Minamitorishimako meatzariak

Mineral kritikoak 6.000 metroko sakoneratik erauztea lortu du Japoniak, Ozeano Barearen erdian dagoen uharte batean. Txinaren hain mendeko izateari utzi nahi dio Tokioko gobernuak.

Minamitorishima atoloia, Ozeano Barearen ipar-mendebaldean. MUNDUKO METEOROLOGIA ERAKUNDEA
Minamitorishima atoloia, Ozeano Barearen ipar-mendebaldean. MUNDUKO METEOROLOGIA ERAKUNDEA
Josep Solano
Tokio
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ozeano Pazifikoaren sakonetik lur arraroak erauztea lortu du Japoniak, 6.000 metrotik. Operazio aitzindari bat izan da, eta Minamitorishima uharte urrunean egin dute, herrialdearen eremu ekonomiko esklusiboaren barnean baina Tokioko kostaldetik 1.848 kilometrora. Japoniako Gobernuaren kalkuluen arabera, litekeena da atoloi horren eremuan 16 milioi tona lur arraro baino gehiago egotea, eta, hori hala balitz, munduan ezagutzen diren erreserbarik handienetan hirugarrena izango litzateke. 

Herrialdeak itsas hondoko mineral kritikoak industriarako ustiatzeko eman duen lehen pauso irmoa da Minamitorishimako saioa, ezinbestekoak baitira ibilgailu elektrikoak, haize errotak eta teknologia aurreratuko beste gailu batzuk ekoizteko, baliabide estrategikoak eskuratzeko lehia globala gero eta handiagoa den honetan.

Berrikuntza Estrategikoa Bultzatzeko Ministerio Arteko Programaren parte da operazioa; programa hori Lehen Ministroaren Bulegoak koordinatzen du, eta Japonia Txinaren hain mendeko ez izateko estrategiaren parte da, Txinak kontrolatzen baitu lur arraroen mundu osoko ekoizpenaren %70. Bi herrialdeen arteko tentsio politiko eta ekonomikoa areagotu den honetan, mineral horiek segurtasun ekonomikoarekin lotzen ditu Tokiok, eta bere iturri propioak bilatzen saiatzen ari da, ikusita arriskua dagoela presioak jasateko edo hornidura murrizteko.

1,5

Minamitorishimaren azalera, kilometro koadroan. Munduko uharte urrunetako bat da Minamitorishima edo Minamitori uhartea. Ozeano Barearen ipar-mendebaldean dagoen koralezko atoloi bat da, triangelu itxura du, eta 1,5 kilometro koadro baizik ez. Gertuen duen lurra Mariana Uharteetako East Island da, 1.015 kilometrora.

Mineralak erauzteko, Chikyu ikerketa ontzia erabili zuten, sakon-sakonean lan egiteko gai diren plataforma bakarretako bat. Tokiotik hego-ekialdera, 2.000 kilometro ingurura, ikertzaileek itsas hondoko lohia hartu zuten, xurgatze sistema bat erabiliz, eta ur azaleraino igo, suspentsioan. Proba arrakastatsua izan zen teknikoki, eta helburua zen egiaztatzea ekipamenduak ondo funtzionatuko zuela kanpo presio handia izanda ere.

Bildutako materiala aztertu egingo dute orain, egiaztatzeko badagoela neodimio, disprosio edo samario kontzentraziorik, ezinbestekoak baitira trantsizio energetikoan erabiltzen diren potentzia handiko imanak egiteko.

Arrakasta teknologikoa gorabehera, oraindik ez dakite proiektua bideragarria izango den ekonomikoki. 6.000 metroko sakoneran erauzketak egiteak kostu logistiko eta teknologiko handia dakar, eta horrela zailagoa da lurreko ustiatze lanekin lehiatzea, bereziki Txinakoekin, eskalako ekonomiak eta ekoizpen kostu txikiagoek mesede egiten diete eta. Programaren arduradunek berek aitortua dute oraingo helburua ez dela berehala errentagarritasuna lortzea, baizik eta funtsezko zenbait teknologia eta prozesu baliozkoak direla egiaztatzea.

Alde horretatik, Japoniako Gobernuak esan du proiektua inbertsio estrategiko bat dela, eta helburua dela herrialdearen erresilientzia ekonomikoa indartzea eta material kritikoen hornidura bermatzea, arlo geopolitikoan zatiketa gero eta handiagoa dagoen honetan.

Teknika berritzailea

Japoniak aurreikusia du erauzketa proba handi bat egitea 2027ko otsailean, 350 tona itsas lohi biltzeko eta prozesu osoa aztertzeko, erauzketatik hasi eta elementu arraroak bereizi eta findu arte; gero erabakiko du ea ustiaketa lan hori bideragarria den edo ez merkataritza arloari dagokionez.

Teknologiaren eta industriaren ikuspuntutik begiratuta, operazioak modua eman du teknika berritzaile bat balioztatzeko: uraren presioaren bidezko propultsio sistema bat da, eta, haren bidez, itsas hondoko lohia xurgatu eta ur azaleraino garraiatu daiteke, itsas hondoan inpaktu mekaniko handirik eragin gabe.

Egitasmoak eztabaida global bat ere elikatzen du: zenbateraino bihur daitekeen itsas hondoa erauzketarako beste eremu bat.

Teknologia hori bereziki diseinatuta dago presioa muturrekoa denean erabiltzeko, eta aktibo estrategiko bat da bere hartan. Japoniak zera nahi du, ezagutza hori gaitasun industrial esportagarri bilakatu eta bere balio katean integratu, hartara kanpora begira herrialdeak ez dezan hainbesteko ahulgunerik izan zenbait sektore garrantzitsutan, hala nola auto elektrikoen arloan, energia berriztagarrietan eta defentsan.

Ez da hain toxikoa

Japoniako Gobernuak ingurumenari eta erregulazioari dagozkion argudioak ere erabili ditu proiektuaren alde egiteko, eta zehaztu du itsas lohiak substantzia toxiko nahiko gutxi dituela lurreko meatzaritzaren aldean. Nolanahi ere, itsas gaietako aditu batzuek ohartarazi dute ekosistema abisalen inguruan informazio gutxi dagoela oraindik, eta eskatu dute irizpide zorrotzak ezar daitezela modu erregularrean ustiatzen hasi baino lehen.

Egitasmoa Japoniaren kontrolpeko itsas eremuan jarri dute martxan, eta eztabaida global bat ere elikatzen du: zenbateraino bihur daitekeen itsas hondoa erauzketarako beste eremu bat.

Garrantzi teknologiko eta ekonomikoa alde batera utzita, Pazifikoaren hondotik lur arraroak erauzteak abangoardian jarri du Japonia baliabide estrategikoak lortzeko lehia geopolitikoan hasi berri den fasean. Hornidura kateak presio politikorako tresna gisa gero eta gehiago erabiltzen diren honetan, Tokiok mezu argi bat bidali du: Txinaren hain mendekoa ez izatea, aukera ekonomiko bat izateaz gainera, segurtasun nazionalerako behar bat ere bada.

Minamitorishimako proiektua, beraz, etorkizunerako eredu bat da, eta ohartarazpen bat ere bai; izan ere, litekeena da proiektu horren harira lehia sortzea Asia-Pazifikoan itsas azpiko baliabideak kontrolatzen saiatzeko, eta teknologiak, nazioarteko zuzenbideak eta geopolitikak bat egitea modu gero eta esplizituagoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA