«Guk ez genuen krisia sortu. Faktura bankuek ordain dezatela, ez langileek». Europako Sindikatuen Konfederazioak mezu hori igorri zuen atzo Europako Ekintza Egunean. Hainbat herrialdetan deitutako protestek ehunka mila langile elkarretaratzea lortu zuten, guztiak ere gobernuek iragarritako austeritate neurrien aurka. Manifestazio nagusia Bruselan egin zen, eta, antolatzaileen arabera, 100.000 langile inguru elkartu ziren. Han, John Monks Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusiak gogora ekarri zuen honez gero 23 milioi langabe daudela Europan, eta austeritate neurriek aurrera jarraitzen badute, langabeziak gorantz egingo duela.
Lehen aldia da Europako sindikatuek erantzun bateratu orokor bat ematen dutela krisitik ateratzeko gobernuen politika ekonomikoaren aurka. Espainian greba orokorra izan zen, eta Bruselan manifestazio erraldoia, baina ez ziren izan horiek protesta bakarrak. Gainera, protestak egin ziren Italian, Frantzian, Portugalen, Lituanian, Letonian, Alemanian, Zipren, Serbian, Polonian, Finlandian eta Irlandan. Etorkizunera begira, ekintza egun horrek eta euromanifestazioak erakutsi du ekimen gehiago egiteko aukera irekita dagoela.
Roosevelten modura
Bruselako manifestazioan bildu zen ordezkaritza ez zen nolanahikoa: 30 herrialdetako 50 sindikatutako ordezkariak elkartu ziren Belgikako hiriburuan. Europako Sindikatuen Konfederazioaren arabera, industria sektoreko federazio guztiak zeuden ordezkatuta manifestazioan. ELA konfederazioko kide denez, haren ordezkaritza bat zegoen Bruselan.
Protestak helburu zehatza zuen, Europako agintariei «mezuargi bat» helaraztea. «Gaur [atzo] langileok kalean gaude esateko oraindik ere denbora nahikoa dagoela austeritatearen alde ez egiteko eta norabidez aldatzeko», nabarmendu zuen Monksek. EBko estatukideei eskatu die joka dezatela Franklin Delano Roosevelt Ameriketako Estatu Batuetako orduko presidenteak bezala, hark 1932an Depresio Handiari aurre egiteko jokatu zuen bezala, alegia.
Haren ustez, austeritate neurriek aurrera jarraitzen badute, ondorioak etortzeko daude, baina oso larriak izango dira. Neguan nabarituko direla aurreikusi du: «Jabetzen gara estali beharreko defizitak dituztela, baina zorra ordaintzeko denbora hartzeko eskatzen diegu. Ez dago larritu beharrik. Bigarren Mundu Gerra ostean, herrialdeak lur jota zeuden, eta urteak behar izan zituzten zorrak ordaintzeko».
Monksek ohartarazi zuen Grezian eta Irlandan ezarri dituzten neurriek ez dutela inongo eraginik izan ez enpleguan ez hazkundean. Hartara, gobernuei eskatu die gastu publikoa inbertsiora zuzendu dezatela. «Alternatibak badaude. Gazteen enpleguetan inbertitu, langabeziak eta prekarietateak kolpatu baititu». Horrekin batera, industria politiketan eta «ekonomia berdean» inbertitzeko eskatu du, «hazkunde iraunkorrari ekarpena egingo dion edozertan». Gainera, finantzen gaineko Europako zerga bat aldarrikatu du «pizgarri ekonomikoak finantzatzeko eta espekulazioa geldiarazteko».
Monksek azaldu zuen manifestazio amaieran proposamenok helarazi zizkiotela Yves Leterme Europako Batasuneko Kontseiluko presidenteari eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari. Ez dirudi, baina, Europako Batzordeak jaramon handirik egingo duenik. Manifestazioaren ibilbidetik gertu, Europako Batzordeak gehiegizko defizita duten herrialdeak zigortzeko plana aurkeztu zuen. Monksek «erokeriatzat» jo zituen neurriok.
«Batzuk ez dira ohartu»
Monksen pareko mezuak entzun ziren. Adibidez, Luc Beeck Belgikako sindikatuetako eledunak adierazi zuen ez dutela jakin nahi nola estaltzen den defizita, «nork» sortu zuen baizik. Kexu azaldu zen behar baino jende gutxiago elkartu zelako. «Batzuk ez dira oraindik ohartu zer dagoen ezkutatuta austeritate neurrien atzean», aipatu zuen. «Ez dugu utziko politikarik hainbeste urtez eraikitzea kostatu zaigun ongizate estatua hondatzen», ohartarazi zuen.
LAN ERREFORMA. GREBA OROKORRA
Milaka langilek austeritate planen aurka protesta egin dute Europa osoan
Europako Sindikatuen Konfederazioak azaldu du defizita murrizteko neurriek ondorio larriak izango dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu