Pentsioak

Milaka pentsiodunek manifestazio jendetsua egin dute Madrilen

Pentsio duinak bermatzeko mugimenduaren proposamenak erregistratuko dituzte Kongresuan. Espainiako jarduneko gobernuak pentsioak 2020an %0,9 igotzeko eginiko proposamena gaitzetsi dute mobilizazioaren hasieran, eta KPIaren araberako igoerak eskatu dituzte.

jarraia172502.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 16a
16:54
Entzun

Andaluziako Rota herritik eta Bilbotik abiatu ziren bi martxak elkartu ziren unea "hunkigarria" izan zen Luki Gomezek atzo azaldu zuenez. Bilboko zutabetik abiatu zen bera joan den irailaren 25ean, eta atzo iritsi ziren Espainiako hiriburura, Pedro Sanchezi eskatzeko pentsio duinak berma ditzala. Bi zutabeek bat egin ondoren, gaur goizean manifestazio jendetsua abiatu da Madrilgo Puerta del Soletik, eta une honetan Espainiako Kongresura bidean daude. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako 115 autobus iritsi dira gaur goizean Madrilera, pentsiodunen plataformek egindako deialdiari erantzunez. "Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsio publikoak defendatu" zioen pankarta nagusia zabaldu dute, eta abiatu da mobilizazioa.

Espainiako Kongresura iristen direnean, mugimenduaren aldarrikapenak biltzen dituen dokumentu bat erregistratuko dute. Hala esan du manifestazioa hasi aurretik Tiano Sandoval Espainiako pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak. Era berean, gogora ekarri du euren borrokak ez duela etenik egingo, harik eta 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak bertan behera uzten dituzten arte, eta aurreratu du abenduaren 16an mobilizazio gehiago egingo dituztela.

Pentsiodunen martxaren bi zutabeak atzo Madrilera iritsi ziren egun berean iragarri zuen Espainiako jarduneko gobernuak 2020an %0,9 igo nahi dituela pentsioak, horretarako botoak lortuz gero. Europako Batzordera igorritako 2020rako aurrekontu planean aipatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak asmo hori duela. Bada, pentsiodunen koordinakundeko bozeramaile  Conchita Riverak argi azaldu du proposamenaren aurkako jarrera: "Ez dugu onartzen pentsioen %0,9ko igoera , KPI errealaren araberako igoera baizik".

Martxa arrakastatsua

Hiru asteko martxa egin dute pentsiodunek irailaren 25ean Bilbotik abiatu zirenetik. Ibilbide horretan guztian zehar elkartasun keinu ugari jaso dituzte, eta gustura azaldu dira horregatik. Denbora tarte horretako lotarako lekuak utzi dizkiete egun bakoitzeko helmugako udalek, eta otordu askotara ere gonbidatu dituzte, elkartasun keinu gisa. Ibilbidean zehar, bilera ugari egin dituzte euren aldarrikapenak helarazteko, eta bidean animo mezu ugari jaso dituztela ere azaldu zion Luki Gomezek egunkari honi urriaren 2ko etapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.