Energia berriztagarriak

Muskizko findegiaren herena hidrogeno berdez hornitu nahi du Petronorrek 2025erako

Hidrogeno berdea sortzeko lehen elektrolizatzailea martxan du dagoeneko. Orduko 2 MW argindar behar ditu, eta bi urtean 100 MWko bat eraikiko du.

Petronor. PETRONORREK MUSKIZKO FINDEGIAN ERAIKI DUEN ELEKTROLIZADOREA.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urriaren 9a
17:51
Entzun

Petronorrek martxan du dagoeneko hidrogeno berdea ekoizteko lehen elektrolizatzailea. 2018an hasitako bideak aurreneko pauso sendoa eman du dagoeneko, eta egunean tona bat hidrogeno ekoizteko gailua lanean du Muskizko findegian (Bizkaia). Orduko 2,5 MW argindar behar dituen elektrolizatzaile bat da, eta Petronorren helburua 2025erako hamar MWhko bat eta 100 MWhko beste bat martxan jartzea da. Azken horrek ekoitziko duen hidrogenoa petrolio findegian erabiliko du, eta uste du azpiegituraren energia kontsumo osoaren %35en jatorria izatera iritsiko dela.

«Hau hasiera bat da, eta gaurko eguna mugarri bat da. Hori bai, industria deskarbonizatu nahi badugu, industria behar dugu. Izan ere, munduko ekonomiaren %50 edo %60 ezingo da elektrifikatu: kimika, papera, porlana, hegazkinak, itsasontziak... eta horretarako beharko dugu hidrogeno berdea». Josu Jon Imaz Petronorreko presidente exekutiboak horrela azaldu du hidrogenoaren aldeko apustuak duen garrantzia.

Elektrolizatzailearen inaugurazio ekitaldian hartu du hitza. Babes zabala jaso du Abanto teknologia parkean eginiko ekitaldian. Han ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Antton Arriola Kutxabankeko presidentea. Imazek zehaztu du lehen elektrolizatzaileak 11 milioi euroko kostua izan duela, eta urtean 350 tona hidrogeno berde ekoitziko duela. Zenbat den kalkulatzen jarrita, 6,5 kilo hidrogenorekin auto handi baten depositua bete daiteke —55 litrokoa—, eta hark 650 kilometro egingo lituzke.

Elektrolizatzaileak ekoizten duen erregaiak bi erabilera izango ditu: batetik, esan bezala, findegian bertan erretzea; bestetik, Abantoko parkea hornitzea. Horretarako bi kilometroko hidrogenobide bat eraiki du Nortegasek. Ibilgailuak hidrogenoz hornitzeko puntu bat ere ezarri dute bertan. Elektrolizatzaileari dagokionez, Sener eta John Cockerill ingeniaritza enpresek egin dute.

12.000 litro ur egunean
Elektrolizatzaileak ura zatitu eta hidrogenoa eta oxigenoa banatzen ditu. Atzo inauguraturikoak 12.000 litro ur zatitu ditzake egunean, eta mila kilo hidrogeno lortu. Ur hori findegian beste erabilera batzuetarako erabilitako uraren kondentsaziotik lortuko du. Prozesurako, hori bai, argindar asko behar du, 60 megawatt eguneko —findegi osoak 85 MW erabiltzen ditu orduko—. Teknikariek ikertu hala behar hori murrizteko aukera ikusten dute.

Argindarra baita hidrogeno berdea lortzeko prozesuaren aldagai garestiena. Kostu osoaren %75 da, eta haren gorabeheren mende dago. Alderatzen jarrita, hidrogeno grisaren kostua —gasetik lorturikoa— berdearen herena da. Garestia da, baina Imazek argi du merezi duen apustu bat dela, eta alde horretatik tankera horretako teknologiak garatzeko testuinguru egoki bat eskatu zien erakundeei bere hitzaldian.

Mezu hori Europako Batasunarentzat zen bereziki, eta nabarmen du zuen ezen, etorkizuna berriztagarria den arren, oraindik goizegi dela erregai fosilei bizkarra emateko. «Lasterketa teknologikoa galtzeko zorian gaude», ohartarazi du, mundua deskarbonizatzen lagundu behar duten teknologiei «arrazoi ideologikoengatik atea ixten ari garelako». Haren ustez, Europak norabidea aldatzen ez badu inbertsio handi gehienak AEBetan egingo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.