Milako, hamaika, halako

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ezengonkortasunak eragindako urduritasunak salmentak bizkortzen ditu. Hamaika halako ikusi ditugu urteotan burtsan, eta hamaika milako puntuen langa galdu du Ibex-35 (-%1,93) indizeak. Iazko abuztutik izandako minimoa. Quousque tandem? Espainiako ekonomiak eragiten duen konfiantza ezaz harago, Motorolaren emaitza txarrek, dolarraren sendotzeak edota CAC-40ren(-%1,89) jaitsierak arazo orokorrago bat adierazten dute. Grezia, Portugal edota Espainiak eurogunearen batez besteko txarrerantz jaisten dute, inbertitzaileen konfiantzari dagokionez. Euren zor publikoaren errentagarritasunean islatzen da hori eta, nola ez, baita euren enpresen inguruko ikuspegian ere. Blue chip-en kasuan, %2,84 galdu zuen Edurnezurik eta 17,28 euroan da; %1,86 galdu zuen Santanderrek eta 10,03 euroan da. BBVA ere, %2,57 galduta, 11 eurotik behera da. Guztiak ere iazko udatik izan duten mailarik apalenetan dabiltza. Baina horrelako erraldoiak ez daude hamaika.



Abiadura handiko tren sare bat eraiki nahi du Barack Obamak Florida, Illinois eta Kalifornian. 8.000 milioi dolar jarriko ditu horretarako. Beasaingo CAF (+%2,01) trengilearen akzioak irribarrez hartu zuen berria, 7,7 milioi euroren salerosketarekin.



Grezia. Ederra egin du Papandreu Greziako ministroak: ukatu egin du Grezia eurogunetik aterako dela. Piztu argi gorriak: debaluazio guztien aurretik esan ohi da ez dela debaluatuko; ordainketa eten guztien aurretik ez zaiola ordaintzeari utziko. Kontuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.