Nafarroako BPGa %2,6 handitu da bigarren hiruhilekoan

Iazko epe berarekin alderatuta, goranzko jauzia %18,5ekoa izan da.

Iruñeko alde zaharreko taberna bat barrualdetik. Sendien kontsumoak gora egin du bigarren hiruhilekoan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko uztailaren 30a
11:06
Entzun

Lehen hiruhilekoko zaplaztekoaren ostean, Nastat Nafarroako estatistika erakundeak bigarren hiruhilekoko bilakaera ekonomikoaren lehen kalkulua kaleratu du, eta bertan Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenak berretsi ditu. Igoera espero zen, eta hala izan da: lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %2,6 egin du gora jarduera ekonomikoak.

Hilabeteotan guztiotan agerian geratu denez, pandemiari aurre egiteko neurriek isla zuzena dute epe horretako jarduera ekonomikoan, eta hala jasotzen dute estatistika erakundeen datuek. Urtarriletik martxora hirugarren eta laugarren olatuari aurre egin beharrak familien gastua uzkurtu zuen, eta, apiriletik ekainera, txertaketaren erritmoa handitu ahala, kontsumoak gora egin du.

Hala, bigarren hiruhilekoan sendien kontsumoak eta kapital finkoaren eraketa gordinak bultzatu dute eskaria. Txikizkako merkataritzaren indizeak agerian uzten duenez, urte hasieratik ekainera bitartean %4,8 handitu da.

Aurretik, Nafarroako Gobernuak iragarria zuen ekonomia indartsu suspertzen ari zela bigarren hiruhilekoan, eta, Nastaten arabera, industriak eta merkatuen zerbitzuek hauspotu dute joera hori. Oraindik ez da kaleratu ekaineko daturik, baina urtarriletik maiatzera arte, %17,5 handitu da industria jarduera, adibidez. Kanpo merkataritzari dagokionez, inportatu baino gehiago esportatu dute Nafarroako enpresek, eta, lehen hiruhilekoan ez bezala, saldo positiboa lortu du.

Urtebete atzera eginez gero, konfinamenduak eta hura arintzeko prozesuak lorratza utzi zuten ekonomian. Behea jo zuen, eta, horregatik, hamabi hilabete geroago, jauziaren tamaina islatu du urte arteko tasak: %18,5, zehazki.

Atzo bertan iragarri zuen Nastatek COVID-19ak eragina izan duela estatistika zerbitzuetan, eta kaleratutako txostenean ez du gehiegi sakontzen hazkundea eragin duten faktoreetan. Irailaren 23an kaleratuko du koadro makroekonomiko osoagoa.

Errebotea orokorra da bai mendebaldeko ekonomietan eta bai beste euskal lurraldeetan ere. Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta.

Euroaren eremuan ere, ekonomiak %2 egin du gora bigarren hiruhilekoan, urtarriletik martxora arteko epearekin alderatuta; eta Europako Batasunean, antzera (%1,9). Lehen hiruhilekoan, berriz, %0,1 egin zuen atzera barne produktu gordinak. Urte arteko datuari dagokionez, %13,7 hazi da ekonomia azken hamabi hilabeteetan Eurogunean eta %13,2 Europako Batasunean. Herrialdeen artean, Portugalek izan zuen igoerarik handiena (%4,9) eta Lituaniak txikiena (%0,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.