Nazioarteko Diru Funtsak ere eskatu arren, Europak ez du suspertze planik nahi

Munduko ekonomiak, lehen aldiz azken 60 urteotan, behera egingo dela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak

Iker Aranburu.
2009ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteak ez ezik, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ere presio egin dio Europako Batasunari ekonomia suspertzeko plan handiagoa aurkez dezan. Europarrak, ordea,uzkur dira, eta merkatuak zorrotzago arautzeko neurrietan jarri nahi dute indarra.

Europako Batasuneko gobernuburuek bi eguneko bilera hasi zuten atzo Bruselan, apirilaren 2tik aurrera Londresen izango den G20koen bilerara begira jarrera bateratua adosteko. Litekeena da gaur eguerdiko deklarazioan finantza merkatuak hobeto kontrolatzeko neurri zehatzak proposatzea edo besterik ez bada, eskatzea. Plan berrien iragarpenik, ordea, ez da inondik inora ere espero. «Nahikoa egiten ari gara. Gutako batzuek artean ez ditugu gure plan nazionalak osorik ezarri, eta ez dakigu zein eragin izan duen. Ez du zentzurik plan gehiago egitea», azaldu zuen Mirek Topolanek Txekiar Errepublikako lehen ministroak -EBren jarduneko lehendakaritza du herrialde horrek-.

Kontrako jarrera du NDFk. G20rako prestatu duen txostena zabaldu zuen atzo, eta horretan aldarrikatu zuen suspertze planak ezinbestekoak direla krisitik ateratzeko. Erakunde horren arabera, aurten eta 2010ean urtero BPGren %2 gastatu beharko litzateke eskaria sustatzeko, eta herrialde gutiz gehienak motz geratu dira. Plan handiena AEBek egin dute -ia 800.000 milioi dolar zerga txikitze eta inbertsioen artean-, baina haiei ere errieta egin die NDFk, artean ez duelako azaldu nola lagunduko dien kolokan dabiltzan bankuei edo nolako balioa emango dien bankuei erosi nahi dizkien aktibo toxikoak. Suspertze planek sortuko dituzten defizitak epe erdira kontrolatzeko neurriak ere galdegin ditu NDFk.

Plana izan ala ez, munduko ekonomiak aurten atzera egingo duela ohartu du nazioarteko erakundeak. Haren datuen arabera, %0,5 eta %1 artean uzkurtuko da. Atzeraldia herrialde aberatsetara mugatuko da (-%3,5 eta -%3artean), baina emergenteek eta garapen bidean daudenen hazkunde erritmoa seko motelduko da: 2008ko %6,1etik 2009ko %1,5 edo %2,5era. 2010rako aurreikuspenak ez dira askoz hobeak: herrialde industrializatuak ozta-ozta haziko dira, eta %3,5 eta %4,5artean besteak. Hori bai, hazkunde hori gertatzeko hainbat baldintza jarri ditu NDFk: neurri sendoak hartzea finantza merkatuak egonkortzeko, suspertze plan esanguratsuak egitea, maileguen baldintzak hobetzea, AEBetako etxebizitza merkatuaren jaitsiera geratzea eta petrolioaren eta beste lehengaien prezioek gora ez egitea.

Dirua ekialdearentzat

NDFren aholku nagusiari muzin egin diote oraingoz europarrek, dagoeneko 400.000 milioi euro edo BPGren %3,3 krisiari aurre egiteko baliatzen dutela gogoratuta. Gastua handitzeko politika bereziak ez ezik, kopuru horretan sartu dituzte langabezia-sariarekin edo gizarte babesarekin lotutako gastuak ere.

Diru gehiago ez jartzearen aldeko sutsuena Angela Merkel Alemaniako gobernuburua da. Atzo ohartu zien EBko beste herrialdeei trabatu egingo dituela 2010tik harago hasiko diren proiektuetarako funtsak. Behin krisia amaituta, berriro gerrikoa estutu eta defizitak lehen bait lehen txikitzeko garaia izango dela uste du Merkelek. Edonola, baliteke azkenean Merkelek onartu behar izatea 2013an indarrean jarriko den proiektu bat, Nabucco petroliobidearena. Izan ere, nekazaritza politikan aurreztu dituen 5.000 milioi euro azpiegiturak eta Internetaren hedapena hobetzeko gastatuko dituela agindu du Europako Batzordeak. Eztabaidatzen ari diren proiektuen artean dago Nabucco bera.

Premia larrian dauden herrialdeei laguntzeko funtsak ere handituko ditu EBk. Batetik, 100.000 milioi utziko ditu NDFren esku, eta bestetik, litekeena da bere ekialdeko kideei laguntzeko funtsa bikoiztea, 25.000 milioi eurotik 50.000 milioira. Hungariak, Letoniak jaso ditu zati bat, eta agian hurrena Errumania izango da.



Neurri heterodoxoak hartzeko presioa handitu zaio EBZri

Oraingoz, Europako Banku Zentrala interes tasak jaitsita eta bankuei likideziahandituta erantzun dio krisiari. Alta, gero eta presio handiagoak ditu neurri ez hain ortodoxoak hartzeko, quantitative easing edo arintze kuantitatiboa deitutakoa. Horiegitea erabaki zuen herenegun AEBetako Erreserba Federalak. Batetik, 750.000 milioitanhanditu zituen bere erreserbak, eta diru horrekin aktibo toxikoak erosiko ditu. Gainera, ezustean, iragarri zuen AEBetako zor publikoko 300.000 milioi dolar erosiko dituela. Neurri horien helburua da bankuak maileguak ematera animatzea eta kreditu horiek merkeagoak izatea enpresentzat eta herritarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.