Duela hilabete pasa, greba orokorraren deialdia gogor kritikatu zuten Nafarroako CCOOk eta UGTk. Geroztik, pixkanaka diskurtsoa are gehiago gogortzen hasi dira, eta atzo batak zein besteak kritika zuzenak egin zizkieten CEN enpresaburuen elkarteari eta Nafarroako Gobernuari.
Juan Goien UGTko idazkari nagusiak prentsaurrekoan salatu zuen 12 sektoretako hitzarmenak blokeatuta daudela, eta horregatik, patronalaren jarrera «erradikala eta arduragabea» deitoratu zuen. CCOOk, berriz, Gobernuari eta CENi adierazi zien euren jarrera itxiei eusten badiete mobilizazioak gogortu egingo dituztela.
Esanguratsua bada bi sindikatuen ikuspuntu aldaketa. Izan ere, UPN 1996an Nafarroako Gobernura iritsi zenetik, CCOOk eta UGTk harreman estua izan dute Miguel Sanzen exekutiboarekin eta CEN patronalarekin. Besteak beste, 1999tik hona sinatu diren lau enplegu planak (orotara, 4.000 milioi eurokoak) sinatu dituzte bata bestearen atzetik eta iragan abenduan gobernuak urrezko medailarekin saritu zituen CCOO, UGT eta CEN.
Goienen arabera, negoziazio kolektiboan CENek duen posizioak «patronalak eta sindikatuek urtetan zehar izan duten elkar ulertze dinamika hausten du». Bere ustez, CENek Espainiako CEOEren «irizpide ulertezinak jarraitzen ditu» eta modu horretan «langileen bizkar gainean jarri nahi dira krisiaren ondorioak». UGTk «atzerapenik gabe», berehalako bilera eskatu du CENekin, «egoera bideratu dezaten» eta Nafarroako Gobernuari dei egin dio negoziazio kolektiboan «ardura handienarekin» jokatu dezan.
Nafarroako CCOOren kontseilua izan zen atzo. Jose Maria Molinero sindikatuko idazkari nagusiak berretsi du elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa sendotzearen alde daudela, baina era berean, mobilizazioak egiteko prest azaldu da. Molinerok azaldu du «elkarrizketa sozialak porrot egiten badu», bere mobilizazio ahalmena indartu egingo duela.Molineroren aburuz, patronalak egungo egoeraz baliatu nahi du «etekin handiagoak» lortzeko, eta jarrera itxia izatea egotzi dio.
Nafarroako CCOOk eta UGTk estu hartu nahi dute orain patronala
UGTk lan hitzarmenak blokeatzea egotzi dio CEN elkarteari, eta CCOO mobilizazioak gogortzeko prest dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu