Nafarroak aukera izango du datorren urtean ere aurrekontu hedakor bat egiteko. Datorren urterako BPGaren %0,9ko defizit bat hitzartu du Espainiako Gobernuarekin, iaz izan zuenaren antzekoa (-%0,95). Eurotan, gutxi gorabehera, 190 milioi euroren zuloa egin ahal izango du Iruñeko gobernuak.
Hitzartutakoa, berez, ez da derrigorrez bete beharreko kopuru bat, «erreferentziazko» zenbaki bat baino. Hau da, ez betetzeak ez du zigorrik eragingo. Izan ere, koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko, Europako Batzordeak aurrekontu diziplinarako neurriak eten ditu gutxienez 2022ra arte, eta haren menpeko administrazioekin gauza bera egitea erabaki du Espainiako Gobernuak ere.
Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, bere defizita erregimen komuneko erkidegoena baino hiru hamarren handiagoa izango da. Eusko Jaurlaritzak lotutakoa, berriz, nabarmen handiagoa da, ekainean %2,2ko defizita hitzartu baitzuen Espainiako Gobernuarekin.
Zorrari dagokionez, 2022aren amaieran BPGaren %16,7ko zorra eduki ahal izango du Nafarroako Gobernuak. Iazko kopurua baino gutxiago da hori —%19,1ekin itxi zuela diote Espainiako Bankuaren datuek—, baina kontuan hartu behar da portzentaje hori barne produktu gordinak %8,5eko uzkurtze bat izan zuenean lortu zela. Hots, aurtengo eta datorren urteko hazkunde ekonomikoak automatikoki asko jaitsi beharko lukeela zorraren portzentajea.
Akordioa «azken orduetan» lotu dute Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ines Maria Bardon Espainiako Ogasun idazkariak. Hitzartutakoa berretsi beharko du orain Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordeak.