Mundakak ez du antolatuko datorren urtean munduko surf txapelketako probarik. Arrazoia? Mundakako olatu ospetsua artista hutsa dela, sekulakoa, agertzeko ohorea eskaintzen duenean, baina desagertzeko joera handikoa. Eta Mundakako surf-zaleak bezalaxe, olatutik erori dira munduko burtsak ere. Azken bost egunotako irabaziak ia-ia egun bakarrean galdu dituzte, Wall Streetetik datozen hotsengatik. Langabeziaren datuak txarrak direla jakiteak ez du lagundu AEBetako ekonomiari buruzko zalantzak uxatzen, eta Citigroupen erorketak (-%6,67 arratsaldean) beste bankuei eman die danbatekoa: Londresen, Lloydsek (-%8.06); Parisen, Credit Agricolek (-%4,59); eta Frankfurten, Commerzbank (-%4,26). Citigroupek kapitala handitu nahi du, baina merkatuek uste dute prezio txikiegia eskaini duela akzio berriaren truke, ahul dabilen seinale. Eta arrazoi horregatik, agian, AEBetako Altxorrak iragarri du Citigroupen kapitalean geratuko dela, oraingoz.
Telebista pribatuen bat-egite dantzan gero eta estuago dabiltza bikoteak. Eta jakina da dantzaren zorabioak bikote bitxiak sortzen dituela. Horietako bat da Planetaren katearen -Antena 3 (%4,5)- eta Mediaproren La Sextaren arteko ezkontza, gauzatzekotan omen dena. Telebista kontserbadore eta zahar usainekoa batetik, eta PSOEzale eta lotsagabeena bestetik. Zer esanik ez Berlusconiren Tele 5ren (%2,74) eta Prisaren (%2,37) Cuatroren arteko zirriei buruz. Ezkontide guztien helburua: publizitatearen tartaren zatirik handiena irenstea.
Olatutik erorita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu