Lan osasuna

Murgako birziklatze enpresako lan baldintza «penagarriak» salatu dituzte sindikatuek

LABek ziurtatu duenez, hamar orduko lanaldiak dituzte Murgako plantan, eta ez dago arriskuen prebentzioari buruzko neurririk

Lan istripuak salatzeko kontzentrazioa, Zorroza birziklatze plantan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 26a
16:36
Entzun

Azken lan istripu hilgarria lan baldintza «penagarriekin» lotu dute sindikatuek. Astelehenean gertatu zen istripua, Zorroza birziklatze plantan, Murgan (Aiara, Araba). 30 urteko langile bat, gizonezkoa eta Senegalen jaiotakoa, lau metroko altueratik erori zen, eta, jasotako zaurien ondorioz, hil egin zen, asteartean, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia).

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak Murgako lantegiaren aurrean batu dira gaur eguerdian, Lan istripu gehiagorik ez zioen pankarta batekin. CCOOk ere protesta egin du, baina Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren aurrean.

Agiri baten bidez, LABek ziurtatu du urtea hasi denetik hamalau lagun hil direla lanean Euskal Herrian. Horiei batu dakizkieke Zaldibarko zabortegiko luiziaren azpian desagertu diren bi beharginak, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze.

Laneko ezbeharrak prekaritatearekin lotuta daudela esan ohi dute sindikatuek, eta, Murgako plantaren kasuan, LABek ez du horri buruzko zalantzarik. Haren arabera, oso lan baldintza kaskarrak dituzte birziklatze enpresan. Egunean hamar orduko lanaldiak egin behar dituzte, «nahitaez»; soldatak txikiak dira, eta lan erritmoak, berriz, oso handiak. LABek dioenez, instalazioen garbitasuna «desegokia» da, eta enpresako kudeatzaileek «hitzezko tratu txar jarraituak» ematen dizkiete langileei.

Deia agintariei

Sindikatuak ziurtatu du birziklatze plantako langileek ez dutela prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan. CCOOk zehaztu duenez, langilea, erori zenean, mantentze lanak ari zen egiten, teilatu hodi batzuk aldatzen. «Zentzu onak dio lan hori ez dagokiola birziklatze enpresa bateko langile bati», esan du Juan Luis España CCOOko eraikuntza eta zerbitzuetako Arabako arduradunak. Sindikatu horrek dio biktimak eragiten dituzten istripuak «izozmendiaren punta» baizik ez direla.

CCOOk eskatu die enpresei eta Eusko Jaurlaritzari neurriak har ditzatela laneko heriotzen inguruan. Berdintsu mintzatu da LAB ere: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde publikoak interpelatzea, neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin. Beharrezkoa da erakundeek zaintza, kontrol eta azterketa neurri eraginkorrak ezartzea».

LABek ziurtatu duenez, prekaritate handiko eskualdea da Aiaraldea. Zorroza ondoan dagoen enpresan, Tubos Mecanicos del Norten, greba mugagabean daude otsailaren 10az geroztik, eta Garobel enpresako langileek «etorkizuna arriskuan dute».   

Arratsaldean manifestazioa egingo dute Amurrioko Herriko Plazatik abiatuta, Aiaraldeko greba batzordeak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.