ELBk salatu du Oloroeko hiltegia hesteak arriskuan paratuko duela laborantza herrikoiaren segitzea

Biarno Garaiko Herri Elkargoak deliberatu du agorrilaren 30ean betiko hestea hiltegia. ELB sindikatuak erabaki horren aldatzea galdegin du, eta sostengu osoa helarazi die ondorioak pairatuko dituzten tokiko laborariei.

Behi bat artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Behi bat artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oloroe
2026ko abuztuaren 13a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hurbileko hiltegiak baitezpadako lan tresnak dira hazkuntzan diren laborarientzat, eta bereziki laborantza herrikoian diren hazleentzat». Hala arrazoitu du ELB sindikatuak, Oloroeko (Okzitania) hiltegiaren hestea salatzeko hedatu duen agirian. Biarno Garaiko Herri Elkargoak agorrilaren 30etik goiti behin betiko hestea hautatu du. Instituzioaren hitzetan, aktibitatea apaldu zenez, hiltegiaren egoera «jasanezina» bihurtu zen ekonomiari eta finantzei zegokienez, eta kontuak orekatzeko aukerarik ez zegoen. Horregatik, hesteko erabakiaren berri eman zuen uztailaren 27an. ELBk elkarretaratzera deitu du gaurko, erabaki horren ondorioak jasango dituzten lekuko laborariei sostengua erakusteko; 18:00etan izanen da, Oloroeko Villa Bedat aitzinean.

Laborantza sindikatuarentzat, elkargoak erabakiaren justifikatzeko baliatzen dituen arrazoinamenduak «ezin entzunak» dira. Hiltegiaren etorkizuna dimentsio ekonomikora ezin dela mugatu azpimarratu du ELBk: «landaguneetako herrien bizia, ekonomia, osagarri publikoa eta ingurumena» jokoan direla dio. Hau da, sindikatuak oroitarazi du hiltegiak garrantzi handia duela hazkuntzaren eta lekuko ekoizpenaren mantentzean. «Hiltegiak zerbitzu publikotzat hartuak izan behar dira. Hiltegien desagertzeak handizki desegituratzen ditu hainbat hazkuntza sail, zeinak jadanik arriskuan baitira merkatuaren liberalizatzeagatik».

Bestalde, Jean-Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko lehendakariak, ELB sindikatuaren gisara, ez du ulertzen arrazoi ekonomikoengatik baizik ez hestea hiltegia. Hori ikusirik «harridura» eta «arrangura» sentitu duela adierazi du, agorrilaren 7an zabalduriko agiri batean. Haren ustez, hiltegia «beharrezko» tresna bat da hazkuntza sailarentzat eta oro har landaguneetako biziarentzat.

Ondorio anitz, alternatiba guti

Oloroeko hiltegiaren hesteak zer ondorio eragingo lituzkeen ere seinalatu du ELBk. «Kabalen dekapitalizatzea, etxaldeen ekonomiaren ahultzea jadanik gorrian izanik, aktibitate garapenen egiteari uztea, ekoizpen batzuen baztertzea, eta, dudarik gabe, etxalde batzuen heriotza», zerrendatu ditu. Hestearen erranahiak, eraginak eta ondorioak erakusteaz gain, Oloroeko hiltegiaren baliatzaileak alternatibarik gabe gelditzea deitoratu du sindikatuak. Inguruetako beste hiltegiak urrunegi direla uste du, eta beste lekuetan «jadanik lanpetuak» direla zehaztu. 

ELBk emaniko datuen arabera, Frantziako Estatuko hiltegien egoera ekonomikoa «biziki larria» da: 2003an 400 hiltegi zeuden, eta gaur egun 230 baizik ez. Era berean, Frantziako Estatua laborantza industrialaren konplize dela salatu du ELBk, hein berean kontsideratzen dituelako laborantza herrikoiko lan tresnak eta «urtean hamarnaka mila tona egiten dituzten unitate industrialak».

Oro har, laborantza herrikoiaren segitzea «arrisku larrian paratzea» deitoratu dio ELBk Biarno Garaiko Herri Elkargoari. Horretarako, elkargoak bere erabakia alda dezala exijitu du sindikatuak: hiltegiaren hesteak ekar ditzakeen lanjerak nabarmendu, eta elkarretaratzeko deia egin du Oloroen ostegun arrats honetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA