Ondare zerga «aurrerakoiagoa» eskaini die Bizkaiak beste aldundiei

Gipuzkoak ez du berritasun handirik ikusten, eta bere proiektuarekin jarraituko duela dio

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ondare zergaren berreskuratzeari azken uneraino aurre egin ondoren, aberatsenak zergapetzeko proposamen «aurrerakoiena eta progresiboena» aurkeztu du orain Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Gipuzkoako Aldundiak onartu duen Aberastasun Handien gaineko Zerga baino «ezkertiarragoa» dela esatera iritsi da Bilbao, eta erronka bota dio: bere proposamena bertan behera utzi eta Bizkaiaren proposamena onar dezala. Erantzuna ezezkoa izan da. Bizkaiaren «jarrera aldaketa» txalotu arren, Gipuzkoak ez du berritasun handirik ikusi Bizkaiaren proposamenean: «Betiko zerga aurkeztu dute, portzentajeak aldatuta».

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek elkar ikusiko dute gaur, Zergak Koordinatzeko Organoan. Han izango dira Arabako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere. Ondarearen gaineko zergan akordioa lortuko dutela espero du Bilbaok, bere proposamenean oinarrituta, noski.

Haren arabera, bere proiektuarekin diru gehiago bilduko lukete aldundiek, eta «gehien dutenek gehiago pagatzeko» helburua ere bete ahal izango lukete. Bizkaiaren kasuan, 75 milioi euro jasoko lituzkete (aurten baino 20 milioi gehiago), eta 7.500 lagunek pagatuko lukete (2.000 gehiagok).

Horretarako bide nagusia da aberatsen «benetako» ondarea azaleratzea, eta sozietateen bidez ezkutatzen dutena ere zergapetzea. Gainera, ondasunen benetako balioa zergaren oinarrian ere islatzea du helburu Bizkaiak. Ohiko etxebizitzari eta jarduera ekonomikoei dagozkion salbuespenak ere mugatu nahi ditu Bizkaiak. Gipuzkoakoa ez bezala, Bizkaikoa ez da «konfiskatorioa», errenta eta ondare zerga batuz gero errentaren %65 pagatzeko muga jarriko duelako.

Gipuzkoaren erantzuna

Bizkor erantzun du Gipuzkoak, agiri baten bidez. «Berri pozgarria» da Bizkaia lehen demagogikotzat jotzen zuen zerga bere egitea, eta Gipuzkoaren «lidergoari» egotzi dio aldaketa. Baina, hankamotz geratu dela uste du: «Aurreko zergaren hutsune berberak dauzka: muga fiskalari eusten dio, eta horri esker fortuna handiek zerga saihesten jarraituko dute; [enpresen] partaidetzak salbuetsita jarraiko luketenez, ondaren horien inguruan dagoen gune iluna mantenduko da». Gipuzkoak dio zergaren progresibitatea ez dagoela tasan soilik, «tasa berrien eta muga fiskalaren desagerpenaren konbinazioan baizik». Horregatik eutsiko dio bere proektuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.