Munduko energia sektorearen CO2 emisioak inoizko handienak izan ziren iaz

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, Indiaren eta Txinaren emisioak handitzeak konpentsatu egin zuen EBn eta AEBetan gutxitu izana.

ikatza
Ikatza erretzen duen zentral termiko bat, Txina hegoaldean. MARK R. CRISTINO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 1a
11:50
Entzun

Energia sektoreak 37.400 milioi tona (37,4 Gt) CO2 isuri zituen iaz atmosferara, inoizko gehien. Aurreko marka 2022koa zen, baina orduan baino 410 milioi tona gehiago isuri zuten iaz, %1,1 gehiago.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak gaur kaleratutako txostenak nabarmendu duenez, Indiaren eta Txinaren emisio gero eta handiagoek eragin dute kopuru orokorra igo izana.

Txinarenak 565 milioi tona handitu ziren (+%4,7), eta jada hark egiten ditu munduko CO2 emisioen herenak, han pilatuta baitago energia handia kontsumitzen duen industria astunaren zati handi bat. Edonola ere, Pekingo gobernuak inbertsio handiak egin ditu azken urteetan energia berriztagarrien hedapenean, eta iaz hark egin zuen auto elektrikoetako, parke eolikoetako eta fotovoltaikoetako inbertsioaren %60. Energia sektorearen CO2 emisioen gorakadan zerikusia izan zuen eguraldiak ere, lehorteak asko apaldu baitzuen zentral hidraulikoen ekarpena.

850

Ikatza da erregai fosilen artean kutsagarriena, eta gehien murriztu behar dena planetaren berotzea mugatu nahi bada. Haatik, 2019az geroztik energia sektorean gertatu den emisioen handitzearen %70 ikatzak eragindakoak dira (850 milioi tona). Zehatzago esateko, Txinako eta Indiako zentral termikoenak. Mendebaldeko herrietan, berriz, ikatzaren kontsumoa 1900. urteko mailara jaitsi da.

Txinaren per capita emisioak dagoeneko %15 handiagoak dira ekonomia aberatsenenak baino. Hori ez da gertatzen, ordea, 2023ko hazkundearen bigarren erantzulearekin, Indiarekin. Haren emisioak munduko batezbestekoaren erdia baizik ez dira, baina iaz asko handitu ziren: 190 milioi tona edo %7. Hazkunde hori herrialdearen hazkunde ekonomikoarekin lotu daiteke nagusiki —%6,7 handitu zen iaz BPGa—, baina laurden bat eguraldi lehorraren ondorio dela dio IEAk, montzoiaren garaiak ohi baino euri gutxiago ekarri zuelako eta zentral hidraulikoen ekoizpena txikitu zuelako.

Aberatsetan, gero eta gutxiago

Hazkunde ekonomikoaren eta CO2 emisioen arteko lotura, ordea, eteten ari da Mendebaldeko herrialdeetan. Ekonomia aurreratuak deitzen diren horietan %1,7 handitu zen BPGa, baina isuriak %4,5 txikitu ziren. Halako jaitsierarik ez zen gertatu atzeraldirik gabeko urte batean. Are gehiago, emisioak duela 50 urteko mailan daude orain.

Zehatzago esateko, IEAren datuek diote EBn %9 gutxiago isuri dutela energia sortzeko, eta AEBetan %4,1 gutxiago.

Hainbat arrazoi daude horretarako: eguraldia ohi baino epelagoa dela ipar hemisferioan, industriaren ekoizpena txikiagoa dela herrialde gehienetan, baina, batez ere, energia berriztagarrien hedapena eta ikatzaren erabilera 1900. urteko mailara jaitsi dela.

Iaz CO2 emisioak handitu arren, nahiko baikor azaldu da Fattih Birol IEAko idazkaria. «Energia trantsizioa erritmo onean doa, eta emisioak murrizten ari dira. [...] Pandemia batek, energia krisi batek eta ezegonkortasun ekonomikoak energia sistema garbiagoak eta seguruagoak sortzeko ahaleginak zapuztu zitzaketen, baina ekonomia askotan kontrakoa gertatu da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.