«Demokraziaren eta oligarkiaren arteko batailan mugarria izan daiteke». AEBetan gero eta gehiago dira demokrazia bera arriskuan ikusten dutenak, eta Etxe Zuriko urre zalea ez da haien kezka nagusia, baizik eta norbanako gutxi batzuek gero eta gehiago kontzentratzen duten aberastasuna eta boterea.
Ekonomiako sei Nobel saridunen hitzak dira aurreko horiek —Daron Acemoglu, Abhijit Banerjee, Peter Diamond, Esther Duflo, Paul Krugman eta Joseph Stiglitz—, Kalifornian azaroaren 3an bozkatuko den 40. Proposamenaren aldeko botoa eskatzeko gutunekoak.
Izan ere, 40. Proposamenak aurrera egingo balu, Kalifornian %5eko zerga bat ezarriko litzateke mila milioi dolarretik gora dituztenen ondarearen gainean —ia 900 milioi eurotik gora— , behin bakarrik. Hortik bildutako dirua osasungintzara joango litzateke nagusiki, eta kopuru txikiago bat, hezkuntzara.
Nahiz eta proposamena tokiko kezken eta aldarrien harira etorri, balio izan du oligarkak zergapetzearen ideia zabaltzeko AEBetan. 40. Proposamena aurrera atera edo ez, adituek uste dute gaiak pisua izango duela 2028ko hauteskundeetan.
Errenta zergarik gabe
Kalifornian, Silicon Valley hartzen duen estatuan zehazki, 246 dira mila milioi dolarretik gorako ondarea dutenak —laster gehiago izango dira, OpenAI edo Anthropic burtsara ateratzen badira—.
Eta zenbat zerga ordaintzen dituzte? Ondarearen gaineko zergarik gabe, aberatsak zergapetzeko tresna nagusia errenta zerga izaten da, hots, urteko irabazien gainekoa. Baina dirudunenek apenas izaten duten halako irabazirik, eta haien luxuzko bizitza —eta ekintza politikoak— burtsako akzioetan duten ondaretzarrarekin bermatutako kredituekin ordaintzen dute —ez dituzte akzioak saltzen, kapital irabazirik ez izateko—.

Esaterako, Googleren sortzaileek, Larry Pagek eta Sergey Brinek, berez urtean dolar bana irabazten dute Alphabetetik, 2019an konpainiaren CEO izateari utzi ziotenetik. Ez dute errenta zergarik ordaindu 2019an, 2020an, eta 2023an, eta munduko aberatsenen artean bigarrena eta hirugarrena dira: 257.000 milioi dolarreko ondarea du Pagek, 237.000 milioi dolarrekoa Brinek. Bien ondareak, gainera, nabarmen hazi dira azken urtean.
Aberatsak kanpainan
Dirutza horrekin, Brini huskeria irudituko zaio 40. Proposamenari kontra egiteko kanpainan jarri dituen 100 milioitik gora dolarrak. Ez da bakarra izan, Kaliforniako beste aberats batzuk ere kanpaina betean ari baitira proposamenaren kontra: Chris Larsen, Peter Thiel, Mark Andreesen, Erik Schmidt, John Doerr... Guztien artean gutxienez 200 milioi dolarretik gora jarri dituzte. Eta lortu dute inkestetan 40. Proposamenaren aldekoek zuten abantaila asko estutzea.
Deigarria da kontrakotasun publiko hori, eta argi dago oligarken zergaren inguruko eztabaidaren zabalkundea eragoztea dutela helburu, AEBen mailako zerga federal bat oztopatzea, ze, berez, %5eko aparteko tasa batek apenas ukituko lukeen haien ondarea.
A one-time 5% wealth tax would bring Silicon Valley’s billionaires’ wealth back to where it was just 31 days ago, on September 7. When it was "just" 178% higher than on January 1, 2023. They’d rather let 3 million people lose their health insurance than let that happen. https://t.co/F7M4urTPEQ
— Gabriel Zucman (@gabriel_zucman) October 8, 2026
Ultraaberats horiek hainbat taktika erabili dituzte 40. Proposamenari aurre egiteko. Eraginkorrenak, seguru asko, 41. eta 42. Proposamenak dira. Haietakoren bat aurrera aterako balitz, 40. Proposamenean jasotako zerga, nahiz eta aurrera atera, blokeatuta edo baliogabetuta geratuko litzateke.
Kaliforniarrak dagoeneko ari dira proposamenak bozkatzen, dagoeneko zabalik baitago botoa posta bidez emateko modua, eta %80tik gora dira bozkatzeko modu hori erabiltzen dutenak.
Hiru proposamenen inguruko bozketen emaitza edozein dela ere, eztabaida zabaltzen ari da, eta ez soilik desberdinkeria sozialen edo pobreziaren inguruan. Auzia hor dago AEBetan, gero eta diru gehiago, gero eta botere handiagoa pilatzen duten eta Trump bultzatu duten oligarka horiei mugak jartzearen inguruan.
OSASUN PRIBATURA
Berez, proposamenaren asmoa ez da zehazki oligarken botereari muga jartzea. Helburua askoz ere lurtarragoa da. Osasungintzara lotutako SEIU United Healthcare Workers West sindikatuak aurkeztu du, hain zuzen, 40. Proposamena, 900.000tik gora sinadura bilduta.
 Sindikatua jakitun dago 2027an milioika kaliforniarrek galdu ditzaketela Medicare-eko eta Medicaleko estaldurak, edo aseguruak nabarmen garestituko zaizkiela.
Donald Trumpen Big Beautiful Bill lege ezagunaren emaitza izango da hori. AEBetako presidentetzara itzultzean, hainbat zerga jaitsi zituen Trumpek, eta horretarako diruak osasungintza aseguruetarako ordainketetatik kendu zituen. Hori bai, azken neurri horiek ez dira indarrean sartuko hurrengo urtera arte, behin agintaldi erdiko hauteskundeak pasa ondoren.
Orduan, gertatuko da milioika pertsonak — hamalau milioi pertsona daude Medicalen Kalifornian— ezin izango dutela ospitale eta mediku pribatuetara joan; ospitale publikoetako larrialdiak izango dituzte aukera bakarra. SEIU United Healthcare Workers West sindikatua kezka agerikoa da, hainbat lanpostu galdu eta baldintzak okertuko baitira ospitale pribatuetan. Eta horregatik nahi du Kaliforniako aberatsen dirua.
Horrek beste zenbait sindikaturen eta hautagai demokrata batzuen kontrakotasuna eragin du, proposamenak aurrera egingo balu aberatsen dirua osasungintza pribatuaren industriara joango litzatekeelako, besteak beste.