Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak %0,25eko superabita izan du urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Aldiz, Nafarroan defizita %2tik gorakoa izan da iraila bitarte, urte osorako ezarrita daukan helburua baino 0,5 puntu gehiago. Kopuruak atzo jakinarazi zituen Espainiako Ogasun Ministerioak.
Datu horiekin, hala ere, ezin da aurreratu bi gobernuek aurtengorako ezarri zuten defizit mugatik pasatuko diren edo ez. Muga hori barne produktu gordinaren %1,5 da. Izan ere, zerga egitura propioa dute bi administrazioek, eta dirua biltzeko nahiz ordaintzeko sistema ezin da Espainiakoarekin parekatu, administrazio orokorraren eta erkidegoen artean finantza harreman jarraitua duena. Hala ere, hiru hilean behin argitaratzen dituen kalkuluetan aintzat hartzen ditu Espainiako Gobernuak.
Egituran dagoen ezberdintasun hori propio aipatu zuen Cristobal Montoro Ogasun ministroak datuak aurkezteko agerraldian. «Nafarroaren egoera ezberdina da, diru sarrerak eta zerga itzulketak egiteko beste egutegi bat duelako».
Nafarroaren egoera oharrean zehaztu zuen ministerioak. Zergetatik dirua itzuli behar denean, Nafarroako Ogasunak eskubidea aitortzen duenean zenbatzen du, eta ez dirua benetan bueltatzen duenean. Aurrekontuen desoreka, edonola ere, BEZaren diru bilketaren beherakadarengatik (118 milioi) eta produkzioaren gaineko zergaren jaitsieragatik (56 milioi) izan da. Jaitsiera horren parte bat jadanik konpentsatu dela argitu zuen Espainiako Ogasunak: inbertsio gastuak %52,6 jaitsi dira, eta osasun arloko gastu arruntak, %3,7.
Behin baino gehiagotan desadostasunak izan dira Espainiako Gobernuaren eta Nafarroaren artean defizitari buruzko datuak argitaratzerakoan. Oraingo honetan eztabaidari aurrea hartzen saiatu zen Montoro. Prentsa ohar batean, azalpenak eskertu zizkion Nafarroako Gobernuak, eta urte osoko defizita %1,5era mugatzeko helburuari eusten dio.
Jaurlaritza, superabitarekin
Antzeko zerbait esan liteke Eusko Jaurlaritzaren kontuei buruz. Iraila bitarte Patxi Lopezen gobernuak superabita izan du: %0,25. Edonola ere, horrek ez du esan nahi urte amaieran hala jarraituko duela. Joan den urtean, esaterako, superabita zuen gobernuak irailean, eta urtea%2,5eko defizitarekin amaitu zuen, hitzartutakoaren bikoitza. Jaurlaritzaren kasuan, gainera, hurrengo gobernuak izango du aurrekontua ixteko ardura.
Erkidegoen defizit orokorra %1,14 izan da, estatuak emandako aurrerapenak aintzat hartu gabe. Urte osoko helburua betetzeko presioa egin zien atzo Montorok, eta administrazio bakoitzari gutun ofizial bat igorriko dio betebeharra gogoratzeko.
Nafarroako defizitak %2tik gora egin du iraila bitarte
Ogasun Ministerioak garrantzia kendu dio emaitzari, zergak itzultzeko sistema ezberdina dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu