Oligarkia edo demokrazia aukeratzeko garaia iritsi dela dio Oxfam Internationalek

Milamilioidun kopuruak 3.000 pertsonaren langa gainditu du 2025ean, eta bitartean eten egin da pobreziaren beherakada. Aberatsenak gero eta botere politiko eta mediatiko handiagoa pilatzen ari dira, eta demokraziari erasotzen, Oxfamen txostenaren arabera.

Elon Musk, munduko gizonik aberatsena eta Donald Trump, AEBetako presidentea, joan den maiatzean Etxe Zurian. FRANCIS CHUNG / EFE
Elon Musk, munduko gizonik aberatsena eta Donald Trump, AEBetako presidentea, joan den maiatzean Etxe Zurian. FRANCIS CHUNG / EFE
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 19a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aberatsenen inperioaren kontra. Demokrazia defenditzen milamilioidunen kontra. Oxfam Internationalen kezka nabaria da aberatsenen eragin ahalmenaz, eta larritasun hori antzematen da desberdintasun sozial eta ekonomikoei buruzko aurtengo haren txostenean.

Urtero, Davosko foroaren lehen egunarekin batera argitaratzen du txostena, eta erakundeak oraingoan milamilioidunek azken urtean pilatutako aberastasuna bezainbeste salatu du haiek bereganatutako botere guztia.

Txostenaren arabera, mundu osoan gobernuak erabaki okerrak hartzen ari dira, kapital handiaren interesen alde egiten, askatasunak defenditu beharrean; «aberatsen alde egiten». Aukeratzen ari dira, bizitza gero eta garestiagoarekin haserre dauden herritarren haserrea zapaltzen, aberastasuna birbanatzeko tresnak hautatu beharrean. Horregatik, Oxfamen ustez, «iritsi da oligarkia edo demokrazia aukeratzeko garaia». 

«Munduko hedabide inportanteenen erdiak baino gehiago milamilioidunen jabetzakoak dira, eta sei milamilioidunek zuzentzen dituzte munduko hamar sare sozial nagusietatik bederatzi»

OXFAM INTERNATIONAL

Aberatsenen aberastasuna neurririk gabe handitzen ari dela erakusten du txostenak, eta azken urtean pilaketa horrek errekor guztiak gainditu dituela. Milamilioidunen kopuruak 3.000 pertsonaren langa gainditu du aurten, eta haien aberastasuna hiru aldiz bizkorrago handitu da aurreko bost urteetako batezbestekoarekin alderatuz gero.

Bitartean, eten egin da pobreziaren murrizketa, eta zehazki Afrikan txirotasuna handitu egin da. 2022ko datuen arabera, munduko biztanleriaren %48,1 —3.830 milioi pertsona— bizi dira pobrezian. Beste datua elikagai gabeziarena da: «Errealitatea da lau pertsonatik bat elikagai segurtasunik gabe bizi dela eta kopuru hori %42 handitu dela 2015etik 2024ra». Europa eta Ipar Amerikaren gisako eremu aberatsenetan ere 92 milioi pertsona daude horrela.

Oligarkiaren kontrola

Desberdintasun ekonomiko handia desberdintasun politikorako bidea dela uste du Oxfam Internationalek, eta gehiegizko aberastasuna demokraziari erasotzen ari zaiola. Aipamen berezia egin die Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente milamilioidunari, milamilioidunez osatutako haren kabineteari, eta Elon Musk munduko pertsonarik aberatsenari, Trump finantzatu baitzuen. Musk izan da bilioi bat dolarreko ondarea pilatu duen lehen pertsona.

«Munduko pertsonarik aberatsenek nagusiki hiru modutan eraiki dute beren botere politikoa: sostengu politikoak erosiz, eliteen boterea legitimatuz eta instituzioetarako sarbide zuzena ziurtatuz», azaldu du txostenak.

Mark Zuckerberg (Meta, Facebook, Whatsapp, Instagram, Lauren Sanches, Jeff Bezos (Amazon), Sundar Pichai (Google), eta Elon Musk (SpaceX, Starlink, X), Donald Trumpen kargu hartzean.
Mark Zuckerberg (Meta, Facebook, Whatsapp, Instagram), Lauren Sanchez, Jeff Bezos (Amazon), Sundar Pichai (Google), eta Elon Musk (SpaceX, Starlink, X), Donald Trumpen kargu hartzean. JULIA DEMAREE NIKHINSON / EFE

Aberatsenek hedabideen eta adimen artifizialaren gainean duten botere gero eta handiagoarekin ere oso kezkatuta dago Oxfam International. «Munduko hedabide inportanteenen erdiak baino gehiago milamilioidunen jabetzakoak dira, eta sei milamilioidunek zuzentzen dituzte munduko hamar sare sozial nagusietatik bederatzi».

Eta, milamilioidunak botere mediatiko eta politiko guztia bereganatzen ari diren bitartean, ahalmen ekonomiko txikia dutenak politikoki pobretzen ari dira. Oztopo gero eta gehiago dituzte politikan, erabakietan eta bizitza publikoan parte hartzeko. «Autoritarismo gero eta zabalduagoak isilarazi egiten ditu haien ahotsak, ezabatu egiten baititu lortzen horren zailak izan diren eskubide eta askatasunak».

Errua, migratzaileei

Txostenean salatu dute gobernuek sistematikoki gutxiengoei leporatzen dietela guztiaren errua, eskuin muturreko alderdien eta plataforma mediatikoen sostenguarekin. «Herrialde ia guztietan, migratzaileak dira delinkuentziaren, gizarte prestazioen murrizketen, bizitzaren garestitzearen eta beste hainbat arazo sozialen errudun».

Egileen ustez, «nahiz eta herritarren gehiengoak ez dituen sinesten gezur horiek, tamalez, joko zikin horrek atentzioa desbideratzen du biztanleriaren gehiengoak pairatzen dituen zailtasunen egiazko kausatik: muturreko desberdintasunetik».

Oxfam Internationalen arabera, derrigorrezkoak dira aldaketak, eta desberdintasun ekonomiko handia eta aberastasunaren kontzentrazioa drastikoki murriztu behar dituzte gobernuek, baita suebakiak ezarri ere aberastasunaren eta politikaren artean, eta aldi berean herritarren parte hartze politikoa sustatu.

GAKOAK

  1. 2025ean, milamilioidunen aberastasuna hiru aldiz bizkorrago handitu zen aurreko bost urteetako batez besteko erritmoarekin alderatuz gero.

  2. Desberdintasun sozial handieneko herrialdeek zazpi aldiz probabilitate handiagoa dute haien demokraziari eraso diezaioten.

  3. Milamilioidunek pertsona arruntek baino 4.000 aldiz probabilitate handiagoa dute kargu politiko batean egoteko.

  4. Milamilioidunek azken urtean irabazitakoa banatuz gero, 250 dolar (215 euro) tokatuko lirateke planetako pertsona bakoitzarentzat, eta, hala ere, aberatsek oso aberats izaten jarraituko lukete, 500.000 milioi dolarretik —430.000 milioi euro ingurutik— gorako ondarea izango bailukete.

  5. Munduko 12 milamilioidun aberatsenen ondarea handiagoa da munduko biztanleriaren erdi pobreenarena baino —4.000 milioi pertsonarena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.