Merkataritza gerrek eta bestelako gerrek munduaren norabidea markatzen duteneko garaion erakusgarri, Europako Batasunaren eta Australiaren arteko tratuan, besteak beste, mineral kritikoen eskuragarritasunak eta armagintza proiektuetarako sarbideak trukatu dira.
Ohiko gaiak ere sartu dira tratuan: elikagaiak, autoak... Baina orain funtsezko dituen mineral kritikoak eskuratzea erraztuko dio Australiak, eta hark, berriz, Europa berriz armatzeko programetan parte hartu ahalko du.
Europako Batasunak eta Australiak gaur itxi dute merkataritza libreko akordioa, ia hamar urtez luzatu diren negoziazioen ostean. Eta horrekin batera, bi aldeek segurtasunerako eta defentsarako akordioa ere adostu dute. Ulergarria, Donald Trumpen muga zergek eta Txinak hainbat gaitan nabarmen duen nagusitasun mehatxagarriak baldintzatutako herrialdeentzat.
Mercosurrekin egindako akordioarekin bezalatsu, EBk begi bat Washingtonen eta bestea Pekinen zuela aurkeztu du akordioa, eta berdin jardun da Australia. Canberran, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du ikusi duela nola herrialde batzuk egonkortasunaren eta aurre-esangarritasunaren irrikaz daudela, munduan ziurgabetasun gero eta handiagoa den honetan.
Mineral kritikoak
Litioa, manganesoa, aluminioa edo bauxita, kobaltoa... Australia aberatsa da material kritikoetan, eta haien hornikuntza ziurtatzeko neurriak jaso nahi izan ditu EBk akordioan. Adostutakoaren arabera, EBk gai horien inportazioen gaineko muga zergak murriztuko ditu, eta Australiak gai horien esportazio monopolioak eragotzi eta esportaziorako zergak kenduko ditu.
«Istorio inportante bat kontatuko diogu gaur mundu bati... non botere handiek muga zergak mehatxu gisa erabiltzen dituzten eta hornikuntza kateak, berriz, aprobetxatu beharreko ahultasun gisa», esan du Von der Leyenek. «EB eta Australia, biok ari gara berresten merkataritza librean sinesten dugula», adierazi du Anthony Albanesek, Australiako lehen ministroak.
Europar Kontseiluak akordioaren testua onartzen duenean, bi aldeek sinatu egin beharko dute, eta Europako Parlamentuan eta Australiakoan berretsi egin beharko da.
Nekazariak haserre Australian
Jakina, merkataritza librerako akordioan gai ohikoagoak ere jaso dira, hain zuzen negoziatzeko arantzatsuagoak izaten direnak. Mercosurren eta EBren akordioan bezala, nekazaritza gaiak izan dira elkarrizketa hauek ia hamarkada bat luzatu dituztenak.
Eta, neurri batean, esan daiteke Australiak men egin behar izan duela. Hobetsi du bazkide komertzial bat gehiago izatea, merkatu eskuragarriago bat EBn, bere esportazioetan Txinak duen pisua arintze aldera.
%35Â
Â
Parte hartzea armagintza kontratuetan EBrekin defentsa eta segurtasun ituna eginda, Australiak modua izango du Europan egiten diren armagintza proiektuetan sartzeko, eta hango konpainiek kontratuen balioaren %35erainoko parte hartzea izateko aukera izango dute. Kontuan izan behar da EBren armagintza programak 150.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duela, eta blokeak dagoeneko halako segurtasun akordioak egin dituela beste hamar herrialderekin.
Ondorioz, Australiak neurri batean lortu du hango haragiari Europarako sarbidea erraztea, baina Canberrak nahi baino haragi tona gutxiagok izango dituzte aduana zerga txikiagoak. Horrez gain, eta hau ere garaipena da EBrentzat, Australiako ekoizleei debekatu egingo zaie, salbuespenak salbuespen, EBko ia 400 sor-marka erabiltzea.
Baldintza horien berri izan bezain laster, suminduta agertu dira ekoizle australiarrak, eta Meat & Livestock patronalak esan du «Australiako behi haragi industriak inoiz ikusitako merkataritza libreko itunik okerrena» dela.
Australiatik EBrakoak
Akordioaren arabera, Ozeaniako herrialde hartatik datozen ondasunen %97,8k ez dute muga zergarik izango, eta aduana zerga guztiak kenduko zaizkie Australiako ardoei, itsaskiei, barazkiei, haragi prestakinei eta txokolateei.
Haragiarekin, Australiak ez du behikiarentzako nahi zuen 50.000 tonako kuota lortu, eta guztira 36.000 tona izango dira EBn baldintza samurragoekin sar daitezkeenak. Haietatik %55ek ez dute zergarik izango, eta %45ek %7,5eko muga zerga murriztua izango dute. Kuota hori, gainera, epeka joango da zabalduz. Europako Batzordearen arabera, kuota horrek EBko behiki kontsumoaren %0,5 hartzen du, eta Australiak mundura egiten dituen behiki esportazioen %2.
Muga zergarik gabeko inportazio kuotak izango dituzte ardi eta ahuntz haragiak (25.000 tona), azukreak (35.000 tona), esnekiek (8.000 tona esne hautsarentzat, 5.000 gurinarentzat); eta arrozak (8.500 tona).
EBtik Australiara
Europako Batasunetik Australiara egindako esportazioetan, ia osorik ezabatuko dira muga zergak, salgai siderurgiko batzuenak kenduta. Orain arte urtero gutxi gorabehera 1.000 milioi euro inguru ordaintzen ziren muga zergetan Australian, 20.000 milioi ingururen EBko esportazioengatik.
Bestalde, Europako automobilek akordioa ezartzen den lehen egunetik utziko diote muga zergak ordaintzeari Australian sartzeko. Luxuzko autoen gainean Australiak duen zergaren sabaia 120.000 dolar australiarrera igoko da, eta, Europako Batzordearen arabera, zerga horretatik libratuko dira luxuzko auto elektriko europarren %75.