Julen Bollain. Ekonomialaria

«Oinarrizko errenta zerbitzu publiko bat izango litzateke»

Bollainek irizten dio gutxieneko diru sarrera bat bermatzeko errentak ez direla nahikoa izan pobrezia amaitzeko. Dio, ordea, oinarrizko errentari esker herritarrek eskubide gehiago eta askatasun handiagoa izango dutela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Herritar orok, inolako baldintzarik gabe, eta soilik herritar izateagatik, oinarrizko soldata bat jaso beharko lukeela irizten dio Julen Bollainek (Eibar, Gipuzkoa, 1990). Ekonomialaria eta oinarrizko errentaren inguruko aditua da, eta EAEn aplikagarria litzatekeen ikertu du bukatu berri duen doktore tesian. Ez du zalantzarik: egingarria izateaz gain, ekonomikoki ere bideragarria dela nabarmendu du.

Utopiarekin lotu izan dute askok, baina, pandemiaren eraginez, krisiari eta pobreziari aurre egiteko konponbidetzat hartu dute askok oinarrizko errenta. Zergatik?

Egia da olatuak izan direla oinarrizko errentarekin; joan-etorrian egon da gaia urteetan. XX. mendean ere izan zituen halako goraldi batzuk, baina gero berriz ere desagertu egiten zen. Pandemiaren eraginez, baina, familia asko geratu dira inolako diru sarrerarik gabe bat-batean, eta berriz ere azaleratu da eztabaida. Askok, modu instrumentalista batetik begiratzen diote, krisiari erantzuteko edota enplegu galerari aurre egiteko irtenbide gisa. Errentaren alde egiten dugunok uste dugu, ordea, pertsona batek libre izateko eduki behar duela bere existentzia materiala bermatuta, eta oinarrizko errentak hori ahalbidetzen du, beraz, neurri justua da guretzat.

Neurri ekonomiko hutsa da? Nola ulertu behar da?

Neurri ekonomiko bat da, bai, baina ulertu behar dugu oinarrizko errentak ez dituela arazo guztiak konponduko. Hau da, gobernu baten politika ekonomikoaren neurri bat besterik ez litzateke izango. Errentak, hala ere, herritar askori gaur egun ez dituzten askatasun eta eskubide batzuk emango dizkie, eta, horrek, ezinbestean, beste alor askotan eragingo luke zuzenean.

Lan merkatua eta ongizatearen estatua ez dira gai herritar guztien beharrei erantzuteko?

Argi dago ezetz. EAEn 2008-2020 artean muturreko pobrezia %98 igo da, adibidez, nahiz eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta izan. Beraz, argi dago herritar asko pobre direla gaur egun oraindik ere, enplegua eta soldata bat izan edo ez. Beraz, gutxieneko diru sarrera hori ez da nahikoa. Gainera, laguntza jasotzeko baldintza batzuk bete behar dira, eta, beraz, ez da guztiengana iristen. Txiroen %30 inguru ez dago DSBEren sisteman, eta sartzen diren zazpi horietatik erdiek soilik lortzen dute pobreziatik ateratzea.

30 urte baino gehiago dira Euskal Herrian gutxieneko errentak martxan jarri zirela. Huts egin dute tresna horiek?

Hainbeste pertsonari lagundu dien neurri batek huts egin duela esatea zaila bada ere, argi dago ez dutela beraien helburua lortu. Balio izan dute pobreziaren betikotzea saihesteko, baina oso emaitza kaskarrak izan dituzte beste helburu askotan. Munduko herrialde askotan dago gutxieneko errenta, eta bakar batek ere ez du lortu pobrezia amaitzea.

Oinarrizko errentak talka egiten du egungo diru laguntzen politikarekin. Zergatik herritar guztiei eman soilik beharra dutenei lagundu ordez?

Sustraietatik dator kontzeptu aldaketa; hau da, DSBEk edo antzeko beste errentek gerora emandako laguntzak dira, edo beste modu batera esanda, porrot egin behar duzu laguntza jasotzeko. Oinarrizko errenta guztiz kontrakoa da: porrot egin aurretik bermatzen du laguntza. Herritarra zaren heinean, zure beharrizanak eta existentzia materialak bermatuta izateko eskubidea ahalbidetzen du. Horrek, batetik, askatasun handiagoa ematen dio herritarrari, enplegu bat onartu edo ez erabakitzeko, adibidez; eta, bestetik, oinarrizko beharrak aseta izateak lasaitasuna eta askatasuna ematen dio.

Munduan hainbat herrialdetan egin dute errenta ezartzeko saiakera edo proba. Zein ondorio atera daitezke?

Kasu bakoitza desberdina da, ez baita gauza bera Kenian egin edo Finlandian; adierazleak ere ez dira berdinak. Baina, oro har, lau ideia azpimarratu daitezke: herritarren gaitasun ekonomikoa hobetzen dela ikusi da;pertsonen buru osasunak ere hobera egiten du, eta horrekin batera gaitasun kognitiboak, memoriak eta ikasteko gaitasunak; komunitatea eraikitzen laguntzen du, errenta jasotzeagatik inor ez baita baztertuta sentituko; eta, azkenik, errenta jaso arren jendeak ez diola lan egiteari edo lan merkatuan aktibo egoteari uzten.

Zuk EAEko kasua aztertu duzu zure ikerketa tesian. Egingarria da? Nola finantzatuko litzateke?

Egingarria litzateke borondate politikoa badago, zeren datuek erakusten dute posible dela. Eta egingarria litzateke, halaber, munduko beste 11 herrialdeetan, kasu bakoitzaren inguruan egin diren ikerketa guztiek hori adierazten dutelako. EAErako sei eredu aztertu ditut nik, eta emaitza bera da beti: bideragarria da ekonomikoki. Eta, horretarako, nahikoa litzateke soilik PFEZaren erreforma bat egitea. Hau da, biztanleriaren %20 aberatsenek apur bat gehiago ordaindu beharkolukete gainerako %80ren artean banatzeko. Ez litzateke finantzatzeko bide bakarra izango, noski. Baina, azken finean, oinarrizko errenta zerbitzu publiko bat litzateke, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago ordaindu arren, guztion zergekin finantzatutako zerbitzu bat litzateke, denon onurarako dena.

Zeintzuk dira eredu horiek?

Sei eredu dira, baina hiru multzotan banatuko lirateke: familiaren tamainaren araberako errenta indibiduala; oinarrizko errenta unibertsala, alegia, pertsona bat errenta bat; eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren baliokidea litzatekeen errenta unibertsala. Eredu bakoitzak bi adar izango lituzke: batean, oinarrizko errenta baino txikiagoak diren diru laguntzak pentsioak, bekak… desagertu egingo lirateke; eta bestean, aldiz, osagarri lirateke. Bataren edo bestearen alde egin garestiagoa edo merkeagoa da, baina denak dira bideragarriak.

Kopuruak zenbatekoak izan beharko luke?

Ereduaren araberakoa litzateke. Oinarrizko errenta unibertsalak, adibidez, pobrezia mugaren araberakoa izan beharko luke: 12.577 euro urtean. Familiaren araberako balitz, oinarria kopuru bera litzateke, baina bizikide bakoitzaren arabera handiagoa edo txikiagoa litzateke.

EAEn herritarrek bultzatutako ekinaldia da. Zein garrantzi du horrek zuretzat?

Oso garrantzitsua da. Horrelako herri ekinaldiak beti hartu behar dira kontuan, eta politikariek jakin behar dute hori legebiltzarrera iristen bada milaka pertsonaren babesarekin izango dela. Beraz, eskatuko nieke, gutxienez, aztertzeko eta eztabaidatzeko. Gainera, gogoratu behar da Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak esan dutela oinarrizko errenta erakundeek aztertu beharko luketen neurria dela, etorkizunerako tresna baliagarria izan daitekeelako. Beraz, iruditzen zait asko hitz egingo dugula oraindik gaiari buruz. Oinarrizko errenta inoiz baino urrunago dago utopia izatetik, eta gero eta gertuago errealitate bihurtzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.