Nastaten datuek adierazten dute suspertze betean dagoela Nafarroako ekonomia. Estatistika erakundearen arabera, 2024ko lehen hiru hilekoan %0,9 hazi zen barne produktu gordina, 2023ko azken hiruhilekoarekin alderatuz gero. Duela aste batzuk aurreratutakoa baino hamarren bat gehiago da, eta kopururik handiena 2022ko hasieratik. Â
Hamarren bat hobetu da urte arteko datua ere: 2023ko lehen hiruhilekoan baino %2,1 handiagoa da orain BPGa Nafarroan. Datu horrek egiaztatzen du moteltzeari utzi diola ekonomiak, aurreko hiruhilekoan %1,5ekoa izan baitzen hazkundea.
Zerbitzuena da gehien indartzen ari den sektorea (%2,4, urte arteko tasan), eta, horren barruan, ostalaritza eta merkatuko beste zerbitzuak nabarmendu ditu Nastatek. Baina hori bezain esanguratsua da industriak ekarpen positiboa egin diola hazkundeari, -%0,7tik %1,3ra igaro baita. Halaber, eraikuntza sendotu egin da, %1,3tik %2,1era igarota.
Eskariari erreparatuz gero, kontsumo pribatua da ekonomiaren motorra, %3,2 hazi baita azken urtean, kontsumo publikoaren (%2,2) eta inbertsioaren gainetik (%1,3). Kanpo sektoreak, berriz, ekarpen negatiboa egin du, esportazioen jaitsieraren ondorioz.
Enplegua ere hasieran esandakoa baino hamarren bat gehiago hazi da, %2raino. Lanpostu gehien merkatuko zerbitzuetan sortu da (+%2,7), baina hazkundea izan da industrian (+%1,2), nekazaritzan (+%0,6), eta baita eraikuntzan (%0,4) ere.