Merkeli eta EBZri begira

Arazotan diren herrialdeen zorra erosteko programa zehaztu beharko luke EBZk etzi, baina oraingoz ez du Merkelen onespenikEBk euroaren geroa baldintzatuko duten erabakiei aurre egin behar die irailean

joxerra senar
Iruñea
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hasi da iraila, amaitu da merkatuen su-etena. Finantza usadioan abuztua hilabete arriskutsua izan ohi bada ere, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak duela hilabete pasa egindako adierazpen lasaigarriei esker, abuztua uste baino giro lasaiagoan joan da, baina lasaitasuna ez da betiko. Iraila hastearekin batera, Espainiako eta Italiako zorraren interes tasek berriro gorantz jo dute. Merkatuetako tentsioak, neurri handi batean, laster euroguneak helduko dien gaien garrantziari erantzuten dio. Agenda pil-pilean dago, eta egutegiari so egiterakoan, Alemaniara doaz begiradak, Frankfurten eta Berlinen daudelako krisiaren korapiloa askatzeko erantzun nagusiak; EBZren eta Angela Merkel kantzilerraren egoitzetan, hurrenez hurren.

Lehen zalantza nagusietako bat etzi hasi beharko litzateke argitzen. Uztailean, arrisku saria maila arriskutsuetara iritsi zenean, Draghik «edozer egiteko» eta «ezohiko neurriak»hartzeko prest zegoela adierazi zuen. Italiak eta Espainiak espresuki laguntza eskatu eta trukean baldintza lotesleak ezarriko lituzkeen ulermenerako memoranduma onartuz gero, erreskatearen aukerari ateak ireki zizkion.Etzi, EBZren gobernu kontseiluaren bileran, proposamen hori gehiago zehaztu beharko luke.

Izan ere, Draghik jada emandako hitza lausotzeko sakoneko borroka dago Europako botere gune nagusietan. Alemaniako Bundesbankek ez du etsi nahi. Arazotan diren herrialdeei ezarriko litzaizkiokeen baldintzei erreparatu gabe, kontzeptualki begi txarrez ikusten du zorra erosteko programa oro. Jada iazko udan EBZk Italiaren eta Espainiaren zorra erosteko programarekin ezadostasuna azaldu zuten Axel Weberrek eta Jurgen Starkek, eta dimisioa aurkeztu zuten. Kargua galdu arren, bataila irabazi zuten. Geroztik, EBZk ez du zorrik erosi.

Orain, Draghiri erronka botatzeko gertu dago Bundesbankeko egungo presidente Jens Weidemann. Berriki zorraren erosketak«menpekotasuna» eragin dezakeela eta «urdaileko mina» eragiten diola adierazi du.Zurrumurruen erdian, komunikabide alemaniarrek kaleratu dute Weidamannek, bere aurrekoen ildo beretik, dimisioa emateko asmoa duela baldin eta EBZk zorra erosteari ekiten badio.

Merkelen hautua

Alemaniako Gobernuko hainbat ministrok Bundesbanken tesiarekin bat egin dute, eta Angela Merkel kantzilerrak berak oraingoz babesa azaldu dio Weidemanni. Hala ere, oreka politikoaren haria oso fina da. Gutun bidez Draghik ohartarazi dio euroaren egonkortasuna jokoan dagoela etaAlemania dela Europaren batasunerako aingura nagusia. Atzo bertan, Draghik Europako Parlamentuan arrazoitu zuenzorra erostea beharrezkoa dela euroaren haustura ekiditeko.

Hala, EBZko gobernu kontseiluaren aurrean, Draghik Merkelen babesa jaso eta zorra erosteko programaren xehetasunak aurkezten baditu, lurrikara politikoa eragingo du Alemanian. Aitzitik, Draghik egiazki «edozer» egiteko ahalmenik ez duela egiaztatzen bada, Italia eta Espainia dardarka jar daitezke.

Erabakia edozein izanda ere, hurrengo astean Alemaniara begira jarriko dira berriz. Zorra erosteko funtzio erabakigarria jokatuko duen ESM funtsaren gainean ebatzi behar du Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak. Europako ituna urratzen duela ebatziz gero, arrisku saria amesgaizto bihurtuko da.

Beste erpin garrantzitsua Espainiako Gobernua da. Konfiantza galera etengabea du PPren exekutiboak. Europako bazkideen pazientzia ere amaitzen ari da. Batetik, finantza sistemaren egoeraren gainean emandako azalpenek ez dituzte bete ez Brusela, ez EBZ, eta ekainean hitzartutako finantza erreskatearen lehen zatia (30.000 milioi eurokoa) ez da oraindik iritsi. Bestetik, herrialdearen erreskatea gero eta gertuago dago. EBZ presio egiten ari zaio Raxoiri laguntza eskatu eta trukean baldintza gehigarriak onar ditzan. Halakorik ez dela gertatuko aldez aurretik esan du Raxoik, baina ondo daki are higadura politiko handiagoa eragingo diola, eta denbora irabazi nahi du. Testuinguru horretan, etzi Merkelek bisitatuko du Madrilen.

Grezia, troikaren zain

Ezin ahaztu Greziaz.Antonis Samaras lehen ministroak abuztuan Merkelekin bildu aurretik beste bi urte gehiago eskatu zituen, troikak —hots, EBZk, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak— ezarritako helburuak betetzeko. Bruselak aurreratu du ez dela behin betiko erantzunik emango, Greziaren betebeharren inguruko txostena jakin arte. Hain justu, troikaren ordezkaritza bat gaur ailegatu da Atenasera. Hainbat aste egongo da, eta hil amaierarako edo urrirako igorriko du txostena. Ezezkoa Grezia eurotik ateratzeko gonbita izan daiteke, eta drakmaren ezarpenak drama ekar dezake Europako hegoaldean.

Irailaren 12an, berriz, Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak etorkizuneko banku bateraturako lehen pausoa eman eta finantza sistema zaintzeko erreforma aurkeztuko du. Michael Barnier Finantza komisarioak eduki batzuk aurreratu ditu, baina beste behin ere, alemaniarrak kontra azaldu dira. Irailaren 14an Zipren Finantza ministroak biltzerako aurreikusi ahalko da euroa oztopoak gainditzen ari den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.