Udako bidaiari kopuruaren hazkundea moteldu egin da Hego Euskal Herrian

Ekainetik irailera, %0,3 handitu da; apartamentu turistikoetan ostatu hartu dutenen kopuruak, berriz, %16,7 egin du gora.

Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 23a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herrian, turismoak ez du ia gorabeherarik izan aurtengo udan, baina apartamentu turistikoetan geratutako bidaiari kopuruak nabarmen egin du gora. Ekainetik irailera, ostatuetan erregistratutako bidaiarien kopurua %0,3 baino ez da handitu; apartamentu turistikoetan, berriz, %16,7ko igoera izan da ekainetik abuztura.

Guztira, uda honetan 2.046.992 bidaiarik egin dute lo Hego Euskal Herrian, aurreko urteko udan baino 5.282 gehiagok (+%0,3), INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera.

Azken urteetako datuekin alderatuta, motelaldi bat nabaritu daiteke. 2023an, ostatuetan erregistratutako bidaiari kopurua %3,9 handitu zen aurreko urtearekin alderatuta; 2024an, %1,6, eta 2025ean, %5,5. Pandemiaren ondorengo susperraldiaren urteak alde batera utzita, azken urteetako igoerarik txikiena izan da, beraz.

Aurten, abuztuan izan da turista gehien: 583.840, iaz baino %5 gehiago. Uztailean ere gora egin du, %2,4. Ekainean, aldiz, %3,9 behera, eta irailean ere bai, %3,2.

Lurraldeen artean, Bizkaiak eta Nafarroak izan dituzte igoerarik handienak. Bizkaian 750.139 bidaiari erregistratu dituzte lau hilabeteetan, 2025ean baino % 4,4 gehiago; Nafarroan, berriz, %3,7ko igoera izan da. Araban %10,9 egin du behera ostatu hartu dutenen kopuruak, eta Gipuzkoan, %3,3.

Apartamentuak, gora; landa ostatuak, behera

Apartamentu turistikoek gero eta pisu handiagoa dute Hego Euskal Herriko ostatu eskaintzan, eta hori azken urteetako emaitzetan islatzen ari da. Ekainetik abuztura —iraileko daturik ez du eman oraindik INEk— , 193.442 bidaiarik egin zuten horren aldeko hautua, iazko epe berean baino 27.653 gehiagok (+%16,7).

Dena den, oraindik ere hoteletara jotzen dute gehienek: 1.558.751 lagun guztira, ekainetik abuztura, aurreko urteko epe berean baino %1,4 gehiago. Kanpinetan, berriz, %1 egin du behera bidaiari kopuruak; gauza bera landa ostatuetan, -%6,4, eta aterpetxeetan, -%26,2.

Okupazio tasak ere ez du bilakaera bera izan hilabete guztietan. Iaz baino handiagoa izan da uztailean eta abuztuan, baina txikiagoa ekainean eta irailean. Abuztuan bete da ohe gehien: %76,7.

Enpleguak ere gora egin du sektorean, %5,5 ekainetik irailera. Lau hilabeteetako hileko datuak batuta, 28.234 langile aritu dira aurten, eta 26.758 iaz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA