Inflazioak beste koska bat egin du gora Hegoaldean, %2,9raino

Argindarraren eta gasaren garestitzeak eragin du igoera. Urteko lehen seihilekoan izandako beheranzko joera eten egin da udan.

Aire girotuko tresna bat Iruñeko denda batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Aire girotuko tresna bat Iruñeko denda batean. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abuztuaren 13a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan ohikoa izaten da kontsumorako produktuen prezioek gora egitea, eta hala gertatu da aurten ere. Iazko uztailean baino %2,9 garestiago daude Hego Euskal Herrian, eta ekainean baino bi hamarren handiagoa da urte arteko inflazioa. Hala ere, hilabete batetik bestera %0,1 jaitsi da, oro har ez baita gorabehera nabarmenik izan produktu gehienetan, argindarrean eta gasean salbu. Horrek egin dio tira inflazioari uztail honetan.

Aurtengo uztailean iazkoan baino %10,7 garestiago daude etxeko energia gastuak, eta ekainean baino 5,4 puntu handiagoa da igoera hori. Bero handiko hilabeteetan, argindarraren prezioak gora egiten du, bereziki aire girotua erabiltzeagatik. Gasaren kontsumoa ere handitzen da, ziklo konbinatuko zentralak gehiago erabiltzen baitira, elektrizitate gehiago sortzeko; eta horrek ere garestitzen ditu hala bataren nola bestearen prezioak.

Baina aurtengo uztaileko igoeraren arrazoi nagusia beste bat da: iaz, Espainiako Gobernuak argindarraren BEZa %21etik %10era jaitsi zuen, behin-behinean. Handizkako merkatuetan megawatt-ordua 45 eurotik gora dagoenean egin dezake hori, 2023an onartutako dekretu bat erabilita. Aurten ez da halakorik gertatu, eta BEZa %21ean mantendu du.

Udan, halaber, beste energia batzuen prezioek egiten dute gora, baina, aurten, erregaiak salbuespen izan dira. Gasolioa eta gasolina %4,4 merkeago daude iazko uztailean baino, eta ekainetik koska bat egin dute behera, 1,5 puntu. Hala ere, aurten apirilean jo zuten behea.

Jakiak, berriz, garestitu eta garestitu ari dira, oro har. Baina inflazioaren batez besteko mailan. %3koa da jakien urte arteko inflazioa. Ekainetik uztailera, 0,3 puntu egin du behera.

Horiek hala, argindarra da prezioen igoera bultzatu duen faktore nagusia. Uda igarotzean ikusiko da horri eusten dion, ala aurreko hilabeteetako joera hartzen duen berriro.

Ekainean eta uztailean eten egin da urteko lehen seihilekoan izandako bilakaera. 2025. urtea %3,4ko inflazioarekin hasi zen, eta maiatzean %2,3raino apaldu zen, EBZ Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen tasatik, hau da, %2tik gertu.

Azkenengo bi hilabeteetako igoera koiunturala izan daitekeela iradoki dezake azpiko inflazioak —horrek ez du kontuan hartzen jaki freskoen prezioa, ezta energiarena ere, bi horiek baitira gorabehera handienak izaten dituztenak—. Egonkor dabil urte hasieratik: uztailean %2,5 izan da, ekainean baino 0,1 puntu gutxiago.

Salbuespenak jakietan

Jakiak izan dira azken urtean inflazioaren motor nagusia. Ekainean, urtebete lehenago baino %3,3 garestiago zeuden, 2024ko abenduaz geroztik egondako garestien. Baina uztailean %3ra jaitsi da.

Beste behin ere, arrautzak dira produktu inflazionistena: ekainetik beste 2,5 puntu egin dute gora, eta iaz baino %24,6 garestiago daude. Baina ez dira hain urruti asko kontsumitzen diren beste jaki batzuk ere: behikia (%17,9,), ardikia (%8,9), fruta freskoak (%8,8), eta lekale eta barazki freskoak (%10).

Halere, badira merkatu diren produktu batzuk ere. Azukrea asko garestitu zen 2023an eta 2024an, baina azken urtean %26,1 merkatu da. Olioak eta koipeak, berriz, %37,7 merkeago daude, batez ere oliba olioaren prezioak beherantz jarraitzen duelako, azken uzta hobea izan denez gero. Kafea eta kakaoa salbuespen dira oraindik ere, eta igoerari eusten diote: %14,6koa izan da iaztik hona.

%3,6

Turismoa eta ostalaritza. Iazko uztailean baino %3,6 garestiago daude turismoarekin eta ostalaritzarekin loturiko produktuak, oro har. Hotelen eta jatetxeen prezioak %4 igo dira, pakete turistikoena %0,4 eta aisialdiko jarduerena %0,8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.