gas natural likidotuaren %60 inguru AEBetatik inportatu zuen, eta %6 baino ez inportatu Ormuzko itsasartetik, zehazki Qatarretik.Â
Petrolioari dagokionez, EBk inportatzen duen gehiena ere ez dator handik, Norvegiatik eta AEBetatik baizik: erosketen ia heren bat iaz, Eurostaten arabera. Persiar golkoan Saudi Arabia eta Irak dira merkatu nagusiak —%14,5 hartzen dute biek—, eta Grezia eta Frantzia dira herrialde horien erosle nagusiak.
Â