Mondragon Taldeko bi kooperatibak 67 milioi euroko zerrategi bat ireki dute Aiaraldean

«Europa hegoaldeko zerrategirik handiena» izatea du asmo, eta Murgan dago. Ehun langile izango ditu, eta pinu egurrarekin lan egingo dute, zuhaitzak moztu eta azken produktuak ekoitzi arte.

Murgako zerrategiaren inaugurazioa. Irudian, Imanol Pradales lehendakaria eta, haren atzean, Pello Rodriguez Mondragon taldeko presidentea. IREKIA
Murgako zerrategiaren inaugurazioa. Irudian, Imanol Pradales lehendakaria eta, haren atzean, Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidentea. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko maiatzaren 11
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiaraldean ez daude garai gozoan. Lantegi batzuk itxita eta zenbait enplegu erregulazio abian jarrita, azken hilabeteetan bizkarreko handiak hartu ditu Araba iparraldeko haran horretako industria ehunak. Ateak, baina, itxi ez ezik ireki ere egiten dira, eta haranean bada itxaropenerako eta enpleguaren sorrerarako zirrikiturik, eta hortik sartu dira, Murgan, Lana eta Etorki kooperatibak. 

Biak ala biak Mondragon taldeko kideak dira, eta haien ekoizpen ahalmenean jauzia eman eta 67 milioi euroko zerrategi bat ireki dute Aiaraldearen bihotzean. Jaurlaritzak 12,8 milioi euro jarri ditu, eta bere gain hartu du kostu osoaren %20. Planta berriak ehun langile inguru izango ditu, eta pinuarekin egingo du lan. Enpresen helburua da urtean 300.000 metro koadro egur garbi ekoiztea. 

Etorki eta Lana kooperatibek aurten bat egin dute. Bien artean 300 langile dituzte, eta iaz 150 milioi euro fakturatu zituzten. Etorkik (Murgia, Araba) zerrategi lanak egiten ditu, pinuarekin bereziki; Lanak (Oñati, Gipuzkoa), berriz, egurrezko eraikuntzarako gaiak eta pelleta ekoizten ditu. Murgako egitasmoa elkarlan horren fruitua da, eta aurrerapauso handia bientzat, orain arte kudeatzen zuten egurra halako bi ekoitziko dutelako.

Merkatu eta produktu berriak

Kepa Bastida da enpresaren kudeatzailea, eta zehaztu du bat egitearen inguruko lehen elkarrizketak 2020. urtean egin zituztela. Nabarmendu du ados jartzeak indartsuago egiten dituela, eta «orain arte iristea ezinezkoa zen» merkatuen eta bezeroen atea joko dutela. Izan ere, hainbat produktu ekoitziko dituzte, baina batez ere eraikuntzan erabiltzeko egurra eta bilgarriak egitekoa.  

Bi enpresek eskarmentu handia dute basoen erosketan eta ustiaketan, eta, apustu handia den arren, ez dute uste hornidura arazorik izango dutenik. Gaur egin dute plantaren inaugurazioa eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du gertuko egurra erabiliko dutela, eta gogoratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoruaren %55 basoa dela: «Egurraren eraldaketa da gure basoak bizirik mantentzeko modurik onena», azaldu du. 

Zerrategiak hamahiru futbol zelairen tamainako eremu bat hartuko du —95.000 metro koadro—, eta, Pradalesen esanetan, «Europa hegoaldeko handiena» izatea du asmo. 4,5 metro luze diren eta 60 zentimetroko diametroa duten —1,88 metroko zirkunferentzia edo gerri buelta— enborrak zerratu eta zatitu ahal izango dituzte. Eraldaketa prozesu osoa egingo dute bertan. 

Aiaraldeak badu etorkizuna

Lehendakariak bi kooperatibek emaniko pauso «ausarta» goratu du, eta nabarmendu du Aiaraldeak baduela etorkizuna, eta etorkizun horren ardatz nagusia industria dela: «Garai txarrean dago eskualdea; asko sufritzen ari da. Guk errealitate hori antzematen dugu, baina aurre ere egiten diogu».

Ibarrari mintzatu zaio hitzaldian, eta, Tubos Reunidos aipatu gabe, esan du «guztien» lankidetza ezinbestekoa dela, eta «erakunde guztiak» lanean ari direla inbertsio berriak erakartzeko. Baina galdera zera da, «erakunde guztiak» esan duen horretan Espainiako Gobernua sartzen ote den; izan ere, enpresak SEPI Espainiako Industria Ministerioaren agentziarekin duen zor handia birnegoziatu ahal izatea da Tubos Reunidosen bideragarritasuna lortzeko gako handietako bat.

Itxaropen hori indartzeko asmoz, lehendakariak adierazi du aurten inbertsioen berri emateko Aiaraldera egin duen hirugarren bisita dela gaurkoa. Aurretik Harscoren asfalto planta berrian egon zen, martxoan, eta Vidrala beira enpresaren ekoizpen lerro berria ezagutzen. 

Sidenorrek 13 milioi jarri ditu Basauriko ekoizpena deskarbonizatzeko

Azkoitiko lantegian (Gipuzkoa) ekoizpena murrizten duen aldi berean, Basauriko lantegi nagusian (Bizkaia) inbertsio handiak egiten ari da Sidenor. Atzo jakinarazi zuenez, 13,6 milioi milioi euro inbertitu ditu Basauriko plantan CO2 isuriak txikitzeko eta gasaren erabilera txikitzeko. 

Altzairua fintzeko prozesuan egin du Sidenorrek inbertsiorik handiena, hamahiru milioi eurorena. Orain arte gas naturaleko galderen bitartez egiten zuen, baina aurrerantzean huts-ponpa elektrikoen bidez egingo du. Altzairuaren ekoizpenean «fase garrantzitsuenetako» bat da fintzea, altzairuaren ezaugarri teknikoak erabakitzeko balio baitu. Sidenorrek kalkulatu du t

eknologia berriari esker 35.000 megawatt-ordu aurreztuko dituela, eta karbono isuriak %5 txikitu. 

Gasaren kontsumoa txikitzea du helburu Sidenorrek egin duen beste inbertsioak, 600.000 eurorena. Ijezketa trenaren labean oxigenoa aberasteko sistema berri bat jarri du, eta, horren bitartez, energia gastua txikitu ahal izango du. Izan ere, prozesuan oxigeno gehiago lortuta, gas gutxiago erre behar du tenperatura handiagoak lortzeko. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA