Donald Trumpen administrazio berriak aztoratuta dauzka estatubatuarrak, haren adiskide Elon Musk bazterrak nahasten ari baita. Askok salatu dute Muskek kolpe latza eman diola AEBetako Gobernuari.
Musk adiskideak 250 milioi dolar eman zizkion Trumpi hauteskunde kanpainarako, eta orain «gobernuaren enplegatu berezia» da. Haren estatusa astelehenean argitu zuen gobernuak, oraindik ez baitzen jakina zein zen haren kargua; bitartean, nahi zuena egin du Muskek.
Enplegatu bereziaren behin-behineko izendapen horren bidez, Muskek Etxe Zurian lan egin dezake 130 egunez ordainik jaso gabe, eta ez luke egin beharko ohiko langileei eskatzen zaien finantza deklaraziorik.

Kargu horren bidez, eta teorian AEBetako Gobernuaren defizita murrizteko DOGEko burua izanda, Musk bere jendea barreiatzen hasi da gobernuko agentzia eta sailetan, eta gastua eta burokrazia murrizteari ekin dio.
Aldi berean, azken asteetan etengabe txiokatu du X sare sozialean —ez dela nazia, zuriak jazarrita daudela Hegoafrikan, transexualen kontrako edozein adierazpen...—, eta bere jomugak aurkeztu ditu.
Jomuga horietako bat USAID laguntza humanitariorako agentzia izan da, zeina, Musken txioen arabera, «marxistei eta kriminalei dirua ematen» aritzen den.
Agentziarekin aurka hitz egin zuen asteburuan, eta agentzia itxiko zuela eman zuen aditzera X-n astelehenean; Trumpek erabakia berretsi zuen. Neurri hori konstituzionala ote den zalantzan jarri dute hedabide eta demokrata askok. Atzo, asteartez, Hezkuntza Departamentua gehitu zuen Muskek bere txioen jomugen zerrendara.
Kezkarik handiena honek piztu du: zertan ariko ote den Musken DOGEko jendea Altxor Sailean
Hala ere, kezkarik handiena honek piztu du: zertan ariko ote den Musken DOGEko jendea Altxor Sailean (AEBetako Ekonomia Ministerioan). Izan ere, sarbidea lortu dute ordainketa federalen sistemara, eta, hala, oztoporik aurkitzen ez badute, aukera zabalduko zaie honelako kontratuaren ordainketak atzeratzeko, edo halako dirulaguntza eteteko... Gizarte Segurantza kobratzen dutenen datu pertsonalak ere atzitu ditzakete, baita antzeko beste datu pertsonal batzuk ere. Galdera bat pizten da ezinbestez: Musken irizpideen mende egongo al dira gobernu federalaren ordainketak?
Argi dago Trumpen babesa duela Muskek oraingoz; hala ere, honakoa esan zuen AEBetako presidenteak astelehen arratsaldean: «Elonek ezin du ezer egin —eta ez du egingo— gure oniritzirik gabe, eta egokia deritzogunean emango diogu oniritzia. Egokia ez denean, ez diogu emango».
Bitartean, CNN telebista kateak azaldu duen bezala, munduko gizon aberatsenak milaka milioi dolarreko kontratuak ditu gobernuarekin, eta, Trumpen garaipenari esker, orain sarbidea dauka AEBetako gobernu federalaren barren-barreneko mekanismoetara.