Nafarroa osoko abelburuak txertatuko dituzte dermatosi nodularraren kontra

Aragoin gaitza agertu ondotik, foru erkidegoari baimena eman dio Espainiako Gobernuak, azkenean, azienda guztiak txertatzeko. Maiatzaren 1era bitartean, 60.000 buru baino gehiago txertatuko dituzte herrialdearen hegoaldean.

Behi piriniotar bat, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugan, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Behi piriniotar bat, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugan, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
mikel p ansa
2026ko martxoaren 16a
15:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuaren Landa Inguruneko Departamenduak azkenean ere jaso du baimena, eta herrialdeko azienda guztiak txertatuko ditu dermatosi nodularraren kontra. Joan den abenduaz geroztik baimena eskatzen ari zen Nafarroako Gobernua, baina herrialdearen iparraldeko abelburuak txertatzen besterik ez zion utzi Espainiako Gobernuak, handik iparraldera ezagutu zirelako kutsatze kasuak. Martxoan Huescan (Espainia) atzeman dituzte gaitzarekin kutsatutako abereak, eta, orain bai, baimena eman diete Nafarroa hegoaldean ere abelburuak txertatzeko.

Aurki hasi, eta maiatzaren 1erako lurraldeko azienda guztiak txertatzea espero du Nafarroako Gobernuak. Iparraldekoak ja txertatu zituzten, eta aldi honetan herrialdearen hegoaldeko 277 ustiategitako 60.000 abelburu baino gehiago txertatuko dituztela iragarri dute. Jose Mari Aierdi arloko kontseilariak adierazi du «inportantea» dela lehen sektoreko langileek administrazio publikoen babesa sentitzea, eta azkar erantzutea haien beharrei.

Gaitza zabaltzen hasi zenean, Nafarroak Espainiako Gobernuari eskatu zion herrialdeko abelburu guztiak txertatzeko baimena emateko —Bruselak du txertatzeko aginduak emateko eskumena, eta Madrilek ematen ditu txertoak; erkidegoek, berriz, ordaindu egiten dituzte—. Lurraldearen iparralderako baimena soilik eman zuen Madrilek, eta 61.500 abelgorri txertatu zituzten otsailaren 28a bitartean, 1.113 ustiategitan.

Martxoan, baina, berriro agertu da gaitza Euskal Herritik gertu, Huescan; abenduko eskaria berritu du Nafarroak, eta Madrilek, oraingoan bai, onartu. «Hau berme bat izango da, ez bakarrik Nafarroarentzat, baita inguruko autonomia erkidegoentzat ere, gaitz hau errotik desagerrarazteko», ziurtatu du Aierdik.

Eusko Jaurlaritzak ere eskaria egina dio Madrili, behin baino gehiagotan, abelburu guztiak txertatzeko, baina Gipuzkoan eta herrialde horrekin muga duten Bizkaiko eta Arabako bi eremu txikitan baino ez du eman izan txertaketak egiteko baimena. Otsailaren 27an Huescan kutsatutako animalia gehiago agertu zirenean, ostera ere eskaria berritu zuen Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko abelburu guztiak txertatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA