Maiz errepikatzen da inbertsioa hitza, enpresen alorrean bereziki, eta Mondragon Taldeak hor du jarria begirada. Kooperatiben taldeak iragarri du Mondragon Inversiones funtsa indartuko duela, baita bere buruari helburua jarri ere: funts horren bidez beste hiru negozio abiaraztea urtea amaitu aurretik.
Gaur goizean eman du erronka horren berri Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidenteak, taldearen urteroko kongresuan. Indartu eta sortu izena jarri diote aurtengo kongresuari, eta helburu nagusietako bat zehaztu dute: Mondragon Inversiones alorrak kudeatzen duen funtsa —Dibisioarteko Hedapen Funtsa— «ziklo estrategiko berriaren erronketarako» egokitzea; hau da, funts hori etorkizuneko negozioak sortzera eta hazkundera bideratzea.
Hala azaldu du Leire Mugerza Mondragon Taldeko kontseiluko presidenteak kongresuak eman duena: «Orainaz hitz egin dugu, baina, bereziki, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko behar ditugun araudi aldaketak onartu ditugu. Mondragon osatzen dugunok errealitate oso ezberdinak ditugu, baina denok dugu izateko eta gauzak egiteko modu komuna».
Korporazioak hainbat proiektu martxan jartzea ere onartu du: interes estrategiko korporatibokoak. Zehaztu dutenez, proiektu horietako batzuk Mondragon Taldeko unibertsitateari eta zentro teknologikoei dagozkie, eta beste batzuk, berriz, kanpoko enpresekin elkarlanean garatuko dituzte.
Rodriguezek azaldu du proiektu horiek guztiak lau ardatz estrategikoen garapenari lotuak daudela: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa indartzea; etorkizuna duten negozioak indartu eta sustatzea; Mondragon Taldearen eragin soziala handitzea; eta kooperatiben arteko lankidetza sendotzea.
Egonkor, eta luzera begira
2025eko emaitzen balorazioa ere egin dute kongresuan. Nabarmendu dute nazioarteko egoera geopolitiko nahasiak baldintzatu zuela urtea; hala ere, taldea nahiko egonkor mantendu zen: 11.322 milioi euroren salmentak lortu zituen —2024an baino %1 gehiago—, eta 618 milioi euro irabazi zituen —%1,2 gutxiago—.
Bestalde, 2025. urtean 406 milioi euroren inbertsioak egin zituzten (%7,8 gehiago). Zibersegurtasunaren, elektronikaren eta adimen artifizialaren alorreko hiru enpresa jarri zituzten abian: Orbik Cybersecurity, Amets Power Electronics eta Innkia. Eta taldeko enpresek 1.346 enplegu sortu zituzten. Guztira, 72.761 langilek dihardute Mondragon Taldeko enpresetan lanean.