Nere munduko jakinduria
izan da oso azala,
Jangoikoari eskatzen diot
arren argitu nazala;
garai batean ez genekien
eletrikarik bazala,
orain ur hotzak dabilki trena
lehen irakinak bezela.
«Eletrika sortu zuben maisu abilla» aipatuz, Norteko trenbideari jarritako bertsoak eletrikari buruzko argitasun eske amaitu zituen Jose Manuel Lujanbiok, Txirrita-k (1860-1936).
Zer bertso jarriko ote zituen hernaniarrak apirilaren 28ko itzalaldiaz? Sagardotegiren batean hamaiketakoan harrapatuko ote zuen?... Digresioetatik gaiaren seriotasunera itzuliz, eta norbaitek bertso horiek jarri zain, eletrikaz baino gehiago eletrika sareaz argi bila eginiko ariketa izan nahi du honek, munduko jakinduria oso azala pixkatxo bat bada ere hobetzeko; agian baliagarri sagardotegian fundamentuz hitz egiteko, adibidez, itzalaldiaz esan direnei buruz.
Aldaketa garaiak dituen sistema elektriko bat
Planoa zabalduz gero, Iberiar penintsulan trantsizio sakona duen sistema elektriko bat ikus daiteke, eguzki plakek eta haize errotek argindarraren sorkuntzara ekarri duten iraultzarako trantsizioan.
«Sistema trantsizioan egon da beti, baina orain aldaketa handia dator lan egiteko, funtzionatzeko moduan. Filosofia aldaketa bat», azaldu du Jon Andoni Barrena Mondragon Unibertsitateko sare elektrikoen ikerkuntzarako taldearen koordinatzaileak, sistema elektrikoaren erresilientziaz ikertzen eta erakusten dabilen maisu abillak.

«Funtsean, oraintsu arte zentral termiko eta hidroelektriko handietan sortzen zen argindarra; garraiatu egiten zen kontsumotik gertura —goi tentsioan, galerarik ez izateko—, eta banaketa sarearekin banatu, tentsio ertainean industriara, behe tentsioan beste kontsumitzaileetara. Sortzen zen argindar guztia konektatzen zen, eta banatu norabide bakarrean». Hori, ordea, aldatzen ari da.
Aldaketa handiak
Hasteko, orain sistemaren alde bakarrean egon beharrean, argindar sorkuntza sistemaren puntu askotan gertatuko da, alde guztietan. Adibidez, dagoeneko etxeetako eta tailerretako teilatuetan ere sortzen da argindarra, ez soilik zentral handietan.
«Eta sorkuntza behe tentsioko sareetara konektatzen ari da», ohartarazi du Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak. «Autokontsumoan, sorkuntza handiagoa den momentuetan, energia sare publikoari itzuliko zaio, eta sistema ez dago prest halako fluxu bidirekzionalak izateko —ez babes sistemen aldetik, ez kontrolen aldetik—».
Sorkuntza sakabanatuaren eta fluxu bidirekzionalen kudeaketa hori da, hain zuzen, berriztagarriek sistema elektrikora eta argindar sareetara dakartzaten erronka guztietako bat. Aldaketa handien iragarleetako bat.
Berriztagarrien integrazioa
Aldakortasuna
Oraintsu arte, sistema elektrikoan kontsumoa zen aldakorra, eta kontsumoaren aldaketei erantzuteko bakarrik aldatzen zen sorkuntza; orain, ordea, hodei batekin, zentral fotovoltaiko baten sorkuntza jaitsi egin daiteke bat-batean, edo gerta daiteke aurreikusitako haizerik ez ibiltzea parke eoliko batean. Horren ondorioa azaldu du Barrenak: «Orain hamar sorkuntzetatik bost aldakorrak badira, aldakorrak ez diren bost sorkuntzei tokatzen zaie erantzutea kontsumo aldakorrari, eta baita beste bost sorkuntza aldakorrei ere».

Hor, helburua sorkuntzaren %100 berriztagarria izatea bada, «filosofia aldaketa bat» beharko da, ikertzailearen ustez.
Barrenak aurreikusten du sostengu zentral berriztagarriak sortu beharko direla, sorkuntza finkoa ziurtatuko dutenak; besteak beste, halakoak ikertzen ari dira Arrasaten. Sorkuntza finko hori —fotovoltaikoa nahiz eolikoa— energia biltegiratzetik eta bihurgailuak dituzten sistemetatik etorriko litzateke.
Zabaltzea
Baldintza meteorologikoek eragindako aldakortasunei aurre egiteko, interesgarria da sorkuntza geografian zabaltzea ere. «Frogatuta dago sorkuntza berriztagarria zenbat eta eremu zabalagoan barreiatuta egon orduan eta txikiagoak direla aldakuntzak sisteman. Donostian plaka bat jartzen baduzu eta hodeia pasatzen bada, sekulako aldakuntza duzu. Baina Donostian, Durangon, eta Iruñean plaka bat jarriz gero, aldaketaren kurba leunagoa da».
Berdin gertatzen da sorkuntzarekin Europa osoa kontuan hartuz gero. «Adibidez, agian haizerik ez dabil Espainian, baina aldi berean badabil Ipar Itsasoan», azaldu du irakasleak, eta gaineratu banaketa geografikoak lagundu egiten duela argindar kontsumoaren aldakuntza leuntzen: izan ere, sistema zabalean ordutegien desplazamenduarekin —ordu eremu desberdinengatik—, kontsumorik handiena ordu gehiagotan banatzen da kontinentean.

«Jakina, horretarako interkonexio gogorra behar duzu», zehaztu du Barrenak, penintsulako sistema elektrikoaren erronka handienetako bat ekarriz hizpidera.
Interkonexioak
Iberiar penintsula berez irla elektrikoa dela esan ohi da. Soilik hiru konexio ditu Frantziarekin Pirinioetatik. Laugarrena egiten ari dira itsaso hondoan Gatikatik (Bizkaia) Cubnezaisera (Frantzia), baina ez du nabarmen hobetuko penintsularen interkonexioa.
Hala esan du Barrenak ere, eta gogoratu Europak estrategikotzat jo duela kontinenteko sare elektrikoen interkonexioa hobetzea. «Hori da independentzia energetikoa izateko giltzarria. Ezin zara eremu batean gasa kontsumitzen ibili haizerik ez duzulako han, eta aldi berean beste eremu batean eolikoa edo fotovoltaikoa sobran izan».
Gainera, interkonexio gogorragoa lagungarria litzateke sistema babesteko potentzia gorabehera handietatik, sistema handiak eta zabalak sendotasuna ematen duelako potentzia aldaketen kontra.
Nolabait esateko, interkonexioak eta lineak malguki bat bezala uler daitezke. Konexio (malguki) ahul eta arin batean, alde bateko tupusteko tiraldia handia baldin bada (kontsumo gorakada edo jaitsiera), beste aldearen erreakzioa motelagoa da, eta, gainera, errazago hauts daiteke konexioa. Baina lotura (malgukia) gogorra bada, tiraldi handia behar da hari kalte egiteko; eta, gainera, beste aldearen erantzuna ia momentukoa da.
Erantzun bizkorrak funtsezkoak dira sistema elektrikoan, urrezko erregela beteko bada: une oro sorkuntza eta kontsumoa orekatuta egotea, sortutako potentzia elektrikoa eta kontsumitutakoa parekoa izatea.

Inertzia eta erreakziorako astia
Sistemaren oreka horretarako, maiztasun egonkorra da ezinbesteko aldagaietako bat; 50 hertzen inguruan egon behar du beti (50 bira segundoko). Maiztasun hori handitzen edo jaisten bada, seinale da sorkuntza eta eskaria ez daudela parekatuta. Eta horri lehenbailehen erantzun behar zaio, lineetako eta gailuetako matxurak eta gailuen babeserako deskonexioak eta itzalaldiak eragozteko.
Bai, iritsi da inertziaz hitz egiteko unea, eta hor irakasleak azpimarratu du inertziak ez diola egonkortasunik ematen sistemari. «Inertziak ematen dizuna erreakzionatzeko denbora da».
Sorkuntza tradizionalak, argindarra sortzearekin batera, inertzia fisikoa ere sortzen du, biraka dabiltzan eta zuzenean sarera konektatuta dauden turbinen masa handiekin.
Zer egiten du inertzia horrek, masa horrek? Hemen Barrenaren esplikazioa: «Inertzia masa bat da; eta indarra, berriz, masa bider azelerazioa da. Zu sorkuntza zara, ni kontsumoa, zuk tira egiten duzu eta nik ere bai. Indarrak berdinak diren bitartean, azelerazioa zero da. Horretarako, sistema elektriko guztian abiadura bera izan behar da: 50 hertz ingurukoa».
Abiadura jakin horretan doan sistema —turbina eta sorgailu sinkrono tradizionalen masa— tren baten masaren modukoa da berez, irakaslearen arabera. «Nik kontsumoa sartzen dudan momentuan, trena frenatzen hasten naiz, maiztasuna geldotzen. Zuk, sorkuntzak, tira egin beharko duzu indarrak berdintzeko».

Eta segundo erabakigarri horietan, turbinen masak garrantzi handia du: «Lerroko masa, inertzia hori oso handia izanda, nik tira egiten badut, konparazioan aldakuntza txikia da, eta denbora asko beharko nuke trena frenatzeko, sistema horrek inertzia oso handia duelako. Zuk, sorkuntzak, zure masari esker, astia daukazu konturatzeko, erreakzionatzeko, indarrak metatu, eta azelerazioa zerora eta abiadura 50 hertzetara itzultzeko».
Maiztasunean aldaketak gertatzen direnean erreakzionatzeko sistemak erregulazio primarioa du, hau da, erantzun azkarrerako potentzia erreserbak, eta baita erregulazio sekundarioa eta tertziarioa ere, kontrol geldoagoetarako.
Baina denborarik ez badago erreakzionatzeko? Barrenak azaldu du egoera. «Trenari bagoiak kentzen hasten bagara, burdina edo masa kentzen, eta amaieran txirrindulari bat ipintzen badugu, nik tira egiten dudan unean, txirrindularia oso azkar gelditzen dut, zuk (sorkuntzak) ez duzulako erreakzionatzeko denborarik izan, abiadura moteltzen hasten dela konturatzen zarenean baino ez zara-eta hasten argindarra sortzen».
Plaka fotovoltaikoek eta sorgailu eolikoek, baina, berez ez dute inertziarik jartzen sisteman, eta sorkuntzan iturri horretako energia gero eta gehiago izanez gero, inertzia jaisten bada, teorian galdu egiten da maiztasun aldaketen aurrean erreakzionatzeko astia.
Badu soluziorik horrek?

Bihurgailuak
«Potentzia elektronikoko bihurgailuek dinamika oso azkarra daukate. Bihurgailu elektronikoekin nahi duzuna egin daiteke», laburbildu du Barrenak. Bi aukera aipatu ditu. «Batetik, erantzun primario oso bizkorra eskaintzea, bihurgailuak dituzten biltegiratze sistemekin, zeinak gai diren biltegiratutako potentzia segundo bakarrean emateko». Halako erantzuna emateko, biltegiratze sistementzako merkatua ere ezarri ahalko litzateke.
Zentral fotovoltaikoek eta parke eolikoek ere badituzte maiztasuna igoz gero potentzia jaisteko gai diren bihurgailuak. «Hori eskatzen zaie 2020az geroztik».
Horrez gain, ikertzailearen ustez, «ipin daitezke gailuak sistemaren inertzia handitzeko». Aipatu du nola bihurgailuak kontrola daitezkeen inertzia emulatzeko ere, inertzia birtuala sortzeko sistemarentzat. «Inertzia birtual hori egiteko ere, bihurgailu elektronikoak biltegiratze sistemekin erabiliko lirateke. Bihurgailu horiek sorkuntza sistema tradizionalen portaera imitatzen dute; sorgailu sinkronoen inertzia fisikoaren potentzia fluxua simulatzen dute».
Eta sistemaren inertzia handitzeko beste aukera bat zera da, inertzia fisikoa ematen duten gailuak sarera konektatzea, konpentsadore sinkrono esatzen zaien gailuak.
Erronkak lerroetan ere
Eta horrek guztiak zer dakarkio argindar sareari? Bada, berritu beharra, besteak beste sorkuntza tokiak aldatu egin direlako. «Sareak energia sortzeko zentral tradizionalak kontsumoarekin lotzeko eginak daude. Zergatik abiatzen da Gatikan ur azpiko interkonexio kablea? Goi tentsioko lerroa doalako hara, Lemoizko zentralerako garraio lerroa zena. Baina demagun argindarra lehen zentralik ez zegoen toki batean sortzen hasi zarela. Goi tentsioko lerro berriak behar dituzu».

Eta zer gertatzen da barreiatutako sorkuntzarekin, autokontsumoan, behe tentsioko banaketa sarean sortzen ari den energia gero eta ugariagoarekin? «Hor pausoak eman beharko ditu Espainiako Gobernuak», esplikatu du Barrenak, kezkatuta. «2030erako 20 gigawatteko autokontsumo izatea aurreikusten baduzu, hori monitorizatu eta kontrolatu egin beharko duzu. Sarean ezin da hainbeste energia eduki kontrolik gabe, eta horretarako prestaturik ez daude behe tentsioko banaketa sareetan».
Ildo horretan, merkatu eta figura berriak agertzen hasiko dira. Adibidez, agertu dira eskari agregatzaileak, etxe multzo eta komunitate energetikoen errekurtso energetikoak monitorizatu, kontrolatu eta energia edo sareari zerbitzuak kolektiboki salduko dituzten agenteak.
Ikusi beharko da zenbateraino dagoen behe tentsioko banaketa sare hori gainezka eginda autokontsumoaren sorkuntzari erantzuteko. Horretaz kexu dira hura kontrolatzen duten banatzaileak, konpainia elektriko handiak. Izan ere, Espainiako Gobernuak muga bat ezartzen die banaketa sareetan egin ditzaketen inbertsioetan, kontsumitzaileen fakturan gehiegizko igoerak eragozteko. Baina Barrenak argi dauka: «Lerro gehiago beharko dira behe tentsioan, bi norabideetakoak».
Sorkuntza, sostengu, kontsumo eta kontrol puntu gehiago; interkonexio, garraio eta banaketa lerro gehiago. Eta eragile, erakunde eta merkatu gehiago. Sagardotegian hori esan daiteke itzalaldiaz, mudantza handia ari dela gertatzen.