Bruselak modu formalean salatu du Google, monopolioaren aurkako arauak urratzeagatik. Europako Batzordeak uste du Interneteko bilatzaileen merkatuan duen nagusitasuna bere alde abusuz baliatzen duela, Lehia komisario Margrethe Vestagerrek azaldu duenez. Duela bost urte baino gehiago zabaldu zuen Lehia Batzordeak Googleren aurkako ikerketa, eta behin-behineko ondorioak AEBetako enpresa teknologikoaren interesen aurkakoak dira.
«Interneteko bilatzaileen zerbitzu nagusien merkatuan duen nagusitasuna gehiegikeriaz baliatzen du Googlek Europako Batasunean, bere produktuen alde jokatuz erosketa orrien bilaketen emaitzetan». Lehia komisarioak oso argi esan zuen atzo Googlek ez duela garbi jokatzen. «Batzordearen behin-behineko ikuspuntua da jarrera horrek EBren monopolioaren aurkako arauak urratzen dituela, lehia zigortzen duelako eta kontsumitzaileei kalte egiten dielako».
Nahiz eta jadanik Googlek akusazio horiek zerrendatzen dituen agiria jaso duen, Vestagerrek argitu zuen horrek ez duela ikerketaren azken emaitza baldintzatzen. Alegia, batzordeak ez du bere azken erabakia hartu; AEBetako konpainiaren argumentuak entzungo ditu aurretik. «Batzordea konbentzitzeko aukera daukate. Baina ikerketak gure kezka agerian uzten badu, Googlek legearen ondorioei aurre egin beharko die, eta Europan negozioak egiteko duen modua aldatu».
Android ere bai
Lehia komisarioaren hitzek isuna ekartzen dute gogora halabeharrez. Googlek ez badu batzordea konbentzitzen egoera bideratzeko proposamen berri batekin —orain arteko negoziazioek ez dute emaitzarik lortu—, bere fakturazioaren %10en pareko isuna pagatzeko arriskuan legoke.
Interneteko multinazionalak jakinarazi du azalpenak emateko «irrikan» dagoela eta «erabateko desadostasuna» daukala Lehia Batzordearekin. Bada auzi honengatik ematen dituen argumentuez gain, beste hainbat eman beharko ditu etorkizunean Android sakelako bere sistema operatiboa ere jomugan jarri baitu Bruselak. Android ere ikertzen hasi da Lehia Batzordea. Googlek lehiaren aurkako akordioak egin dituen jakin nahi du sistema operatiboaren nagusitasunari dagokionez. Beste arazo bat konpainiarentzat.
Monopolio arauak urratzen dituela esan dio Bruselak Googleri
Bost urteko ikerketaren ondoren, Europako Batzordeak dio atariak nagusitasuna gehiegikeriaz erabiltzen duela.Android sistema ikertzen hasi dela ere jakinarazi du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu