Milimetroak erraldoiak direnean

Tecnaliak sentsore kuantikoak diseinatu eta ekoizteko laborategi bat jarri du martxan. Bost milioi euroko kostua izan du, eta diamante sintetikoak erabiliko dituzte oinarri gisa.

Diamante artifizialak ekoizteko Tecnaliaren makina. BERRIA
Diamante artifizialak ekoizteko Tecnaliaren makina. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Derio
2025eko irailaren 29a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zehaztasuna da sentsore kuantikoen muina. Inguruan eta materialetan gerta daitezkeen aldaketak are zehatzago eta zorrotzago neurtzeko gaitasuna. «Inoiz neurtu gabekoa neurtzeko ahalmena da, ezagutu gabeko hori ezagutzekoa». Esaldi borobil hori Iñigo Arizagarena da, Tecnaliako teknologia kuantikoen departamentuko zuzendariarena; ikerketa zentroak martxan jarri duen Quantum Lab laborategiaren arduradunetako bat ere bada Arizaga. Bost milioi euroko inbertsio publiko-pribatu baten fruitu da laborategia, eta momentuz Tecnaliak Derion (Bizkaia) duen egoitzan badago ere, aurki teknologia kuantikoen Bizkaiko estrategiak —Biqain— Leioan duen eraikinera lekualdatuko dute.

Tecnaliak teknologia kuantikoan murgildu eta hura gizartera ekartzeko beharra ikusi zuen; izan ere, haien adituen ustez, teknologia kuantikoaren garapenak ekosistema zientifiko eta industriala birdefinituko du. Aplikazio ugariko teknologia zabala izanda, arlo jakin batean zentratu behar zituzten ahaleginak, eta sentsoreen alde egin zuten. Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak azaldu du zergatia, laborategiaren aurkezpen ekitaldian: «Merkatutik hurbilen dagoen diziplina kuantikoa da, eta espero da hark izatea eragin ekonomikorik handiena. Bai behintzat epe motzean».

«Azaleko orban batean gerta daitezkeen aldaketak zehaztasun handiagoz neurtu ditzakete sentsore hauek, eta melanoma bat den ala ez lehenago detektatu»

IÑIGO ARIZAGA Tecnaliako teknologia kuantikoen departamentuko zuzendaria

Baina lehen galdera argia da: zer da sentsore kuantiko bat? Materiaren ezaugarri kuantikoak baliatzen dituen gailu bat da, oso zehaztasun handiko detekzioak egiteko. Eta bigarrena: zertarako erabili daitezke? «Adibidez, azaleko orban batean gerta daitezkeen aldaketak zehaztasun handiagoz neurtu ditzake, eta melanoma bat den ala ez lehenago detektatu». Osasunaren arloa, izan ere, sentsore hauentzako garapen eremu oparoenetakoa baita.

Tecnalian, dena den, beste arlo batzuetarako aplikazioak ere aurreikusi dituzte; besteak beste, magnetometria, industrian erabiltzen diren materialen aldaketak neurtzea, logistika eta nabigazioa. «Azken horretan iraultza handia dira, ez daudelako sateliteen mende. GPSek egin ezin ditzaketen neurketa batzuk egiten dituzte. Airbus hegazkin ekoizlea, esaterako, horrelako sentsoreekin gidaturiko proba hegaldiak egiten ari da».

Zientzia kuantikoaz gehiago jakiteko

Tecnaliaren laborategiak sentsoreen ekoizpenaren kate osoa hartuko du, diseinutik ekoizpenera arte. Horretarako diamante artifizialak erabiliko dituzte oinarrizko lehengai bezala, eta horiek ere Quantum Laben ekoitziko dituzte. Are gehiago, dagoeneko hasiak dira lehen aleak ekoizten. Urtarrilean hasi zen egitasmoa, eta hiru urte eta erdian prototipoari aplikazio erreal bat (TRL7 garapen maila) emateko moduan egotea espero dute. «Ospitale batek nahiko balu, 48 orduan izango luke», aurreratu du Arizagak.

Egun, neurgailuaren prototipoak laborategi mahai oso baten tamaina du, eta hiru urte barru izozkailu txiki batena izatea espero dute; eta, bide batez, horren aldeko apustua egingo duten enpresa batzuk izatea. Tecnaliak makina-erreminta eta industria osagarria ditu begiz jota, Euskal Herriko industria ehunari erreparatuz sektore horietan ikusten baitu sentsoreen ahala zukutzeko aukera onena.

Hamalau egitasmo kuantiko Bizkaian

Laborategia ekimen publiko-pribatuaren emaitza izan da, eta hanka publikoak Bizkaiko Aldundiarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak dira. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek aurreratu du Bizkaian hamalau proiektu kuantiko abian daudela dagoeneko eta 2,7 milioi euroko inbertsioa egin dutela, «benetako erabilera kasuak garatzeko». Biqain zentroa aldundiak bultzaturiko egitasmo bat da.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako industria sailburua ere egon da aurkezpenean, eta laborategia «subiranotasun teknologikoa» lortzeko bidean mugarritzat jo du. Etxanobek egin bezala, nabarmendu du hurrengo pausoak jakinduria eta teknologia hori industriaren egunerokora eramatea izan behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.