Autogintza ez dago bolada onean, eta, handiek eztula egiten badute, txikiek dardara sumatzen dute. Baliteke hori izatea Metal Group Smeltin & Precision taldeak hartu duen erabakiaren arrazoietako bat; izan ere, 139 langileri eragingo dien erregulazio txostena aurkeztu berri du. Kaleratze horiek Abadiñoko (Bizkaia) eta Legutioko (Araba) lantokietan egin asmo ditu. Azken horretako langileek greba hasiko dute urtarrilaren 7an.
Erregulazio txostenaren hasierako asmoa da Abadiñoko Lebario auzoko lantegia ixtea —48 langile— eta Legutioko lantaldearen bi heren kaleratzea —135 langile ditu, eta 91 kaleratu nahi ditu—. Enpresak argudiatu du erregulazioaren arrazoia bezero nagusiarekin duten «negoziazioa» dela, zeina oraindik ez baitute itxi. BERRIAk jakin ahal izan duenez, bezero hori Volkswagen taldea da. Sindikatuek, berriz, nabarmendu dute kaleratzeek ez dutela bermatzen enpresaren bideragarritasuna.
Euro baten truke saldua
Metal Group taldeak urte oso zailak izan ditu azkenaldian. Automoziorako piezak ekoizten dituen zazpi enpresako multzo bat da, eta 315 langile ditu. Iaz porrot egin zuen, eta, 50 milioi euro inguruko zorrari aurre egin ezin izan zionez, hartzekodunen konkurtsora jo zuen. Likidazioan zegoela, Meteorix Suitzako funtsak erosi zuen abuztuan, euro baten truke. Sindikatuek, dena den, salatu dute jabea berria izan arren zuzendaritzako kideak aurreko berak direla: «Enpresa hartzekodunen konkurtsora eraman zutenak».
Erregulazioak eragingo dien plantetako langileek borroka bide desberdinak hartuko dituzte orain. Legutioko lantegikoek —ELAk gehiengoa du batzordean— grebara joko dute urtarrilaren 7tik aurrera; Abadiñoko langileek, berriz, euren egoera gizarteratzea erabaki dute, hainbat hilabetetako soldatak zor dizkietelako. Bi hilabete dira Abadiñoko plantan ez dela lan kargarik sartu.