Nafarroako Estatistika Erakundeak baieztatu egin ditu uztailean aurreratutako datuak. Horien arabera, lurraldeko BPG barne produktu gordina urtebete lehenago baino %2,8 handiagoa izan zen urteko bigarren hiruhilekoan. Lehen hiruhilekoan baino hamarren bat txikiagoa da, eta txikiena 2016aren amaieraz geroztik. Edonola ere, inguruko ekonomiena baino nabarmen hobeagoa da. Horrela, Eustatek joan den astean azaldu zuenez, Gipuzkoako ekonomia %2,5 handitu da azken urtean, Bizkaikoa %2,1, eta Arabakoa, berriz, %1,8 baizik ez. Espainiakoa ere Nafarroakoa baino gehiago moteltzen ari dela baieztatu du gaur INEk, ozta-ozta iritsi baita %2ra (bi hamarren gutxiago).
Hiruhileko arteko tasan, berriz, urte hasierako %0,9ko hazkundeari %0,8koak jarraitu dio. Gipuzkoak %0,7 izan du, Bizkaiak %0,6, Arabak %0,5, eta hortik behera geratu da Espainia, %0,4rekin.
Industria, pattalago
Sektoreei erreparatuz gero, industriari zor zaio Nafarroako ekonomiaren moteltze apala. Izan ere, sektore horretan hazkundea %1,6tik %1,3ra igaro da. Euroguneko ekonomiaren pattalaldiak esportazioak gutxitu izanak azaltzen du datu hori.
Nekazaritzak ere ez du hiruhileko ona izan (%1,3tik %0,7ra jaitsi da), baina bai, ordea, eraikuntzak (%3,3tik %3,5era igo da) eta zerbitzuek (%3,8tik %3,7ra).
Eskariari dagokionez, administrazio publikoen gastuaren ekarpena nabarmendu da: %3,5 ari da hazten, eta azken urteotako daturik onena da hori. Motelago dabiltza familien gastua (%2,4) eta inbertsioa (%1,9).
Enpleguaren bilakaera ez da txarra, kontabilitateko datuen arabera: duela urtebete baino %2,6 gehiago daude. Batez ere eraikuntzan (+%4,6) eta zerbitzuetan (+%2,7) ugaritu dira lanpostuak, eta gutxiago industrian (+%2,2) eta nekazaritzan (+%1).
Joan den astean egindako agerraldian, Laboral Kutxak ziurtatu zuen Nafarroako ekonomiak sendo eutsi diola oraingoz nazioarteko motelaldiari, eta aurten %2,7 haziko dela kalkulatu zuen.