«Bigarren Mundu Gerra geroztik, nazioartean izan den erronka instituzionalik, politikorik eta sozialik handiena da COVID-19a». Hitz arranditsu horiekin aurkeztu du gaur goizean, Nafarroako Jauregian, Nafarroa 2020-2023ko egitasmoa Maria Txibitek gobernuko lehendakariak. Planak 190 neurri jasotzen ditu, eta, Txibiteren hitzetan, datozen belaunaldiei begirako egitasmoa da: «Ez ditu soilik oraina markatuko, etorkizuneko zutarri sendoak jarriko ditu». Hurrengo hiru urteetarako, ia mila milioi euroko aurrekontua (989 milioi), izango du. Zenbateko horri berreraikuntzarako Europako Batasunetik zein estatutik etor daitezkeen funtsak gehitu behar zaizkiola zehaztu du gobernuak.
Aurretik, parlamentuan berreraikuntza aztertzeko batzorde berezi bat osatu zuen, eta 126 proposamen egin zizkieten taldeek gobernuari, Nafarroa Suspertu planean jaso zitzan. Halaber, hilabeteotan, 211 talde, eragile eta elkarterekin mintzatu eta euren ekarpenak bildu dituztela dio gobernuak. Agiria mahai gainean delarik, irailetik aurrera, eragile politiko eta sozialekin mintzatu nahi du. Txibitek gobernuari, parlamentuari, eragileei eta gizarte osoari eskerra eman nahi izan dizkio: «Nafarroarentzat eta Nafarroaren eskutik egindako plana da». Nabarmendu du orain interes kolektiboa lehenetsi behar duela, bakoitzak bereari erreparatu aurretik.
Pandemiak ekonomian eragindako muturrekoa galanta izan da, bigarren hiruhilekoko BPGren datuek islatzen duten bezala. Gobernuaren hitzetan, aurretik zituzten asmoak eta anbizioak «hauspotu» ditu egungo pandemiak. Gidalerro estrategikoen artean, aurretik jada aipatu izan diren erronkak zeuden: Ekonomia digital bateranzko eraldaketa, trantsizio ekologikoaren bizkortzea, gizarte kohesioa sustatzea, lurralde kohesioari eustea eta elkarbizitzan sakontzea.
Lehentasunen artean, AHT
Estrategiak zehaztuta, 190 neurri proposatzen dira, baina baita 46 lehentasun aipatu. Hona, bakoitzean, zerrendatzen diren lehentasunak. Ekonomia eraldatzeko prozesuan, COVID-19ak gehien erasandako enpreseentzako laguntzak proposatzen dira, «bideragarriak diren enpresen galerak eragozteko eta likidezia bermatzeko». Gainera, aipatzen da sektore estrategikoak bultzatzea, eraldatze digitala bizkortzea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko, Ikerketaren eta Garapenaren atalean Europan duen posizioa hobetzea, gizarte ekonomia eta ekintzailetza bultzatzea, edo enplegu aukerak hobetzea kontratatzeko laguntzak emanez eta prestakuntza indartuz. Azkenik, azpiegiturak eta garraio sistemak hobetu behar direla aipatzen da, eta hor sartzen dute Abiadura Handiko Trena.
Trantsizio digitalari dagokionez, helburuen artean jartzen da energia kontsumo osoaren erdia berriztagarri bidezkoa izatea, eta horiek indartzeko beharra azaltzen dute. Aukeren artean dago, egungo parke eolikoen potentzia handitzea. Eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute, tartean ibilgailu elektrikoak sustatuz edo alor horretan administrazio publikoa eredugarri bihurtuz. Eraikuntzaren atalean ere zaharberritze jarduerak bultzatuko dira. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere aipatzen dute.
Kohesio sozialari dagokionez, osasun sistema hobetzea edo errenta bermatuaren sistema indartzea jartzen du lehentasunen artean. Zahar etxeen arreta sisteman, «beste eredu bat» eraiki nahi dute. Egitasmoak dio zaintza gizarte baterantz doala eta menpekotasuna duten pertsonek zein zaintzaileek lehentasuna izan behar dutela. Gizon eta emakumeen arteko Aukera berdintasuna ere indartu nahi dute, «pandemiaren ondorioz zamen analisi zehatza eginez, berdintasun agenteen sarea zabalduz eta genero indarkeriaren aurkako borroka indartuz».
Lurralde kohesioa eta Nafarroa egituratzeari begira, lehentasunen artean daude herritar guztientzako oinarrizko osasun zerbitzu iraunkorrak erraztea, tokiko ekonomia bultzatuko duten egitasmoak, Pirinioak eta beste eskualde batzuk biziberritzeko neurriak edo landa eremua gaztetzeko ekintzak.
Elkarbizitzari begira, berriz, planak dio euskara «kohesiorako eta aniztasunerako faktore» dela berrestea, «euskara sustatzeko programak indartuz, gazteentzako eta haurrentzako edukiak sortzea bultzatuz eta administrazioan hizkuntz aniztasunaren alde apustu eginez».
Gobernantzaren asmoak
Gobernuak lehen urratsa egin du egitasmoa aurkeztuta, baina haren gauzatzea zein ondorengo pausoetarako gobernantza eredu bat planteatzen du. Batetik, gobernu barruko koordinazioa legoke: zuzendaritza talde bat legoke, lehendakari eta lehendakariordeek osatua eta gero departamentu arteko batzordearen eskuetan legoke lehentasunak identifikatu, baliabideak jarri eta haien jarraipena egitea. Bestetik, gobernutik kanpo «gizarte kontseilua» aipatzen da eragileen hartu-emanetarako. baina ez du zehazten Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua den edo Gizarte eta Ekonomia kontseilua. Organoaren izena garrantzitsua da, ELA eta LABek lehengoa iraganeko ereduekin lotzen dutelako eta bigarrenean parte hartzen dutelako aspalditik.
Horrekin batera Parlamentua eta udalak kontuan hartuko lituzke. Legebiltzarraren kasuan, komenigarri ikusten dute «planaren proposamen, jarraipen bilakaerarako eremu propioa izatea».