Bukatu da Joseph Bergara Txistu-ren aroa. 2019tik geroz Sokoa enpresako lehendakari zegoenaren kontra egin zuen joan den ostiralean administrazio kontseiluak, edo, bestela erranik, lehendakari berri baten alde: Iban Olhagarai, enpresako administratzaileetarik bat. Bozak hertsiak izan dira, baina, azkenerako, kudeaketa berri baten alde egin dute, kontuan harturik antolakuntza krisi betean izan direla azken hilabeteetan.
Izan ere, Sokoaren barne funtzionamendua behin eta berriz zalantzan ezarri izan da, Bergara lehendakariak Timothee Axeritogarai zuzendari nagusiarekin osatzen zuen bikotearen jokamoldeak zirela eta. 2019an, Bergarak Patxi Noblia Sokoaren sortzailearen segida hartu zuen lehendakaritzan, azken hori erretiratu zenean; orduan, Axeritogarai administrazioaren eta finantzen zuzendaria zen, baita administrazio kontseiluko kidea ere. Urteak aitzina, bikoteak eskuz esku lan egin du enpresan, baita Sokoaren inguruan grabitatzen duten zenbait proiektutan ere.
Erraterako, Sokoaren administrazio kontseiluko lehendakari izateaz beste, Bergara Herkideren lehendakaria ere bada, zeinak Herrikoa sozietatea kudeatzen baitu. Ildo beretik, Axeritogarai da Herkideren zuzendari nagusia, kontuan harturik Sokoa Herkideren akziodunetarik bat dela.
1974an sortutako enpresa bat da Sokoa. Euskal Herrian enplegua sortzen laguntzeko asmoz altxatu zuen Patxi Nobliak, 24 bazkiderekin batera: bulegoetarako kadira eta besaulkiak egiten ditu. Gaur egun, 650 bat langile ditu, horietarik 250 bat enpresak Hendaian duen egoitza nagusian. Europako enpresa nagusietarik da bulegoetarako altzarien alorrean.
Enargiaren krisia
2023ko Enargiaren krisiak ez zuen hobetu Sokoako egoera. Garai hartan, Txisturen seme Patxi Bergara zen enpresako zuzendari nagusia, eta aita administrazio kontseiluan zuen, baita Axeritogarai eta Laura Dubernet ere, garaiko Enargiako langileen ordezkaria izateaz beste Sokoako administrazio kontseiluko kidea dena. Gobernantza krisia gertatu zelarik, administrazio kontseiluaren parte batek argibideak galdegin zituen: zuzendari nagusiaren lansariaz, ezarritako presioez eta boterearen kontzentrazioaz, besteak beste. Bergara semeak bere alde ukan zituen Sokoako hiru administratzaileak, baina horrek ez zuen haren kargutik kentzea saihestu. «Gezurrezko akusazioak» salatu zituen ondotik.
Bada, Txisturen monopolioa ere bukatu da. Goia hunkiko zuen, agian, 2028an 75 urteetara iritsiko zelarik, adin hori baita Sokoako lehendakaritzan egoteko muga. Administrazio kontseiluak bestela erabaki du, justu enpresak udako hetsialdia egin aitzin.