Nafarroako CNTk, CGTk eta Solidarik beren greba deialdi propioa erregistratu dute martxoaren 17rako

Deitzaileek esan dute gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioaren «osagarri» dela, baina «ikuspegi zabalago bat» behar dela. Haiekin bat egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak.

CNT, CGT eta Solidari sindikatuetako ordezkariak, asteazken honetan Iruñean. JESUS DIGES / EFE
CNT, CGT eta Solidari sindikatuetako ordezkariak, asteazken honetan Iruñean. JESUS DIGES / EFE
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 25a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba orokorrerako beste deialdi bat martxoaren 17rako, kasu honetan Nafarroan soilik eta CNT, CGT eta Solidari sindikatuek deituta. Sindikatu horiek ez dute bat egin gutxieneko soldata propioaren aldeko greba deialdiarekin, baina biak «osagarriak» direla azaldu dute. Haien ustez, mobilizazioak «ikuspegi zabalago bat» behar du. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bat egin du haien greba deialdiarekin.

Mobilizaziorako deialdia erregistratu dute dagoeneko, eta gaur aurkeztu dute Iruñeko Zaldi Zurian. Grebaz gain, manifestazioa ere antolatu dute martxoaren 17rako; 11:30ean abiatuko da, Errekoleten plazatik.

CGTren Nafarroako idazkari nagusi Maura Rodrigok azaldu duenez, haien greba deialdia ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek egindakoaren «osagarria» da. Azpimarratu du greba orokorrerako arrazoiak ez direla falta. «Ez dugu talkarik nahi, baina, errealitatea hain krudela eta gogorra izanik, uste dugu gutxieneko soldata igotzearen ikuspegi zabalago bat behar dela, arrazoi gehiago daudela».

Kapitalismoa «gainditu»

Horien artean honako hauek aipatu dituzte: «Lan prekaritatea, etxebizitza lortzeko ezintasuna, etxegabetzeak, bazterketa soziala, instituzionalizatutako arrazismoa, «krisi ekologikoa eta osasun, hezkuntza, justizia eta halako zerbitzu publikoen degradazioa». Helburu horiek lortzeko «kapitalismoa zalantzan jartzea eta gainditzea» eskatzen duela nabarmendu dute. «Gizarte eredu bat behar da, non bizitza baldintza unibertsalak eta kalitatezkoak bermatzen diren guztiontzat».

Horren harira, Rodrigok ohartarazi du kapitalismoak «langile klasea zatikatu» nahi duela «pobrezia eta miseria betikotzeko». Horrekin batera, «estatuen autoritarismoa» handitzen ari dela nabarmendu du. «Aurrekontu militarra modu ulertezinean handitzen ari da: batetik, armagintzako industriari laguntza handiak emanez, eta, bestetik, oinarrizko zerbitzuen degradazioa eraginez, hala nola osasungintzarena. Pobretze eta autoritarismo agenda hori Europako Batasunaren eta halakoen erakundeetatik gidatzen da».

Rodrigok kezka adierazi du «gure inguruko sozialdemokraziak eta gobernu progresistek» ez direla modu erabakigarrian aurre egiten ari «pobretzearen azkartze horri», eta ohartarazi du horren ondorioz «etsipena» handitzen ari dela gizartearen hainbat sektoretan. «Espazio bat uzten ari da ondoez hori eskuin muturrak kapitaliza dezan, itxuraz sistemaren aurkakoa den eta gobernu aurrerakoiekin aurrez aurre jartzen den diskurtso baten bidez. Baina diskurtso horrek, egiaz, ideia erreakzionarioak eta baztertzaileak hedatzeko Troiako zaldi gisa funtzionatzen du».

Sindikatu deitzaileek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ez ezik, beste erakunde hauek ere bat egin dute martxoaren 17ko manifestaziorekin: Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista, Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik ez, Sustrai Erakuntza, Langileen Autozaintzako Sarea, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Elkar Laguntzako Sarea.

1.757 langile batzordek bat egin dute ELA eta LAB-en deialdiarekin

Hego Euskal Herriko 1.757 langile batzordek bat egin dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde martxoaren 17rako deitutako grebarekin. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute lanuzte horretara, «langile klasearen eskubideak defendatzeko autogobernu eta burujabetza ariketa gisa». 

Lurraldeka, Bizkaiko 688 langile batzordek egin dute bat deialdiarekin, Gipuzkoako 663k, Nafarroako 199k, eta Arabako 197k. Tartean konpainia handi batzuetakoak: CAF, Arcelor Mittal, Sidenor eta Ingeteam, adibidez. Sektore pribatukoak ez ezik, administrazio publikoko hainbat arlotako ordezkaritzek ere adierazi dute greba deialdiaren alde daudela: hezkuntza publikoan, justizia administrazioan, EITBn, Euskal Trenbide Sarean, eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udaletan, besteak beste. Zerrenda osoa ikusteko klikatu hemen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.