Nafarroak 150 milioiko plan bat iragarri du «Europako industriaren moteltzeari aurre egiteko»

Irujo kontseilariak aitortu du urteko lehen seihilekoko adierazleak «kezkagarriak» direla. Bruselak laguntza publiko handiagoak emateko aukera zabaldu du, eta hori baliatu nahi du Nafarroako Gobernuak.

Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilaria, erdian, gaurko agerraldian. NAFARROAKO GOBERNUA
Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilaria, erdian, gaurko agerraldian. NAFARROAKO GOBERNUA
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 27a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasunak laster itxiko du Next Generation funtsaren kutxa, eta Nafarroak ez du itxaron nahi haren hutsunea nabaritu arte. Mikel Irujo Industria kontseilariak iragarri du Nafarroako Gobernua industria deskarbonizatzeko plan bat prestatzen ari dela, Bruselaren diru laguntzak amaitu osteko «egoera berriari» aurre egiteko.

Aurreratu duenez, 150 milioi eurokoa izango da plana, Nafarroako Gobernuaren baliabide propioekin finantzatuko da, eta bi helburu nagusi izango ditu: inbertsio berriak erakartzea eta lurraldeko enpresen eraldaketa prozesuak laguntzea.

«Ez gaude alarma egoeran, baina badira kezkatzeko arrazoiak. Ez dugu krisia gainera etorri arte itxaron behar neurriak hartzeko»

MIKEL IRUJONafarroako Industria kontseilaria

Irujok hedabideekin egindako bilera batean azaldu duenez, azken bost urteak oso onak izan dira lurraldeko industriarentzat, baina 2026a oso bestelakoa izaten ari da. «Ez gaude alarma egoeran, baina badira kezkatzeko arrazoiak. Ez dugu krisia gainera etorri arte itxaron behar neurriak hartzeko».

Urtarrilaren 1etik aurrera ez da Europako suspertze planaren diru gehiago egongo. Nafarroako Gobernuaren ustez, baliabide arruntei orain arte baino «etekin handiagoa» atera beharko zaie aurrerantzean. Irujok nabarmendu duenez, Europako Batzordeak estatu laguntzen arauak malgutu izanak aukera hori zabaldu du. Horren arabera, enpresaren tamainaren arabera egokitu ahalko dira: %15ekoa handientzat, %25ekoa ertainentzat eta %35ekoa txikientzat.

Irujok jakinarazi du Bruselaren baimena beharko dutela plana aurrera ateratzeko, eta hori lau hilabeteko epean lortzea espero duela. Ondoren hasiko lirateke finantzaketa deialdiak.

Horrez gain, zerga politika ere aipatu du Irujok. Besteak beste, esan du zenbait muga kentzea edo malgutzea aztertuko dutela, enpresek diru hori teknologia berrietan inbertitzearen truke, deskarbonizazio inbertsioetarako iaz onartutako kenkariaren bidetik. Era berean, ezinbestekotzat jo du enpresak ezartzeko administrazio tramiteak arintzea, eta gogoratu du Industria Foru Legearen proiektuan horretarako neurriak jasotzen direla.

Volkswagen eta Hithium

Nafarroan, industria adierazleek ez dute joera ona izan urteko lehen erdian, baina sektore guztietan ez da bera izan. Nafarroako Volkswagen nabarmendu du Irujok. Gogoratu du Landabengo lantegian kontratazio berezia iragarri dutela han egingo dituzten bi auto elektriko berriak ekoizteko. Elikaduraren industria eta sektore biofarmazeutikoa ere nabarmendu ditu.

Aldiz, Nafarroako ikurretako bat, energia berriztagarrien industria, egoera delikatuan dagoela gogoratu du, bereziki Asiako ekoizleen lehiarengatik. Hori ikusirik, hango eta bereziki Txinako esportazioei Europako Batasunak baldintza zorrotzagoak ezartzearen alde azaldu da. Besteak beste, defendatu du Txinako enpresek ekoizpen fabrikak Europan jartzera behartzea, bertako industria sarea babesteko.

Baterien sektorean dagoeneko ikusten du norabide horren adibide bat. Teknologia hori estrategikotzat jo du Bruselak, eta horrek Europan fabrikak jartzera bultzatu ditu ekoizle batzuk. Horren barruan kokatu du Hithium enpresak Nafarroan lantegi bat jartzeko proiektua.

Horri buruz galdetuta, baina, Irujok ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan; ez plantaren kokapenaren inguruan, ezta epeei buruz ere. Adierazi du Txinako enpresak «erabateko diskrezioa» eskatu duela, eta udazkenerako espero duela hark beste berririk ematea.

1.393

Zenbat milioi euro jaso duen Nafarroak Next Generation funtsetik. 2021. urtetik 1.393 milioi euro jaso ditu Nafarroak Europako Batasunaren Next Generation funtsetik, eta 14.072 onuradun izan dira. 772 milioi Espainiako Gobernuaren deialdi eta lizitazioen bidez iritsi dira. Gainerako 621 milioiak plan sektorialen bidez banatu dira, eta horiek Nafarroako Gobernuak kudeatu ditu zuzenean. Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren Plan Estrategikotik iritsi da diru gehien: 111,4 milioi, besteak beste Hyundai Mobisen bateriak muntatzeko lantegi berriarentzat eta Volkswagenentzat. Horrez gain, Hithiumen bateria plantaren egitasmoarentzat 81 milioi jartzea dago aurreikusia, eta Caparrosoko Rockwool isolamendu termikoen ekoizleak 18 milioi jasoko ditu, bere instalazioak elektrifikatzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA