Ongarriak ere txartu ditu gerrak

Munduan esportatzen diren ongarri nitrogenatuen herenak Persiar golkoan ekoizten dituzte, eta hangoak dira Europak inportatutakoen ia erdiak. Ongarriak ia %50 garestitu dira gerra hasi zenetik, eta aurki nabarituko da horren eragina jakien prezioan ere.

Eskukada bat ngarri nitrogenatu, artxiboko irudi batean. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE
Eskukada bat ongarri nitrogenatu, artxiboko irudi batean. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko martxoaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errepikaren errepikaz, irakurleak dagoeneko jakingo du Ormuzko itsasartetik igarotzen dela munduan ekoizten den petrolioaren %20. Eta Iranek igarobidea ia guztiz itxi izanaren ondorio dela petrolioaren eta energiaren prezioa garestitu izana. Baina irakurleak ba al daki Ormuztik igarotzen direla munduan esportatzen diren nekazaritzarako ongarri nitrogenatuen herenak? Eta Europara inportatzen diren halako ongarrien ia erdiak Persiar golkoko herrialdeetatik datozela?

Energiaren prezioaren gorakadak zuzen-zuzenean eragin die herritarrei: erregaien prezioan nabaritu da, argindarraren fakturan... Ongarrien garestitzeak, aldiz, ez du eraginik izan epe motzera, baina litekeena da laster eragina izatea: lehenik, nekazarien ekoizpen kostuetan, eta, bigarrenik, jakien prezioan. Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroaren arabera, ongarriak %40-50 garestitu dira Irango gerra hasi zenetik.

Noiz erabiltzen dira ongarriak?

Ereite garaian erabiltzen dira soilik, urtean bi hilabetez. Alde horretatik, nekazarientzat garai txarrean piztu da Irango gerra. Ipar hemisferioko nekazariak laster hasiko dira ereiten, udaberrian, eta gehienek ongarriak botako dizkiete landareei, lurra nutrientez hornitzeko eta uzta hobea jasotzeko. Gutxi gorabehera, ekoizpen kostu osoaren laurdena izan ohi dira ongarriak, eta dagoeneko nabarmen garestitu dira.

Zer ongarri erabiltzen dira gehien?

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, munduan erabiltzen diren ongarri guztien %59 nitrogenatuak dira. Eta horietatik, urea da gehien erabiltzen dena. Amoniakoaren eta karbono dioxidoaren arteko erreakzio bat da, tenperatura eta baldintza jakin batzuetan gertatzen dena, eta %46ko nitrogeno kontzentrazioa du; oso erraz disolbatzen da uretan. Fosforoa, potasioa, kaltzioa eta sufrea ere dezente erabiltzen dira beste hainbat ongarri lortzeko.

Nondik esportatzen dira batez ere?

Merkaturatzen den urearen ia erdia Ekialde Hurbiletik esportatzen dute, baita amoniakoaren %20 ere. Arabiar Emirerri Batuetatik, Qatartik, Saudi Arabiatik eta Irandik abiatzen dira urea esportazio guztien laurdenak. Kpler datu zentroak ohar bat igorri zuen joan den astean, eta adierazi gatazkaren ondorioz ongarria daramaten ontziak ez direla pasatzen Ormuzko pasabidetik. Zehaztu zuen 23 ontzi daudela pasatzeko zain, eta bakarra pasatu dela oraingoz, martxoaren 7an. Gainera, ongarri horiek ekoizteko lehengai ugari ere Ekialde Hurbiletik esportatzen dira: gas natural likidotuaren %20, esaterako.

Zer eragin izango du egoerak Europan?

EB Europako Batasunean erabiltzen diren ongarrien erdiak baino gutxixeago dira nitrogenatuak, %46 zehazki. Azken urteetan, kopurua apaldu egin da.  2022an, %75 murriztu zen ongarri horien ekoizpena, Ukrainako inbasioaren eraginez. Orduan, energiaren kostuak asko igo ziren, eta energia ez xahutzeko erabaki zen halako gai gutxiago ekoiztea. Ekoizpen hori ez da guztiz osatu oraindik.

Horrez gain, Copa-Cogeca EBko nekazari elkarteen eta kooperatiben erakundeak ohartarazi du ongarri nitrogenatuen inportazioek nabarmen egin dutela behera urte hasieraz geroztik. Aurreko hiru urteetan urtarrilean inportatutakoaren batez bestekoaren %17 inportatu da aurtengoan, eta otsailean, herena. «Eskasia kritikoa zen jada Irango gerraren aurretik», adierazi du erakundeak.

Hain justu, EBk zerga berezi bat ezarri zien kanpotik inportatzen diren ongarriei 2026ko urtarrilaren 1ean. Haren helburua da ongarri jasangarriagoei bide ematea, eta trabak jartzea kutsagarriak diren eta azpiegitura EBtik kanpo duten EBko industriei. Industria horietako askok ahalik eta inportazio gehien egin zituzten iazko urtearen amaieran, zerga berriari izkin egiteko.

BRITAIN PHOTO SET TRADITIONAL AGRICULTURE
Ongarriak etxalde baten kanpoaldean, artxiboko irudi batean. ADAM VAUGHAN / EFE

Ongarrien garestitzeak eraginik izango al du Euskal Herrian?

Litekeena da Euskal Herrian ere eragina izatea, bai jakien prezioan, bai nekazarien poltsikoetan. Sektoreko ekoizlerik handienei eragingo die gehien, eta, bereziki, zereala ekoizten dutenei, ongarri asko behar izaten baita horretarako. Nafarroan daude zereal ekoizle gehienak: 880.000 tona zereal bildu zituzten bertan iaz.

Horregatik, Nafarroako nekazarien UAGN sindikatuak Madrili eta Bruselari exijitu die neurriak har ditzatela: «Ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak zuzeneko laguntzak onartzea nekazarientzat, ekoizpen kostuak txikitu ahal izateko», adierazi zuen Felix Bariain sindikatuko presidenteak, joan den astean igorritako komunikatu batean. Erantsi zuen Europako Batzordeak ere esku hartu beharko lukeela, eta aurten ezarritako ongarrien zerga berrikusteko eskatu. Inportatzen diren ongarriei muga zerga guztiak kentzeko eta neurri horien indarraldia luzatzeko deia ere egin zuen, eta zera ohartarazi: «Ekoizpen kostuek igotzen jarraitzen badute, ondorioak igarri egingo dira erosketa saskiko jakien prezioan».

Hartu al dute neurririk?

Oraingoz, Europako Batzordeak ez du kendu urte hasieran aplikatzen hasitako emisioen gaineko zerga, baina beste neurri bat hartu du: muga zergak kentzea. Otsail amaieran iragarri zuen kendu egingo zizkiela ongarriak inportatzen zituzten herrialde guztiei, Errusiari eta Bielorrusiari izan ezik. Batzordearen kalkuluen arabera, ongarrien industriak eta nekazariek 60 milioi aurreztuko dituzte horrela. Espainiako Gobernuak ere iragarri du esku hartuko duela energiaren prezioan. Horrek modua eman dezake ongarrien prezioa apur bat apaltzeko, baina ez asko.

Ormuzko itsasartea irekitzen bada, jaitsiko al da ongarrien prezioa?

Hainbat adituren arabera, Ormuzko pasabidearen trafikoa bere onera itzultzen bada, petroliontziak pasatuko dira beste edozein ontzi baino lehenago, petrolioak eragin handia baitu herrialdeen ekonomian, eta ontzi horiek eskoltatzea ere planteatu izan dute. Ongarriak, aldiz, ez dira hain presazkoak herrialdeentzat, eta litekeena da halakoak garraiatzen dituzten ontziak itxaron-zerrendan geratzea. AEBek eta Txinak beren mugen barruan ekoizten dituzten erabiltzen dituzten ongarri gehien-gehienak; beraz, potentzia handienentzat ez da hain presazko auzia.

HELIOA ETA ALUMINIOA ERE ORMUZEN BLOKEATUta

Persiar golkoko herrialdeek asko esportatzen dute, oro har, eta, petrolioaz eta ongarriaz gain, beste produktu ugari ere Ormuzko pasabidetik ezin atera daude. Esaterako, Irango gerra hasi aurretik, munduko helioaren laurdena esportatzen zuten Persiar golkoko herrialdeek Ormuzen barrena. Munduan ekoizten den aluminioaren %9 ere herrialde horiek ekoizten dute.

 

Produktu horien prezioa garestitu egin da, eta gehiago igotzea espero dute. Adituen arabera, Qatarren ekoizten den helioak beste bi-hiru hilabete ematen baditu atera ezinda, litekeena da helioa %50 ere garestitzea. Izan ere, 45 egun irauten du helioak lurrundu baino lehen.

 

Helioa, hain zuzen, behar-beharrezkoa da txipak ekoizteko prozesuan, hozteko baliatzen baitute. Enpresa teknologikoak kezkatuta daude jada, eta litekeena da epe ertainera kontsumitzaileek ere kalteren bat nabaritzea. Hego Korean ekoizten da munduan ekoizten diren bost txipetatik bat, eta Samsung eta SK Hyni enpresek ohartarazi dute Qatartik jaso ohi duten heliorik gabe gehienez sei hilabetez eusten ahalko diotela ohiko ekoizpenari.

 

Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, %95 txikitu da Ormuzko pasabideko trafikoa. Lehen, gutxi gorabehera 125 ontzi pasatzen ziren egunean, eta, orain, bost bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA