Argindar sareak apirilaren 28an izandako makalaldiak hankaz gora jarri zuen eguneroko bizimodua. Bat-batean, eta ordu gutxi batzuetan izan bazen ere, dena desberdina izan zen, eta herritarrek arrunt eta ohikotzat jotzen zituzten zenbait tresna, zerbitzu eta baliabide beste modu batera antolatzeko edo haiek gabe moldatzeko beharra sortu zen. Horiei ongi erreparatzen jakinez gero, itzalaldiak gako asko eman ditzake gaur egungo gizartearen ezaugarri eta arazoen inguruan, eta etorkizunerako erronka batzuk ere jartzen ditu begien bistan.
Egungo gizartea hiperkonektaturik dagoela eta energiaren menpekoa dela jakina zen lehenagotik ere, baina itzalaldiak eman du errealitate horren neurria. Jende askorentzat, itzalaldia bera baino kezkagarriagoa izan zen informaziorik jaso ezin izatea edo senideekin komunikatzeko aukerarik ez izatea. Amaia Izaola (Getxo, Bizkaia, 1957) soziologoa da, eta EHUko irakaslea: «Sare sozialak eta komunikatzeko tresnak gure egunerokoaren ezinbesteko osagaiak dira, baina itzalaldiak erakutsi digu ikasi behar dugula premiazkoa dena eta hain garrantzitsua ez dena desberdintzen».
Izaolak gogorarazi du agintariek aholkua eman zutela telefonoa eta sare sozialak «premiazko kontuetarako» baino ez erabiltzeko: «Arazoa zera da: denok pentsatzen dugula geurea dela premiazkoena». Haren iritziz, garrantzitsua da teknologia berriek ematen duten «bat-batekotasuna» albo batera uzten jakitea, behar izanez gero. «Badakit errazagoa dela esatea egitea baino, baina ariketa hori egin behar da».
«Ez gara zaurgarri bilakatu: lehenago ere baginen, baina inoiz ez dugu pentsatu hori gerta zitekeenik eta, beraz, ez dugu ezer planifikatu»
JAVIER LARREAOPRA behatokiko presidentea
Javier Larrea (Bilbo, 1952) OPRA Istripu eta Arriskuak Prebenitzeko Behatokiko presidentea da. 1985etik 2000ra arte, Bilboko suhiltzaileen zerbitzuko burua izan zen, eta Bilboko Udaltzaingoaren zuzendariordea ere izan zen tarte batez. Hark ere pentsatzen du itzalaldiak agerian utzi duela energiarekiko menpekotasuna, baina uste du hori aurreikusteko modukoa dela: «Arlo sanitarioan, adibidez, erietxeak behartuta daude gailu elektrogenoak edukitzera, eta oraingoan, horrek funtzionatu egin du; ospitaleetan ez da arazo larririk sortu. Beraz, hori aurreikusita dago; agian, orain da garaia talde elektrogenoak edukitzeko beharra, osasun arlora ez ezik, beste esparru batzuetara ere hedatzeko, adibidez, zahar etxeetara eta gasolindegietara».
Joan-etorriak egiteko gaitasuna
Joan-etorriak egiteko gaitasuna eta beharra ere bada gaur egungo gizartearen ezaugarri nagusietako bat, eta itzalaldiak agerian utzi du gaitasun hori oztopatzen denean zelako arazoak sor daitezkeen. Euskal Herrian ere ohikoa da lan egiteko udalerri batetik bestera joan behar izatea, eta are herrialde batetik bestera ere, nahiz eta, Izaolak dioen moduan, «gertutasuna» izan ezaugarri nagusia: «Gure lurraldearen neurria den bezalakoa da, eta herritarren multzo handi bat hirietan batzen da. Lan egiteko mugitu behar izatea arrunta da, baina distantziak inguruko beste leku batzuetan baino txikiagoak izaten dira».
Garraio publikoari dagokienez, trenek eta metroak arazo handiagoak izan zituzten autobusek baino. Izaolaren iritziz, garraio publikoak oro har eutsi egin zion erronkari, eta «azkar» erantzun zuen, herritarrei sorturiko eragozpenak gorabehera: «Duela urte batzuk, erantzunak ez ziren hain berehalakoak. Uste dut emandako erantzuna balioetsi behar dugula, eta, oro har, garraio publikoak duen garrantzia aitortu».
Kalean eta errepidean ere, ibilgailuen joan-etorria oztopatu zuen itzalaldiak, batez ere semaforoak zerbitzutik at geratu zirelako. Edonola ere, eta oro har, ez zen auto ilara handirik sortu, eta neurri handi batean gidarien eta oinezkoen jokabideari esker gertatu zen hori: egoera zein zen jakinda, astiroago ibili ziren gidariak, elkarri eta oinezkoei bidea emanda, eta leku gehienetan ez zen aparteko arazorik sortu.
«Kolapso egoeretan erantzuten dakien gizarte bat gara, eta hori berriro erakutsi dugu oraingoan»
AMAIA IZAOLASoziologoa eta EHUko irakaslea
Izaolak uste du «hezierak» zerikusi handia duela horretan: «Denboraren poderioz, idatzi gabeko arau sozial batzuk barneratu ditugu, eta ikasi dugu beste era batera jokatzen, gidatzean eta esparru publikoan ibiltzean. Gogoan dut kale eta errepideetan biribilguneak egiten hasi zirenean jende asko kexu zela edo zalantzak zituela, horien ondorioz astiroegi ibiliko zirelakoan, baina horrek eta antzeko neurriek irakatsi digute esparru publikoa partekatzen. Horretan, hirien diseinua, oinezkoentzako pasabideen ugaltzea eta abar lagungarri suertatu dira, batez ere azken hamarkada honetan».
Larreak uste du aferak beste ondorio batzuk utzi dituela, hiri ereduarekin zerikusia dutenak: «Hiria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak izan dira arazoak. Biztanleen dentsitate handiak zaurgarritasun handiagoa dakar. Eta turista asko erakartzen dituzten hiriek arazo handiagoak izan dituzte: turistek ez dute hiria ezagutzen, txartoago moldatzen dira garraioetan, eta ez dute eskuko dirurik izaten».
Igogailuak arazo iturri nagusietako bat izan ziren itzalaldian: jende asko harrapaturik gelditu zen igogailuak argindarrik gabe lotu zirenean, eta suhiltzaileek 343 erreskate egin behar izan zituzten. Auzi horrek ere badu zerikusia egungo hirigintza ereduarekin, eta, Izaolaren iritziz, ez du konponbide errazik, pentsaezina baita igogailurik gabeko hiririk irudikatzea: «Gure bizilekuarekin eta gure bizimoduarekin du zerikusia. Etxebizitza bilatzen dugunean, kokapena eta komunikazioak kontuan hartzen ditugu, eta igogailua izatea ere bai». Larreak, berriz, uste du igogailuetako aferak ere irakaspen garrantzitsuak utzi dituela: «Antzeko zerbait gertatzen bada berriro, lehenengo egitekoa da ikustea ea inor gelditu den igogailuan harrapatuta, esperientziak frogatu baitu hori dela arazo nagusietako bat eta suhiltzaileen jarduera asko baldintzatu duela».
Tokian tokiko denden garrantzia ere agerian utzi du itzalaldiak, Izaolak dioenez: «Merkataritza gune handietan ezinezkoa da ezer egitea argindarrik gabe, baina gertuko ostalaritza eta saltoki txiki askotan moldatu dira argirik gabe ere lanean jarraitzeko, eskuz kobratuz, bezeroei produktuak zorretan kobratuz, eta ardurak hartuz etxetik ateratzeko zailtasunak dituen adineko auzokidea ogirik gabe gera ez zedin».
Prebentzioaren beharra
Askotan, muturreko eguraldiak sortzen ditu larrialdiak, baina elurte, eurite eta antzekoetan, normalean larrialdi zerbitzuek arriskuaz ohartarazten dute aldez aurretik. Larreak nabarmendu duenez, egoera oso bestelakoa izan da oraingoan: «Argindarra joaten bada, hori bat-batekoa da, ez dago aldez aurretik abisua ematerik, eta ezinezkoa da jakitea noiz gertatu behar duen. Orduan, zaurgarriak garela jabetzen gara. Ez gara zaurgarri bilakatu: lehenago ere baginen, baina inoiz ez dugu pentsatu hori gerta zitekeenik eta, beraz, ez dugu ezer planifikatu».
Horregatik, prebentzio lana funtsezkoa dela pentsatzen du Larreak. Eta hori larrialdirik ez dagoenean egin behar da: «Larrialdia ez da zer egin behar den pentsatzen hasteko garaia, ezpada aldez aurretik pentsatutako neurriak gauzatzekoa». Planifikazio horren falta nabaria dela uste du: «Ez gaude prestaturik. Larrialdi honek bizpahiru egun iraun izan balu, ikaragarria izango zatekeen».
«Izaki sozialak gara; arriskua ekar dezaketen egoeretan gizakiak badu elkartzeko joera»
ESTHER VAZQUEZBizkaiko Psikologia Elkargoko kidea
Zenbait neurri proposatzen ditu Larreak horretarako; besteak beste, boluntarioek osatutako babes zibileko elkarte bat sortzea. Dioenez, aukera hori oso hedatuta dago Europan: Alemaniak milioi bat boluntario ditu larrialdietarako, eta Frantziak, 200.000 inguru. «Hemen, aldiz, arlo hori ez dago batere jorratuta», salatu du; «EAEko Larrialdien Kudeaketarako Legearen arabera, alkateak dira babes zibileko agintari nagusiak larrialdi egoeretan, baina eskumen hori ez dago inolako tresnaz edo baliabidez sustatuta. Udalek mekanismo batzuk izan behar dituzte eskumen hori garatzeko».
Larrearen proposamenaren arabera, udalerri bakoitzak udaltzain eta babes zibileko langile adina boluntario eduki beharko luke: «Adibidez, herri batean berrogei udaltzain badaude, gutxienez beste horrenbeste boluntario izan beharko luke. Itzalaldian, herri gehienetan udaltzainak erantzun ezinik ibili ziren, trafikoa zuzentzen egon zirelako. Baina trafikoa zuzentzea babes zibileko boluntario talde batek egin dezake arazo handirik gabe».
Gizartearen erreakzioa
Esther Vazquez (Bilbo, 1994) larrialdietako psikologoa da, eta Bizkaiko Psikologia Elkargoko kidea. Dioenez, ziurgabetasun egoera batean, gizakiaren erreakzioa «aldakorra» izaten da: «Batzuek beldurrez jokatzen dute, edo erreakzionatu ezinik, eta beste batzuek lasaitasunari eusten diote; nortasunaren araberakoa izaten da, edo antzeko egoeretan ikasitakoaren arabera».
Hedabide askotan nabarmendu dute oraingoan herritarren joera nagusia izan dela itzalaldiaren ondorioak elkarri lagunduz konpontzen saiatzea, eta trafikoan izandako normaltasuna aipatu dute horren adierazgarri. Ikuspegi horrekin bat dator Izaola: «Pandemiak asko irakatsi digu, onerako eta txarrerako. Batez ere, funtsezkoa eta funtsezkoa ez dena desberdintzen irakatsi digu, eta elkarlanaren garrantzia. 1983ko uholdeek ere azaleratu zuten gure gizarteak ahalmena daukala erantzuteko eta elkarrekin jarduteko. Kolapsoetan erantzuten dakien gizarte bat gara, eta hori berriro erakutsi dugu oraingoan. Gizarte osasuntsu baten ezaugarria da hori».
Larrearen iritziz, jendearen erreakzioak zerikusia du larrialdi motarekin. «Gertatu zena ez zen pertsonen segurtasunerako arrisku bizia, ez zen sutea edo uholdea. Egoera deserosoa zen, baina ez zen mehatxu bat. Horrek badu eragina herritarren jokabidean».
Herri eta hiri askotan, itzalaldia gertatu zenean, jendeak kalera jo zuen, etxean argirik gabe edo lantokian lanik egin ezinik zegoela ikusita, eta handik gutxira, kale eta plaza askotan jende multzo handiak osatu ziren. Vazquezek uste du hura ez zela kasualitatez gertatu: «Izaki sozialak gara, eta modu intuitiboan badakigu elkarrekin egonez gero bizirauteko aukera gehiago dugula. Normala izan daiteke kanpora joatea, ilunpetan eta ezer egin barik gelditu beharrean, baina egia da arriskua ekar dezaketen egoeretan gizakiak baduela elkartzeko joera».