Munduko finantzak

Multinazionalen zerga ihesaren aurkako «akordio historikoa» egin dute G7koek

Gutxieneko sozietate zerga globala %15ekoa izatea adostu dute. Enpresa teknologiko handiek beren irabazien %20 eman beharko dute. Erabakiak OCDEren babesa beharko du, mundu osoan indarrean sartzeko. 

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria eta Janet Yellen AEBetako AEBetako Altxorreko idazkaria, larunbat honetan, Londresen. HOLLIE ADAMS (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 4a
18:13
Entzun

Pandemia bat eta AEBetako gobernu aldaketa. Biak gertatu behar izan dira azken urteetan nazioarteko ekonomiak gehien kezkatu duen puntuetako bat desblokeatzeko. G7a osatzen duten herrialdeetako arduradun ekonomikoek akordio «historiko» bat itxi dute larunbat honetan, multinazionalen zerga ihesari aurre egiteko: proposatu dute enpresen irabazien gaineko gutxieneko zerga %15ekoa izatea herrialde guztietan. Akordioak multinazionalei eta, bereziki, enpresa teknologiko handiei eragingo lieke. 

Azkenean, Joe Bidenen gobernuak kontzesio garrantzitsu bat egin du erraldoi digitalen puntuan. Alor horretako «munduko enpresarik handienek», gutxienez %10eko irabazi marjinak badituzte, beren irabazien %20 banatu beharko dituzte jarduten duten lurraldeetan, eta ez soilik egoitza soziala dutenetan. Argitu gabe geratu da munduko enpresa handien definizioarekin zer esan nahi duten eta estatu batzuetan enpresa horiei ezarritako zerga espezifikoekin (Google tasa eta gisakoekin) zer gertatuko den neurri berria indarrean sartu arte.

Bereziki bi gai horiek landu dituzte aste bukaera honetan Londresen bildutako zazpi ekonomia boteretsuenetako finantza ministroek. Horiek eta akordioaren beste puntu batzuk aurrerago zehazteko nahia agertu dute. Datorren astean izango da G7ko gobernuburen goi bilera, Kornuallesen (Ingalaterra). G20koak uztailean bilduko dira, eta, akordioa mundu osoan indarrean sartu nahi bada, OCDEren oniritzia beharko du.

Beharrak bultzatuta

Aspaldiko asmoa zen sozietate zerga global bat ezartzeko nahia, multinazional handien zerga ihesa gutxitzeko eta diru horiek paradisu fiskaletan eta gisakoetan amaitu ez dezaten. Baina OCDEn orain arte egindako saioak kamutsak izan dira, besteak beste, AEBen ukoagatik, hango enpresen interesak babesten aritu direlako. Azken urteetan teknologia handiek izan dituzten irabaziek, baina, berpiztu dute sozietate zerga global bati buruzko eztabaida, eta koronabirusaren krisiak areagotu egin du behar hori, estatuek diru sarrerak handitu behar izan dituztelako osasun krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. 

Etxe Zuriko maizter aldaketarekin, Washingtonen ohikoa zen mezua aldatu du. Joe Biden ere diru beharrean dago bere azpiegitura plan anbiziotsua finantzatzeko, eta, alderdi demokrataren ezkerreko adarrak xaxatuta, enpresa handien irabazi mardulei koska egiteko garaia iritsi dela erabaki du, AEBetan sozietate zerga %21etik %28ra igotzeko asmoa agertuta. Hori eginda, baina, enpresa handi askok beste herrialde batzuetara alde egingo ote duten beldur zen Bidenen administrazioa, eta horrek eraman du, hein handi batean, gutxieneko global bat adostu nahi izatera. Hasieran, %21ekoa izateko asmoa agertu zuen, Frantziak eta beste batzuek bezala, baina, azkenean, apaldu egin dute asmo hori, herrialde gehiago egitasmora batu ahal izateko.

Bilerako parte hartzaileetako batzuek aitortu dutenez, motz gera daiteke kopuru hori, herrialde gehienetan tasa horren gainetik baitago sozietate tasa nominala. Baina, egiazki, ez da horrela izaten leku askotan, enpresak gero eta handiagoa izan, aukera gehiago izaten baitituzte beren zerga fakturak txikitzeko, edo ingeniaritza fiskala gehiago baliatzeko. Europako Batasunean, adibidez, talde horietako askok Irlandara, Herbehereetara edo Luxenburgon kokatutako adarretara desbideratzen dituzte EBn bildutako irabaziak, eta hango sistemek ematen dituzten erraztasunen ondorioz, geroago irabazien zati handi bat paradisu fiskaletan bukatzen dute.   

Akademikoen artean, halaber, badago mundu mailako gutxieneko sozietate zerga baten arriskuez ohartarazten duenik: horietako bat da Josep Stiglitz Ekonomiako Nobel sariduna. Hark nabarmendu duenez, gerta daiteke nazioartean ezartzen den gutxieneko bihurtzea gehienezkoa, eta ohartarazi du horrek bereziki herrialde pobreei egingo liekeela kalte, haietan pisu handiagoa duelako sozietate zergak.

Eta Euskal Herrian, zer?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %20ko sozietate zerga dute enpresa txikiek, eta %24ko tasa handiek. Nafarroan, %17 da kooperatibentzat eta lan sozietateentzat, %23 txikientzat, eta %28 handientzat. Azken erreformaren ondotik, bada gutxieneko tasa bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —%11 eta %17 artekoa handientzat—, baina hortik behera ordaintzen dute askok. ELA sindikatuak kaleratutako txosten baten arabera, 2019an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 enpresa handienek batez beste %7,6 baino ez zuten ordaindu sozietate zergan. 

Gutxieneko zergapetzea %15ean jarrita zaila litzateke aurreratzea zer-nolako eragina izango lukeen foru ogasunetan. Zerga Sistemaren Europako Begiratokiak ez ditu Hego Euskal Herriko zerga sistemak bereizten, eta ikusteko dago Espainiarentzat egindako kalkuluek balioko ote luketen Euskal Herrirako ere, multinazionalen adarren egoitza gehien-gehienak Madrilen eta Bartzelonan daudelako. 

Baina ariketa egin daiteke. Horrela, %15eko gutxieneko tasarekin Espainian 700 milioi euro gehiago bilduko liratekeela dio begiratokiak. Horren barruan Euskal Herrian bildutakoa ere badela kontuan hartuz gero, eta banaketa proportzional hutsa eginez gero, gutxi gora behera 60 milioi euro gehiago jasoko lukete foru ogasunek —2019an, Espainiako bilketaren %8,5 egin zuten—. Kopurua ez da oso handia, kontuan hartuta urte horretan 1.316 milioi euro bildu zituztela foru ogasunek sozietate zergarekin. Egoitza Euskal Herrian ez duten teknologia handiei dagokienez, berriz, euskal zerga sistemara egokitu beharko litzateke proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.