Atzeraldi ekonomikoaren olatua Nafarroara iritsi da. Ekonomistek diote teknikoki atzeraldian sartzeko bi hiruhilekotan jarraian barne produktu gordinak behera egin behar duela, eta hori gertatu da foru erkidegoan. Urritik abendura %0,8jaitsi zen, eta urtarriletik martxora beheranzko joera areagotu eta %1,6 jaitsi zen. Lehen hiruhilekoko datuak iazkoarekin alderatuz gero, berriz, ekonomiak %2,2 egin zuen atzera.
Nafarroako estatistika erakundeak jakinarazi ditu zifra horiek. Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak azaldu du «unerik larrienean» dagoela ekonomia, eta datu ezkor horiek, espero ziren heinean, ez dutela harritu aitortu du. «Nire ustez, ekonomiaren argazki okerrena ikusten ari gara, eta hurrengoak hobeak izango direlakoan nago». Mirandak gaineratu du ekonomia «behea jotzetik gertu» dagoela pentsatu behar dela.
Ekonomiaren beherakada, batik bat esportazioen jaitsierak, industria produkzioaren beherakadak eta etxegintza sektorearen amiltzeak eragin dute. Nazioartetik datorren joerarekin bat, Nafarroako esportazioak %22 jaitsi dira urtarrilean eta otsailean. Industria ekoizpenak, berriz, %27,6 egin du behera lehen hiruhilekoan, eta iaz baino %29,6 etxe gutxiago salerosi dira.
Hala ere, datuok aurkezteko orduan, Mirandak nabarmendudu Espainiakoak baino datu hobeak dituela Nafarroak. Izan ere, INE estatistika erakundeak aurreratu du urteko lehen hiruhilekoan %1,8 egin duela behera BPGak; iazko datuekin alderatuz gero, berriz, urtebetean %2,9 egin du behera. 1970. urtera atzera egin beharra dago tankera horretako ekonomiaren argazki bat ikusteko.
INEren arabera, atzeraldia neurri handi batean barne eskariaren beherakadak eragin du. Nafarroan ez bezala, esportazioek leundu egin dute apur bat beherakada. Aurten ekonomia %3,2 jaitsiko dela uste du Europako Batzordeak, eta Nazioarteko Diru Funtsak, berriz, %3.
Nafarroa atzeraldian sartu da, ekonomia %2,1 jaitsi baita
Lehen hiruhilekoan Espainiako BPGa %2,9 jaitsi da; 1970. urtetik izan den emaitzarik kaskarrena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu