Zentral nuklearren bizitza luzatzeari buruzko burrunba hots artean, gauza bat argi dago oraintxe bertan: Espainiako zentral nuklearren jabeek oraindik ez diote aurkeztu gobernuari erreaktoreen bizitza luzatzeko eskaera formalik.
Atzo bertan Almarazko (Caceres, Extremadura) zentraleko bi erreaktoreen bizitza luzatzeko proposamen bat adostekoak ziren haren jabeak —Iberdrola, Endesa eta Naturgy—, ondoren Trantsizio Ministerioari aurkezteko, baina bilera, beste behin, bertan behera geratu zen.
Dirudienez, Iberdrola eta Endesa epei buruz ados ez jartzeak ekarri du proposamena atzeratzea. Cinco Días egunkariaren arabera, Iberdrolak Almarazko zentralaren bizitza gehienez hiru urtez luzatu nahi du. Endesak, aldiz, hamar urteko luzapena nahi du zentralentzat. Hala eginez gero, Endesak bere kontrolpeko Kataluniako zentralen funtzionamendua bermatuko lukeelako.
Almarazko zentralaren hirugarren jabea, Naturgy, ados legoke hiru urtez luzatzeko eskaerarekin, baina ez du zentral nuklearren gaineko zergak murrizteko eskaririk egin nahi. Naturgyren negozio nagusia gasezko ziklo konbinatuko zentralak dira.
Guztiak 2025erako
Espainiako Gobernuak, printzipioz, ez die inolako luzapenik eman nahi zentral nuklearrei, eta 2035erako erreaktore guztiak geldituta nahi ditu. 2019. urtean jada luzapen batzuekin ezarritako egutegiaren arabera, Cacereskoak itxiko dituzte lehenik. Almaraz I-ek 2027ko azarorako itxi behar dute, eta Almaraz II-k, 2028ko urrirako.
Ondoren etorriko lirateke gainerako itxierak: Tarragonako Asco I eta Valentziako Cofrentes, 2030ean; Asco II, 2032an; eta Tarragonako Vandellos II eta Guadalajarako Trillo, 2035ean.
Hala ere, Espainiako Gobernua prest egongo litzateke Almarazko zentraleko bi erreaktoreei bizpahiru urte gehiago emateko. Batetik, zentral nuklearrei jardunean aritzeko denbora pixka bat gehiago emateak zentzua izan dezake apirilaren 28ko itzalaldiaren ostean. Eta hala eginez gero, gainera, PPk bere bandera handietako bat bihurtu duen nuklearren aldeko aldarria desaktibatuko luke neurri batean.
Edonola ere, oraindik bada denbora erabakia hartzeko: datorren urteko martxora arte. Izan ere, ordurako dago aurreikusita Almaraz I erreaktorearen azken erregai karga.
Almarazko erreaktoreen bizitza luzatzea erabakiko balute, Espainiako zentral nuklear guztiak 2035ean itxiko lirateke, gobernuak ez baitie beste zentralei luzapenik eman nahi.
Tasa jaitsierak
Dena den, eta luzapenerako eskaera formalik egon gabe ere, izan dira elkarrizketak zentral jabeen eta Espainiako Gobernuaren artean.
Bilera informaletan orain arte hitz egindakoak aipatuz Madrilgo zenbait hedabidetan argitaratu denez, konpainiek zera nahi zuten: ministerioak berak konpainiei publikoki eskatzea nuklearren luzapena. Sara Aagesenen Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ezezkoa kategorikoa izan omen da.
Gero, diru kontuak daude, zerga eta murrizketak. Konpainiek aldaketak nahi dituzte hiru zergatan; haien ustez, horrek merkatu egingo lukeelako zentralek sortutako elektrizitatearen prezioa, zeina oso garestia den berriztagarriekin sortutakoaren aldean.
Lehenik, gastatutako erregai nuklearraren gaineko zerga ezabatzea eskatzen dute. Zerga hori Mariano Rajoyren gobernuak ezarri zuen bere garaian, tarifa defizita arintzeko, eta berez 2028. urtean da iraungitzekoa.
Bigarrenik, konpainiek argindar sorkuntzaren gaineko %7ko zergan murrizketa nahi dute. Zerga hori elektrizitate sorkuntza mota guztiei ezartzen zaie, ez soilik nuklearrei.
28.155Zenbat kostatzen den hondakin nuklearrak kudeatzea. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren arabera, 1985etik 2100. urtera hondakin nuklearrak kudeatzearen kostua 28.000 milioi eurotik gorakoa izango da. Faktura 2.000 milioi euro baino gehiago garestitu zuen biltegi zentral baten asmoa baztertu behar izanak.
Eta hirugarrenik, hondakin nuklearren kudeaketarako Enresa konpainia publikora doan %30eko tasa ere murriztea nahi dute konpainiek. Kontua auzibidean dago; izan ere, gobernuak tasa hori handitu nahi zuen, hondakin nuklearrak gordetzeko biltegi zentral baten asmoa bertan behera geratu baitzen hura hartzeko erkidego bakar bat ere ez zegoelako prest.
Irtenbidea behin-behineko zazpi biltegiratze deszentralizatu izan ziren —irekita dauden erreaktoreen ondoan—. Horrek hondakinen kudeaketa garestitu egiten zuenez, Enresaren tasa handitu egin zen, eta zentral jabeen haserrea piztu.
Marra gorriak
Ez dago argi tasa bakoitzean konpainiek zenbateraino egin nahi duten presio. Baina Espainiako Gobernuak ez du herritarren bizkar jarri nahi zentral nuklearren luzapenaren ondorioak.

Itzalaldiaren inguruko azalpenak emateko maiatz hasieran Kongresuan egin zuen agerraldian, Pedro Sanchez luzapenaz hitz egiteko prest agertu zen, baina hiru marra gorri jarri zituen egutegia aldatzeko: segurtasuna bermatzea herritarrei, neurriak argindar horniketaren segurtasuna bermatzea, eta «energia konpainia handi horietako presidente ultra aberatsek ordaintzea» eta ez herritarrek.
Iberdrolak eta Endesak —Naturgyk ez— ekain hasieran gutun bat bidali zioten Aageseni, luzapena eskatuz. Baina Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ez zuen eskaera formaltzat hartu, baizik eta asmoen deklarazio gisa. Eta, horrez gain, adierazi zuten gutunaren edukiak gobernuak ezarritako marra gorriak hausten zituela.
Kostu ezkutuak
Zentral nuklearren bizitza luzatzeak aparteko inbertsio batzuk ekar ditzake, eta Pedro Fresco energia berriztagarrietan adituak behin baino gehiagotan ohartarazi du ez dagoela zehaztuta inbertsio horietarako dirua nork jarri beharko duen. Belgikako adibide bat jarri izan du: han bi erreaktoreren bizitza luzatuko dute hamar urtez, eta, horretarako, erreaktore bakoitzean 1.000-1.250 milioi euro artean inbertitu beharko da.