Ondarroako alturako flota gelditzen hasi da gasolioaren garestitzeagatik eta berdelaren kanpainaren itxieragatik

Bost ontzi ez dira itsasoratu, eta datozen egunetan beste batzuk ere geldituko direla ohartarazi du Mikel Ortizek, Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko zuzendariak. Berdelaren kuota handitzeko eskatu dute.

Ontzi batzuk Ondarroako portuan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ontzi batzuk Ondarroako portuan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 25a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasartean gertatzen ari denak bete-betean jo ditu euskal arrantzaleak. Hango arrainik ez da iristen euskal portuetara, baina handik heltzen den erregaia ezinbestekoa dute itsasora irten ahal izateko. Lehen abisua eman dute: Ondarroako (Bizkaia) alturako ontziak lehorrean geratzen hasi dira. Mikel Ortiz Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko (OPPAO) zuzendariak baieztatu duenez, atzo bost barkuk erabaki zuten ez itsasoratzea, eta esan du egoerak bere horretan jarraituz gero beste batzuk batuko zaizkiela datozen egunetan.

Arrantzaleen arabera, erregaiaren prezioa igo izana da egoeraren atzean dagoen arrazoi nagusia. Irango gerrak eragindako tirabirek nabarmen garestitu dute gasolioa, eta Espainiako Gobernuak erabilera profesionalerako erregaiei ezarritako litroko 20 zentimoko deskontua ez da nahikoa, Ortizen esanetan.

«Gasolio litroa 1,19 euro ordainduta, ez dago modurik kontuak ondo ateratzeko: itsasora ateratzea dirua galtzea da»

MIKEL ORTIZOndarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko zuzendaria

Espainiako Industria Ministerioaren datuen arabera, arrantzarako gasolioaren litroa, zergarik gabe, euro baten bueltan zegoen joan den astean Bizkaiko portuetan. «Lehen, 60 zentimo inguruan zegoenean, nekez, baina moldatzen ginen; orain, Ondarroan 1,19 euro ordainduta, ez dago modurik kontuak ondo ateratzeko: itsasora ateratzea dirua galtzea da», azaldu du OPPAOko zuzendariak.

Ortizen arabera, Espainiako Gobernuaren diru laguntzak ez du baretu arrantzaleen kezka. «Existentzialki beharrezkoa» dela adierazi du, baina «praktikan berandu» iritsi direla. Haren ustez, arrantza sektorea, bere berezitasunegatik, ezin da bizi petrolioaren prezioaren gorabeherek baldintzatuta. Ortizek nabarmendu du arrainaren prezioa ez dela igo «azken hamabost urteetan»; erregaiarena, aldiz, «gora eta gora ari da etengabe». «Laguntzak badatoz, baina guk eguraldiaren arabera, arrainaren arabera eta hark merkatuan duen prezioaren arabera erabaki behar dugu noiz atera. Erregaiek orain duten prezioarekin, kontuak ez zaizkigu ondo ateratzen: emaitza negatiboa da».

Ondarroan geldialdian dauden bost ontzietan hirurogei arrantzale inguru aritzen dira, baina Ortizek ohartarazi du egoerak aurrera eginez gero geldialdia beste ontzietara ere zabalduko dela. Oraingoz, armadoreek ez dute aurreikusia langilerik kaleratzea, eta aldi baterako neurriak aztertzen ari dira, hala nola opor aurreratuak eta aldi baterako enplegu erregulazioak. «Baina, horrela jarraituz gero, ezingo dugu Gizarte Segurantza ere ordaindu», ohartarazi du.

Berdelaren kanpaina, etenda

Espainiako Gobernuaren laguntzek, gainera, muga bat dute: ontzi bakoitzeko 200.000 euro eta armadore edo enpresa bakoitzeko 400.000 euro jaso daitezke gehienez. Alturako ontziek nabaritzen dute bereziki gasolioaren garestitzea, bidaia luzeagoak egiten baitituzte arraina harrapatzeko. OPPAOren kalkuluen arabera, eguneko 4.000 euro inguruko kostu gehigarria dakar horrek. Madrildik iragarritako laguntza, ordea, eguneko 500 euro ingurukoa izango litzateke. «Oso eskasa da egungo zuloa estaltzeko», Ortizen hitzetan

Kalkuluak egiteko, gainera, ontzi bakoitzaren kontsumoa eta jarduera egunak hartuko ditu kontuan Espainiako Gobernuak. Eta hori ezbaian dago.

Ondarroan bost ontzi geratu dira lehorrean, denak alturako arrasteontziak. Portu horretan mota horretako hamabi ontzi daude, eta nagusiki berdela, legatza, zapoa eta olagarroa harrapatzen dituzte.

Berdela Frantziako uretan harrapatzen dute, eta aurten Bruselak %70 murriztu die kuota. Alturakoek jada arrantzatu dute Madrilek ezarritako gehienekoa, eta, horregatik, martxoaren 19tik ezin dute berdelik arrantzatu.

Berdela Ondarroako portuan. ASIER ALKORTA
Berdela Ondarroako portuan. ASIER ALKORTA

Ortizen ustez, egoera horrek hizpidera ekarri du berriz ere kuoten banaketaren auzia. Haren esanetan, egungo sistemak ez du islatzen floten benetako jarduera. «Ez da logikoa batzuek kuota erabili gabe uztea eta diru laguntzak jasotzea, eta beste batzuek, guri gertatzen zaigun bezala, kuota azkar agortzeagatik jarduera etetea edo [beste espezie batzuekin batera] harrapatutakoa itsasora itzuli behar izatea».

Egoera ikusita, astelehenean sektoreko eragileek eskari bat egin zieten Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari: berdelaren kuota handitzeko eska zezatela Bruselan, «gasolioaren igoera nolabait konpentsatu ahal izateko».

Arrandegietan, gutxiago

Kontsumitzaileek ere nabarituko dituzte ondorioak, Ortizek ohartarazi duenez. «Bost ontzi gutxiagorekin, ia erdira murriztuko da [Ondarroako flotak] merkaturatu eta saldu ahal izango duten arraina». Horrek eragina izango du handizkako merkatuetan, banaketa kate osoan eta arrandegietan.

OPPAOko zuzendariak azaldu du handizkako erosleak «oso kezkatuta» daudela: «Haien jarduera ere arriskuan dago». Eta ohartarazi du hornidura katean sor daitezkeela arazorik larrienak: «Pandemian eta Ukrainako gerran gertatu ez zena gerta daiteke orain. Pandemian sektore estrategikoa eta ezinbestekoa izan ginen; orain ere hala kontsideratzea nahi dugu».

Horren harira, Ortizek jakinarazi du Cepesca Espainiako arrantza patronalen konfederazioko idazkari nagusia bihar bilduko dela Kostas Kavis Europako Batasuneko komisarioarekin, sektorearentzat «neurri osagarriak» eskatzeko. Halaber, apirilaren 15ean Europako Parlamentuak aztergai izango du gasolioaren prezioak sektorean duen eragina. Oraingoz, Ondarroako bost barkuk erabaki dute lehorrean geratzea, eta, Europan ere gelditzea erabakiko balute, arazoa larrituko litzateke, bereziki legatzari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!