Urrian, 4.228 milioi eurotan utzi zuen 2020rako gastu muga Nafarroako Gobernuak, iazkoarekin alderatuta %5 handitu ostean. Urtarrilaren 24an, EH Bildurekin aurrekonturako akordioa hitzartu ondotik, muga horri beste 16,7 milioi euro gehitzea onartu berri du gobernuak, gaur eguerdian egindako ezohiko kontseiluan.
Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak arrazoitu du ogasunaren azken aurreikuspenek bide ematen dutela gastu muga handitzeko. Alde batetik, ogasunak kalkulatu du errenta zerga bidez 15,7 milioi euro gehiago bil ditzakeela. Azaroan onartu zuen Hezkuntzako 8.045 langile gradu osagaia ordaintzea, eta, neurri horren ondorioz, errenta atxikipena handitu denez, diru sarrerak ere igotzea espero du. Bestetik, abenduan onartu zen apustu etxeei zerga tasa handitzea, eta espero du bide horretatik beste milioi bat euro handitzea.
Parlamentuan, aurrekontuak oraindik ez dira onartu, eta taldeek 47 zuzenketa aurkeztu dituzte tramiterako. Saizek gaur ohartarazi du gehienez ere 16,7 milioi euro gehiagoko gastua onartu ahalko dela zuzenketa bidez, gobernuak berak aurkeztutako lege proiektutik aurrekontu sailen finantzaketa aldatu ezean.