Munduan dituen langile guztien laurdenak kentzeko prest agertu da Microsoft. AEBetako konpainia teknologiko horrek lanpostua beren borondatez uztea eskaini die 60.000 langileri, pizgarrien truke. Enpresako langile guztien %27 da hori. Aurten, gainera, beste bi bide ere erabili ditu langile gutxiago izateko: erretiro aurreratuak eta kaleratzeak.
Gaur, mezu bat bidali die langileei Amy Coleman Microsofteko giza baliabideetako buruak. Azaldu die enpresak «malgutasun handiagoa» nahi duela, eta egin nahi dituzten aldaketa horien barruan ulertu behar dela neurri hau. Hain justu, lantaldea murrizteko hartutako neurriekin batera, beste neurri bat ere iragarri izan du enpresak azkenaldian: AA adimen artifizialean aurrerapausoak ematea. Inbertsio handiak egitea aurreikusten du Microsoftek alor horretan, eta espero da sektoreko beste enpresek ere bide horri ekitea gero eta gehiago.
Norbere borondatez lana uzteko gonbita AEBetako, Kanadako, Indiako eta Erresuma Batuko lantegietan egin du konpainiak. Baina, Tech Crunch hedabideak jakinarazi duenez, salmentako, marketineko eta datu zentroetako departamentuetan lan egiten dutenek ez dute jaso eskaintza hori.
Murriztu eta murriztu
Apirilean egin zion Microsoftek erretiroa aurreratzeko eskaintza hainbat langileri, AEBetan. Eskaintza jaso zutenen %30ek onartu zuten proposamena, eta 8.750 langile gutxitu zituen enpresak. Horrez gain, uztailean, 4.800 langile kaleratu zituen konpainiak. Esan bazuten ere AAk ez zituela lanpostuak ordezkatuko, nabarmendu zuten teknologia aldaketak ekartzen ari zela lan egiteko moduan.
Urriaren 28an aurkeztuko ditu enpresak urteko hirugarren hiruhilabetean lortu dituen emaitzak. 2026ko urte fiskalean —2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era—, 331.839 milioi dolar fakturatu zituen enpresak (296.697 milioi euro), aurreko ekitaldian baino %18 gehiago.